Eee… euskara! Argi dago!

Argi dago!¡Está claro! Euskara
¡ Está claro ! Argi dago (1.80 Mb)
2016-17 ikasturtea
Nafarroako udal eta toki entitateetako euskara zerbitzuek abian jarri dute nafar guztiak euskara ikastera bultzatzea helburu duen kanpaina.
“Argi dago” izenburu izanik, aurtengo kanpainan telebista-lehiaketa bat agertzen da, eta bertan parte hartzen dutenek hitz batzuk asmatu behar dituzte, euskarari hertsiki lotuak guztiak: gozamena, hurbiltasuna, praktikotasuna, transmisioa, balioa, sozializazioa. Hitz horiek guztiak esaldi berean elkartuta, euskararen definizio hau osatzen ahal dugu: “Euskara balioez zein onurez beteta dagoen zerbait da, hurbila, gozoa eta praktikoa; haurtzaroan —transmisioaren bidez— edo helduaroan jasotzen da; konplizitateak, emozioak eta sentimendu positiboak eragiten ditu; eta, erabiliz gero, aukera ematen digu gozamena eta poza sentitzeko eta gure sozializazioa errazteko”
Euskara ingurune hurbilenean daukagu; jende askorentzat komunikatzeko, afektibitatea adierazteko, harremanak izateko eta gozatzeko bidea da; hiztunen komunitate dinamikoa, aktiboa eta dibertigarria egituratzen du; gure seme-alabei transmititzen ahal diegun ondarea da; eta balio erantsi handia du lan esparruan.
Pertsonaren sozializazioa ez da lehendabiziko urteetan bukatzen, aitzitik, bizitza osoa barne hartzen duen prozesua da. Horregatik, hain zuzen, euskarak balio handia du aukerez beteta dagoen egungo gizarte dinamiko eta aldakor honetan. Euskara belaunaldi eta adinen arteko zubia da jada, eta, beraz, ikasteak onura ugari ekarriko dizkigu.
Nafarroako euskaltegiek, urte askotako esperientzia izateaz gain, metodologia garatua eta anitza ere erabiltzen dute. Era berean, euskara ikasteko modalitate eta aukera asko eskaintzen dituzte, presentzialak nahiz autoikaskuntzakoak, eta jendearen erritmora eta beharretara egokitzeko malgutasun osoz lan egiten dute.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek euskara ikasteko komunitatean sartzera animatzen zaituzte. Lehenengoz abiatzen denak bide zoragarria topatuko du, eta erdizka korritu duenak denbora gutxian menperatu ahal izanen du euskara; praktikoa eta etorkizunez betea.
Antolatzaileak:
Udalak/Ayuntamientos: Agoitz/Aoiz, Antsoain/Ansoáin, Aranguren, Artzibar/Valle de Arce, Atarrabia/Villava, Auritz/Burguete, Barañain, Basaburua, Berriobeiti/Berrioplano,
Berriozar, Burlata/Burlada, Eguesibar/Valle de Egüés, Erroibar/Valle de Erro, Esteribar,
Etxauri, Galar, Gares/Puente La Reina, Imotz, Lizarra/Estella, Luzaide/Valcarlos, Odieta,
Oltza Zendea/Cendea de Olza, Orkoien, Tafalla, Uharte/Huarte, Ultzama, Zizur Nagusia/Zizur Mayor.
Mankomunitateak/Mancomunidades: Sakana, Iranzu/Irantzu.
Batzorde Nagusiak/Juntas Generales: Aezkoa, Erronkari/Roncal, Zaraitzu/Salazar.
Laguntzaileak:
Helduak euskalduntzeko kanpainaren laguntzaileak: AEK, IKA, Hizkuntza Eskola, Zubiarte euskaltegi publikoa, Euskarabidea eta Nafarroako Gobernua.