Antsoaingo kaleetan jokabide zibikoa sustatzeko eta elkarbizitza hobetzeko ahaleginean, udalak kanpaina bat abiarazi du txakurrekin bizi diren pertsonak txakurren aisialdirako guneak erabili eta gorotzak jaso eta garbitzeko garrantziaz kontzientziatzeko.
Udalak aurreikusita zuen ekimena da eta, herriko bizilagun baten eskaeraren ondorioz, orain bultzatzea erabaki da.
Kanpainaren ikuspuntu positiboa eta esker onekoa nabarmentzekoa da. Izan ere, erabaki arduratsuak hartzen dituzten pertsonak goraipatzen ditu, hala egiten ez dutenei parte-hartze aktiboa izatera animatuz.
Horretarako, bi kartel diseinatu dira, neska baten eta gurpildun-aulkia erabiltzen duen pertsona baten irudiekin, txakurren gorotzen ondorio kaltegarriak gehien jasaten dituzten pertsonak nortzuk diren azpimarratzeko. Antsoaingo zerbitzu-, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduek kanpainarekin bat egin dute, kartelak erakusleihoetan jarriz. Horrez gain, irudia sare sozialetan partekatzeko egokitua izan da.
Marta Diez Napal alkateak herritarren eta maskoten arteko elkarbizitza orekatua sustatzearen garrantzia azpimarratu du. Bere hitzetan, “kanpaina honen helburua txakurrekin bizi diren pertsona guztiei ingurunea zaintzea eta partekatutako espazioa errespetatzearen garrantziaz oroitaraztea da. Jadanik errespetuz jokatzen dutenei eskerrak eman nahi dizkiegu eta beste pertsona batzuk haien eredua jarraitzera motibatu”.
Kartelek Antsoainen dauden txakurren aisialdirako hiru guneak erabiltzeko beharra azpimarratzen dute, usain txarrak eta hiriaren azpiegiturari egindako kalteak saihesteko. Gainera, gorotzak biltzeko eta txiza garbitzeko betebeharraz oroitarazten dute, kaleak guztientzako garbi eta seguru mantendu daitezen.
Guztira, Antsoainen 922 txakur daude erroldatuta. Udal ordenantzak salaketak ezartzen ditu txakurrak kaletik solte eramateagatik eta gorozkiak bertan uzteagatik. Isun horiek 300 euro artekoak izan daitezke.