Herritarren elkarte eta entitateen udal erregistroa

Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroaren xedea da Udalari bide ematea udalerrian diren entitateen kopurua, motak, xedeak, ordezkaritza eta eragina ezagutzeko, hiriko elkarte sarea sendotzen lagunduko duen udal politika egokia antolatze aldera. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroak ez du loturarik Elkarteen Erregistro Orokorrarekin. Beraz, entitate edo erakunde bat bigarren horretan inskribatzeak ez du erran nahi lehenengoan inskribatzen denik, eta alderantziz. Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko datuak nornahik ikus ditzake.

Erregistroan inskribatzea

Erregistroan inskribatzen ahalko dira irabazteko asmorik gabeko herritarren elkarte eta entitateak, baldin eta haien xedea udalerriaren interes orokor edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetzea bada; batez ere, auzoen elkarteak, aita eta amen elkarteak, kultura, kirol eta josteta elkarteak, gazteen elkarteak, sindikatu, enpresa eta lanbide elkarteak, eta Antsoaingo lurralde eremuan diharduten gisako entitate guztiak.

Inskribatzeko prozedura.

Inskripzioa egin nahi duten herritarren elkarte eta entitateek eskaera aurkeztu beharko dute Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorrean, ondoko agiriak erantsita:

1. Estatutuen kopia eta elkartearen eratze dataren ziurtagiria.

2. Elkarteen Erregistro Orokorreko eta bertzelako erregistro publikoetako inskripzio zenbakiak. http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/3548/Registro-de-Asociaciones-

3. Zuzendaritza karguetan dauden pertsonak izendatzeko onetsi eta batzarretako aktetan jaso ziren erabakien hitzez hitzeko ziurtagiriak, kargudunen izenekin.

4. Helbidea.

5. Urteko aurrekontua.

6. Urte horretako jardueren egitaraua.

7. Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

Antsoaingo Udaleko Idazkaritza orokorrak behar diren egiaztapenak eginen ditu elkartea inskribatzeko; erregistroa eskatzen denetik hasi eta hamabortz egun balioduneko epean inskripzio zenbakia jakinarazi beharko dio elkarte interesdunari. Epe hori eteten ahalko da, elkarteari agiri gehiago eskatu behar bazaizkio hasieran aurkeztutakoez gainera. Elkarteak, ematen zaion epean, eskatutako datuak aurkezten ez baditu, inskribatzeko asmoa bertan behera utzi duela ulertuko da.

Arestian aipatutako hamabortz egun balioduneko epean elkarte eskatzailearen inskribatzeko eskaerari erantzuten ez bazaio, inskripzioa egintzat joko da, baldin eta elkarteak aitzineko artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztuak baditu.

Interes edo onura publikoaren deklarazioa.

Elkarte inskribatuek udalerriaren interes edo onura publikoko elkarte deklaratu ditzatela eskatzen ahalko dute, baldin eta haien xede soziala eta egiten dituzten jarduerak altruistak eta udal eskumenen osagarriak badira. Udalak, osoko bilkuran, erabakiko du deklarazio hori eman edo ukatzea, zerbitzu tekniko eskudunek txostena egin ondoren. Deklarazio hori beharrezkoa izanen da ezartzen ahal diren onurak lortzeko. Izan daitezkeen onurak aplikatzeko den araudiaren eta kasuan kasuko ordenantzen araberakoak izanen dira.

Hona elkarteak udalerriaren onura publikokoak deklaratuak izateko prozedura eta tramitaziorako behar diren agiriak:

-Eskabidea, alkate udalburuari zuzendua.

-Izendapen hori onartzeko bidea ematen duren arrazoien azalpena.

-Udalbatzako idazkariak luzaturiko ziurtagiria, Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroko inskripzio datuak jasotzen dituena.

-Entitateko lehendakari eta idazkariaren zinpeko aitorpena, udalerriaren onura publikoa eskatzeko tenoreko kide kopurua egiaztatzen duena.

-Eskabidearen aitzin urtean egindako jarduketen memoria.

-Inskripzio zenbakiaren ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan.

-Espedientea baloratzeko beharrezkotzat jotzen den bertze edozein agiri.

Herritarren elkarte eta entitate inskribatuen betebeharrak.

Herritarren elkarte eta entitate inskribatuek Herritarren Elkarte eta Entitateen Antsoaingo Udal Erregistroan jakinarazi beharko dituzte beren inskripzio datuen aldaketa guztiak, gertatzen diren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Urtean behin, urtarrilean, erregistroa kudeatzeko ardura duen unitateak eskatuta, herritarren elkarte eta entitateek, memoria labur baten bidez, urteko jardueren programa eta aurrekontua aurkeztuko dituzte. Halaber, eskatzen zaizkien erregistro-datu eguneratu guztiak emanen dituzte.

Herritarren elkarte eta entitateek erantzukizuna izanen dute udal instalazioen erabilerarengatik eta haietan eragiten ahal dituzten kalteengatik.

Betebehar horiek bete ezean, behar den espedientea tramitatu ondotik, herritarren elkarte edo entitatea erregistrotik kentzen ahalko da. Horrek erregelamendu honetan jasotako eskubideak galtzea ekarriko du.