LARUNBLAI: 4. mailakoen izen-ematea zabalik, 8 arte

November 6, 2017

Honen bidez, jakinarazi nahi dizuegu, aurten, LHko 4. mailakoei ere eskainiko zaiela Larunblain parte hartzeko aukera. Zuetako askok badakizue jada zer den: aisialdia oso garrantzitsua da haurren garapen pertsonalerako, sozialerako eta linguistikorako, eta Larunblai hiru alderdi horiek larunbatetan D ereduko neska-mutilekin lantzen dituen jarraipeneko aisialdi programa bat da.

Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen du Larunblai, Topagunea da kudeatzen duen erakundea, eta urte batzuk daramatza martxan Antsoainen eta Nafarroako beste zenbait herritan. Larunbatetan biltzen dira neska-mutilak 16:30-18:30era, eta, 4. mailakoen kasuan, aurreneko saioa azaroaren 11rako aurreikusia dago, Mendikale 8n.

Izen-ematea, azaroaren 8 arte

Izen-ematea zabalik duzue, azaroaren 8ko 14:00ak arte (asteazkena), 948 012012 telefonoan (plazak baino eskaera gehiago jasoko bagenitu, zozketa egin beharko genuke).

Matrikula

8tik aurrera, mail bidez, plazarik baduzuen baieztatu eta matrikula nola egin behar duzuen azalduko dizuegu (ikasturteko matrikula 75 eurokoa izanen da).

Gurasoen bilera, 9an

Bestalde, azaroaren 9an bilera eginen dugu plaza duten neska-mutilen gurasoekin Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 16:45ean. Informazioa emanen da, urteko helburuei, egutegiei, gurasoekin komunikatzeko bideei eta jarduerei buruz.

Edonola ere, inork lehenago argibiderik behar izanez gero, bihar, azaroaren 3an 16:45ean Udaletxeko osoko bilkuren aretora etor daiteke. Bertan egonen gara, Larunblaiko 5. eta 6. mailako gurasoekin, eta zuen zalantzak ere argituko dira bertan.

Besterik gabe, jaso ezazue gure agurrik beroena.

Compartir en las redes sociales

<< atzera