Joan den urriaren 30a, asteazkena, Antsoaingo Udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu zuen hainbat Autonomi Erkidegoetako eskualdeak zigortu dituen DANA suntsitzaileari buruz. Adierazpenean honako puntu hauek biltzen dira:
- Antsoaingo Udalak elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie kaltetutako eremuei, DANAren hondamendiak zigortu dituen autonomia-erkidego horiei.
- Antsoaingo Udalak doluminak, min sakona eta babesa helarazi nahi dizkie hildakoen familiei eta hurbileko lagunei.
- Antsoaingo Udalak ahalik lasterren sendatzea opa die zaurituei eta biziki sentitzen ditu gertatutako hondamen materialaren kalteak; eta une latz hauetan laguntzeko eman ditzakeen baliabide material guztiak eskaini nahi dizkie kaltetuei.
- Antsoaingo Udalak bere elkartasuna eta babesa erakusten dizkie, autonomi erkidego horietako eskualde batzuk zigortu dituen hondamen horren aurrean eskuzabaltasunez lanean ari diren lagun guztiei.
- Antsoaingo Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio laguntza eta kooperazioa eman ditzala baliabide humano, material eta ekonomikoak bidaliz, sorospen azkar eta eraginkorra lortzeko uholdeek kaltetutako lurraldeetan. Egoeraren larritasunak ahalegin bateratua eskatzen du, eskualde kaltetuenetako bizilagunei etxeak berreraikitzea eta eguneroko bizitza berreskuratzea ahalbidetzeko.
- Antsoaingo Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio behar den makineria martxan jarri eta erraztu dezala lurralde horietan DANAk jotako populazioari laguntza ekonomikoak emateko.
Kasik aste bat iragan ondoren, Antsoaingo Udalak berretsi egiten du hartutako konpromisoa laguntza-baliabide materialak behar dutenen eskura jartzeko, eta Espainiako Gobernuari eskatzeko behar diren laguntza ekonomikoak bidera ditzala egoera honi aurre egiteko.
Hiritarren interesa eskertzen dugu, gure herrian ere galdetzen baitute nola lagun dezaketen egoeraren aurrean, eta harremanetan jarri gara askotariko materiala biltzeko Antsoaingo Parrokiatik eta Ezkaba Ikastetxe Publikotik abiatu dituzten jardueretan laguntzeko. Helburua da koordinazio egokia bermatzea eta gure udal baliabideak eskaintzea lan horretan.
Halaber, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan ari gara Antsoaingo Udaltzainek eta beste udal langileek parte har dezaten, boluntario gisa, hurrengo egun eta asteetan sortuko diren beharrei aurre egiten koordinatzeko.
Bukatzeko, gure hiritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu larrialdi honen aurrean eman duten erantzun azkar eta/edo antolatuagatik, jakinik normaltasuna berreskuratzea ez dela aste batzuetan erdietsiko; eta azpimarratu nahi dugu garrantzia handia duela toki kaltetuetako instituzioetatik, udaletatik eta beste estamentu batzuetatik iristarazten dizkiguten mezuak, modu koordinatu eta antolatu batez lan egin dezagun eta laguntza materiala modu eraginkor batez bidera dezagun, egiazko beharrei erantzunez.