Udaberri honetan, Antsoaingo Udaleko Euskara zerbitzuak euskaraz gauzatutako jardueren ziklo bat antolatu du. “Euskararen Udaberria” herrian hizkuntza horren erabilera bultzatzeko eta zabaltzeko asmoa duen ekimena da. Euskara protagonista izango den espazio bat eskaini eta hizkuntzaren erabilera testuinguru ezberdinetara zabaltzeko helburuarekin, programak herritar guztien parte-hartzea bilatzen du, hiztun euskaldunak zein euskara eta bere errealitateari buruz gehiago jakin nahi duten pertsonak inplikatuz.
Zikloak apirilaren 29tik maiatzaren 11ra arte iraungo du eta publiko guztiei zuzendutako jarduera ugari eskainiko ditu: hitzaldiak, liburu aurkezpenak, euskarazko film laburren emanaldiak, bertso-afariak eta azken ospakizun handi bat. Maiatzaren 10ean antolatuko den afarian Amets Arzallus, Saioa Alkaiza eta Sustrai Colina bezalako bertsolari ezagunek parte hartuko dute, eta maiatzaren 11 ekitaldiz beterik egongo da. Egunari amaiera emateko, “Beietz” taldeak folk kontzertu bat emango du.
Zikloaren egun nagusian, maiatzaren 11n, adin eta gustu guztietarako jarduerak eskainiko dira, hala nola kalejira bat erraldoi eta buruhandien konpartsarekin, karrika-dantza Lapurbide plazan, kaldereteak eta bazkari autogestionatua Harrobi Gazte Zentroan. Bazkarian parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, 012 zenbakira deituz.
Xabier Lasak, udaleko euskara teknikariak, adierazi duen bezala, “herritarren parte-hartze zabala izatea gustatuko litzaiguke eta Antsoaingo euskaldunei jardueretan modu masiboan parte hartzeko gonbita egiten diegu, euskararekin duten konpromisoa ager dezaten”.