Destacados en portada



Gainera, 4 aurrekontu-aldaketa onartu dira, 2021ean herrian egindako inbertsio osoa 863.456 €-ra igotzeko.

Antsoaingo Udaleko osoko bilkurak Hiriko Mugikortasun Iraunkorraren Plana onartu du, gobernu taldea osatzen duten taldeen aldeko botoekin. Dokumentu hau herria planifikatzeko eta diseinatzeko tresna bat da, mugikortasunari, azpiegiturei eta garraioari dagokienez. Planaren abiapuntua egungo egoeraren diagnostikoa da, eta epe labur, ertain eta luzerako neurriak dituen ekintza-plan bat aurkezten du. Herria hobetzeko jarduketak proposatzen ditu, irisgarritasun unibertsalaren, berdintasunaren, genero-ikuspegiaren, belaunaldien arteko arrakalaren prebentzioaren, ingurumena zaintzearen eta isuri kutsatzaileen murrizketaren ikuspegitik, Antsoainen osasuna hobetzeko helburu nagusiarekin.

Zehazki, ekintza-planak oinezkoen mugikortasunaren, bizikleten, garraio publikoaren, ibilgailu pribatuaren, espazio publikoaren edo ingurumen-kalitatearen arloko helburuak jorratzen ditu. 15 helburu eta dagozkien neurriak. Horiek guztiak kontuan hartu beharko dira herriak etorkizunerako planteatzen dituen jardueretan. Plana gauzatzeko, herritarren, hezkuntza-komunitatearen, udal-teknikarien eta udalerriko talde politikoen parte-hartzea izan da kontuan.

Bilkura berean, 4 aurrekontu-aldaketa berri onartu dira. Horiek aukera emango dute kirol anitzeko gune bat izateko Harrobi inguruan, mantentze-zerbitzua erabiltzen ari den kamioia berritzeko, Rafael Alberti plazako haur-parkerako estalkia jartzeko eta, azkenik, Ezkaba mendiko pasealekurako sarbidea hobetzeko. Zehazki, eskalinata bat egin nahi da Divina Pastoraren amaierako pasabidea eta antzinako herriarekin lotzen duen bidea lotzeko. Onartutako aldaketen batura 283.700 €-koa da guztira.

Halaber, bikote egonkorren erregistroa arautzen duen ordenantza indargabetzea onartu da, Nafarroako bikote egonkorren erregistro bakarra arautzen duen foru dekretua onartzearen ondorioz. Dekretua garatzeko foru agindua onartu eta udalak araudi berriarekin bikoteen inskripzioari berriro ekin ahal izateko zain daude.

Azkenik, udal barruti osoan telekomunikazio-antenak instalatzeko lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpenen izapideak etetea erabaki du osoko bilkurak. Helburua da gaia udal-planaren eraikuntza-ordenantzan arautzea eta antenen instalazio berriak etorkizuneko aldaketa horretan jasotzen diren irizpideen arabera egitea.

Prentsa Oharra 2021 08 25[1953]