Ayuntamiento de Ansoáin / Antsoaingo Udala

2021eko ekainak 28

Antsoaingo Udalaren adierazpen instituzionala: ekainak 28, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Foto noticia

ANTSOAINGO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, TALDE POLITIKO GUZTIEK AHO BATEZ ONARTUA

EKAINAK 28, LGTBI HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

52 urte joan dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual nahiz trabestiak, poliziaren etenik gabeko jazarpenari eta xantaiari aurre egiteko matxinatu zirenetik. Data hori mugarri bihurtu zen LGTBI pertsonen borrokan, eta, Stonewalleko gertakariez geroztik, ekainaren 28an, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta lorpenak ospatzeko eguna da, baina baita eskubideen eremuan aurrera egiten jarraitzeko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere; eskubide berberak dituzten pertsona askez osaturiko gizartea lortzeko, sexu desioaren orientazioagatiko edo genero identitateagatiko bereizkeriarik gabe.

Urtebete baino gehiago igaro da pandemiak gure bizitzak gogor astindu zituenetik. Informazio eta datu askoren arabera, jada badakigu itxialdiak LGTBI pertsonen aurkako diskriminazio-maila handiagoak ekarri dituela, izan ere, haien eskubideak bermatu beharrean, urratu egin zaizkie, zaurgarritasun bereziko testuinguru batean. Are gehiago, krisi sozioekonomiko larria ate joka dugun honetan, gorroto diskurtsoak, erasoak bezalaxe, gordintzen ari dira, LGTBI pertsona askoren bizi baldintza orokorrak kaskartzen eta okertzen ari diren bitartean. 

Batez ere, bereziki zaurgarriak diren kolektiboekin gertatzen ari da, hala nola Trans pertsonak, egoera administratibo irregularrean daudenak, arrazializatuak, ez binarioak, etab; eta bereziki kezkagarria da Trans pertsonen aurkako gorroto diskurtsoak ugaritzea. Pandemiak agerian utzi du hauskorrak direla eskubideen inguruan egindako aurrerapenak eta kolektiboen nahiz ekintzaileen urtetako borroka neketsuari esker lortutako guztia; bistan geratzen ari da lorpenak galtzea edo atzera egitea oso erraza dela. 

Orain, osasun krisitik ateratzen ari gara eta “normaltasun” desiragarri hartara itzultzearen diskurtsoak gailentzen ari dira. Normaltasun horrek, ordea, baztertuta bizitzen jarraitzea dakar ordena sozialean mendeko egoeran daudenentzat, bazterretan daudenentzat, beren eskubideak egikaritu ezin dituztenentzat edo galdu dituztenentzat.

Krisi une honetan, inoiz baino gehiago konprometitu behar gara, konpromisorik gabeko adierazpen hutsak baztertuz. Pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu erakundeok, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienen eskubideak betetzea. Errespetu handiagoko gizartea bideratuko duten politika eraldatzaileak bermatu behar ditugu, bidezkoagoa, duinagoa eta askeagoa den gizartea lortzeko. Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi du. Adierazpenetatik haratago, politika zehatzetan islatu behar da gure konpromisoa, mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu behar diren politikak.

Horregatik, Udal honek konpromiso hauek hartzen ditu:

1) LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeriari arreta eta erantzun publiko instituzionala ematea.

2) Haurrak eta nerabeak sentsibilizatzeko neurriak ezartzea, sexu-aniztasuna, -orientazioa eta -identitatea lantzen dituzten hezkidetza prozesuen bidez. Ezinbesteko jotzen dugu Nafarroako Gobernuak hezkidetzaren aldeko apustuarekin jarraitzea, derrigorrezko hezkuntza eredu gisa, diru publikoz sostengatutako ikastetxe guztietan.

3) LGTBI+ errealitateari eta sexu edota genero aniztasunari buruzko prestakuntzan sakontzea edo langile publikoei nahiz politikariei zuzendutako prozesuak sustatzea, batez ere, jendeari arreta emateari, gizarte esparruari eta hezkuntzari begira. 

4) Arretarako, informaziorako, prestakuntzarako eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatzea, gure herria bere adierazpen guztietan sexu aniztasunerako gune seguru bihur dadin, 8/2017 Foru Legeak jasotzen duen bezala.

5) Zeharka, LGTBI+ kolektiboekin, Erkidegoko feministekin eta adituekin elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko espazioak gaitzea, identifikatutako ekintza guztien diseinua, jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Era berean, dei egiten diegu herritarrei LGTBI+ eta feminista mugimenduek gure herrian eta Nafarroako hainbat lekutan deitutako ekintzetan parte hartzera.

Antsoainen, 2021eko ekainaren 28an.

Facebook
Twitter
Volver arriba