Ayuntamiento de Ansoáin / Antsoaingo Udala

2023ko abuztuak 31

Antsoainek Baso-Suteen Aurkako Plana prestatu du

Foto noticia

Antsoaingo Udalak aho batez onartu du Baso-Suteen Aurkako Plana (PAMIF), udalerria Nafarroako Foru Erkidegoko Baso-Suteetarako Babes Zibileko Plan Bereziak ezarritako arrisku handiko 85 eremuetako batean sartzeak bultzatuta. Gaurko udalbatzarrean beste puntu batzuk ere onartu dira, hala nola Iruñeko Udalarekin hitzarmen bat egitea datozen jaietan Udaltzaingoaren zerbitzua indartu ahal izateko eta “Euskara Merkataritzara” programan parte hartzen duten udalen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea.

Baso-Suteen Aurkako Planak, Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzuaren aldeko txostena izanik, udalerriaren arriskua eta kalteberatasunaren osagai nagusiak aztertzen ditu eta udalerrian dauden funtsezko zerbitzu publikoak identifikatzen ditu, bai eta kirol-, hezkuntza- eta osasun-instalazioak ere, zein pertsona ugari biltzea eta modu zehatz batean kontuan hartu beharreko egoerak sortzea eragin ditzaketen beste instalazio batzuk.

Gainera, modu zehatzean jasotzen dira baso-suteen kasuan jarduteko eskuragai dauden baliabide materialak, giza baliabideak eta sua itzaltzen laguntzeko azpiegiturak (komunikabideak, ur-harguneak…), eta baita urruntze- edo ebakuazio-kasuetan herritarrak elkartzeko, konfinatzeko eta artatzeko guneen identifikazioa ere.

Azkenik, Planak udalerriko hiri-inguruneen babesa hobetzeko hartu beharreko egiturazko neurrien azterketa jasotzen du, hainbat neurri proposatuz, hala nola ur-hargune berriak ezartzea eta seinalatzea, irteerarik gabeko bideak eta pistak identifikatzea eta seinalatzea, landaredia eta interfaze-eremuak mantentzeko lanetan parte hartzen duten pertsonen ekipamendurako materialak erostea eta urtero, arrisku-garaia hasi aurretik, berrikusi beharreko kontrol-zerrenda bat prestatzea.

Gogoratu behar da Antsoainek iaz sute txiki bat jasan zuela Ezkaba mendian, abandonatutako ermita batean sortutakoa.

Jaietan udaltzaingoa indartzea

Hurrengo jaietan, hilaren 14tik 17ra bitartean, udaltzaingoaren zerbitzua indartzeko beharraren aurrean, udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du Iruñeko Udalarekin, azken honek egun horietan Udaltzaingoaren zerbitzua eskaini dezan. Akordio horren arabera eta herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena emateko, herriko udaltzain-taldea Iruñeko udaltzaingoko bi agenterekin indartu egingo da. Puntu hau aho batez onartu da.

 

Merkataritzan euskara sustatzea

Bestalde, udalbatzak herriak “Euskara Merkataritzara/Euskera en el Comercio” programan duen partaidetza berritzea erabaki du, parte-hartzen duten gainerako udalekin hitzarmen bat sinatuz programa herri ezberdinetan garatuko duen enpresa bat kontratatzeko.

Programak udalerri parte-hartzaileetako era guztietako saltokiei euskara erabiltzeko baliabide eta materialak eskaintzen dizkie. Parte-hartzea doakoa, borondatezkoa eta irekia da. Antsoaingo Udalak jarduera honetan parte hartuz lortu nahi duen helburua herritarrei euskararen erabilera eremu guztietan erraztea, sustatzea eta normalizatzea da.

Beste akordio batzuk

Amaitzeko, gaur burututako udalbatzarrean hainbat aurrekontu aldaketa onartu dira honako proiektu hauetarako: jaietako 100 argi berritzea, azpiegitura berde bat osatzeko plana garatzea eta Ezkaba ikastetxe publikoaren teilatuan autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzea.

Arduraldi eta ordainsarien aldaketari buruzko atala, zinegotzi baten arduraldi esklusiboa eta udalbatzarretara, Tokiko Gobernu Batzarretara eta Informazio Batzordeetako lehendakaritzetara joateagatik esleitutako erregimena biltzen zituena, beste batzar batean eztabaidatuko da.

NOTICIAS RELACIONADAS

Imagen Gabonetako tailerrak euskaraz

Gabonetako tailerrak euskaraz

Udal Euskara Zerbitzuak Dindaia Fundazioarekin elkarlanean antolatutako ekimen honen helburua haurrak eskolatik kanpo euskaraz disfrutatzeko guneak sortzea da. Gabonetako tai...

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba