Antsoaingo Udalak Azpiegitura Berdearen Planaren eta Hirigintza Berritzailearen Proiektuaren eraikuntza-lanei hasiera eman die, herria eredu jasangarriago, inklusiboago eta irisgarriago baterantz hurbiltzeko asmoarekin. 264.231 euroko aurrekontu orokorraz baliatuz, abenduaren amaieran hasi ziren lanak apirilera arte garatuko dira, eta batera eginen dira baliabideak optimizatu eta inpaktuak murrizteko.
Azpiegitura berdearekin lotutako esku-hartzeen artean, nabarmentzekoa da Mendikalen egindako lana. Bertan, Lapurbide eta Noain Anaiak kaleen arteko bidegurutzean, plataforma bakar batean pertsonen eta ibilgailuen arteko bide partekatu bat sortzea planteatzen da. Ikuspegi berritzaile horren helburua iragaitzazko trafikoa murriztea, bide-segurtasuna indartzea, eta Zelaia eta Lapurbide parkeen arteko oinezkoentzako konexioa hobetzea da. Era berean, eskolarako bidea eta beste zerbitzu publiko batzuetara iristeko bideak hobetu nahi dira, hala nola musika-eskolara, kirol-instalazioetara edo udaletxera doazenak. Ikuspegi berritzaile horren helburua kale horretatik igarotzen diren edo aparkalekua bilatzen duten ibilgailuen trafikoa murriztea da, herritarrei segurtasun eta bizi-kalitate handiagoa eskainiz. Gainera, Mendikale eta Noain Anaiak kaleen elkargunean eta Harrobi kalean ere aldaketak eginen dira, bide-segurtasunean eta irisgarritasunean hobekuntzak ekarriko dituen hirigintza-plan berritzaile baten markoan.
Antsoaingo Azpiegitura Berdearen Plana 2023an garatu zen, hirigintzaren arloan ekintza berritzaileak bultzatzeko tokiko erakundeek jasotzen dituzten dirulaguntzen programari esker. Planaren helburua natura hiri-eremuan integratzea da, ekosistemen erresilientzia hobetuz eta gizarteari askotariko zerbitzu ekosistemikoak eskainiz. Azpiegitura berde hori, besteak beste, espazio natural eta erdi-naturalen, parkeen, lorategien, korridore berdeen eta hiri-baratzen arteko sare bat izanen da. Xedea ingurune naturala, landa-ingurunea eta hiri-ingurunea elkarren artean lotzea da, eremuko airearen kalitatea, biodibertsitatea eta erosotasun termikoa hobetuz eta, aldi berean, mugikortasun jasangarria sustatuz.
Oinezkoei eta mugikortasun jasangarriari lehentasuna emanen dien korridore berdea
Proiektuaren helburu nagusietako bat Arga ibaiaren parkea Ezkaba mendiarekin lotzen duen korridore berde bat sortzea da, Berriobeiti, Berriozar eta Larrazko kaleetatik igaroz. Hasierako fasean, ekialde-mendebaldean kokatutako korridorearen atal bat eraikiko da, Zelaia parkea Udaletxe plazarekin lotuko dituena, hainbat elementu integratuz, hala nola drainatze jasangarriko hiri sistemak (SUDS) edo tamaina handiko zuhaitzen landaketa, itzalguneak sortu eta bero uhartearen efektua murrizteko. Lan horrek, era berean, hurrengo berrikuntzak barne hartzen ditu: dagoeneko herrian dauden zuhaitzen hobekuntza, txorko jarraituen sorrera eta SUDS zentral baten instalazioa Noain Anaiak kalean, euri-ura bildu eta zuhaitz-espezieen hazkundea erraztuko duena.
Horrez gain, proiektuak mugikortasunaren hobekuntza aintzat hartuko du, oinezkoei ibilgailuen aurretik lehentasuna emanez eta eskola-bide seguru bat sortuz. Horretarako, zuzkidura-eraikinetatik gertu dauden eremuak oinezkoentzat egokituko dira. Halaber, oztopo arkitektonikoak desagerrarazi eta sarbide-ibilbideak hobetuko dira, herritarrentzako espazio eroso eta berdeak eraikiz. Noain Anaiak kaleko esku-hartzei dagokienez, ibilgailuentzako bi erreietako bat kendu eta oinezkoentzako eremuak handituko dira, trafikoa baretzea eta ingurune seguruago eta irisgarriago bat eskaintzea posible eginen duena. Ibilgailuen abiadura murrizteko elementuak ere instalatuko dira, hala nola oinezkoen pasabideetan galtzada altxatzea eta oinezkoentzako lehentasuneko plataforma bakarrak sortzea.
Aldi berean, Harrobi kaleko bidegurutzean hobekuntzak eginen dira, 31 eta 33 zenbakien alboan, hau da, tokiko mugikortasun-sarearen funtsezko puntu batean. Kasu horretan, esku-hartzea integrala izanen da, bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, eremuaren diseinuan ekologia eta jasangarritasuna integratzea bilatuz, eta hiri-eremuaren erresilientzia indartuz. Proiektu hau hirigintzaren arloan ekintza berritzaileak bultzatzeko tokiko erakundeek jasotzen dituzten dirulaguntzen barruan sartzen da.
Amaitzeko, Noain Anaiak kalean, Zelaia parkea eta Lapurbide plaza lotzen dituen oinezkoen pasabidetik gertu, komun autogarbitzaile bat instalatuko da, 57.000 euroko aurrekontuarekin, Udalak herritarrentzat hiri-zerbitzu irisgarriak eta kalitatezkoak eskaintzeko duen konpromisoarekin bat eginez.