Ayuntamiento de Ansoáin / Antsoaingo Udala

2020eko uztailak 2

Antsoaingo 2020ko Jaiak ofizialki bertan behera geratzen dira

Foto noticia

Antsoaingo jaiak urteko unerik berezienetakoa dira antsoaindarrentzat, eta ilusio handiz espero dira herri gisa, kale eta plazetan denok batera ospatzeko uneak baitira. Bizilagunon kohesiorako eta herri-identitaterako garrantzia dute jaiek, hain zuzen ere auzotar guztiok elkarrekin ospatzen ditugulako toki berberetan.

Aurten baina, COVID 19k sortutako egoera dela eta, zaila da jaiak jende guztiaren segurtasuna bermatuz ospatu ahal izatea. Hori dela eta, azken asteetan, Udalak bilerak egin ditu ordezkaritza politikoekin, elkarteekin eta udalerriko kolektiboekin, ospakizunetan osasun-segurtasuna bermatzeko zailtasunari buruzko ikuspegia partekatzeko.

Horri Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoaren Institutuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ekainaren hasieran emandako gomendioa ere gehitu behar zaio: 2020. urtean jaiak bertan behera uztea gomendatu zuten, izan ere, Covid-19ren ezaugarriak direla eta, pandemia berrager liteke, birusaren zirkulazioa berriro aktibatu baitaiteke.

Horregatik eta herritarrenganako erantzukizunagatik, Antsoaingo 2020ko Jaiak ofizialki bertan behera geratzen direla jakinarazi behar dugu.

Eskerrik beroena bidali nahi diegu elkarteei eta taldeei, gure herriko jaien funtsezko elementua izanik, egoera honen aurrean erakutsi duten erantzukizunagatik; eta herritar guztiei ere eskerrak ematen dizkiegu, erabakia ulertzeagatik.

Bestalde, jakitun gara erabaki horrek zein ondorio ekarriko dizkien eragina jasanen duten sektoreei (ostalaritza, merkataritza, artistak, etab.), eta, ahal den neurrian ondorioak arintzeko, elkarrekin lanean jarraitzeko erabaki irmoa dugula adierazten dugu.

Azkenik, egoera honetatik irteteko bidea batera eta adostasunez egin dadin lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula jakinarazten dugu; eta, horrekin batera, laster berriz ere elkartzeko, partekatzeko, gozatzeko eta jaiak elkarrekin bizitzeko nahia dugula adierazi nahi genizueke.

 

 

Ander Andoni Oroz Casimiro

Facebook
Twitter
Volver arriba