Ayuntamiento de Ansoáin / Antsoaingo Udala

2023ko irailak 7

Ezkaba Abesbatzak botako du Antsoaingo jaietako txupinazoa

Foto noticia

Ezkaba Abesbatzak Antsoaingo jaietako txupinazoa botako du hilaren 14an, Udalak deitutako herri-bozketan babes gehien eskuratu duen hautagaitza izan ondoren. Beste hautagaiak Juan Martín Mundiñano Garciandía eta Erregional Preferente mailako Gazte Berriak futbol taldea ziren.

Marta Diez Napal alkateak eta Miguel Ángel Arbizu Marturet zinegotziak, jaietan parte hartzen duten talde herrikoiekin batera, Antsoaingo hurrengo jaien egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Ospakizunek irailaren 14tik 17ra iraungo dute.

María Jesús Reyes Aristu Izak eta Antonio Gómez Hernandezek, Ezkaba Abesbatzako ordezkariak, izango dira txupinazoa botako dutenak, udalak deitutako herri-bozketan lortu dituzten 293 botoei esker. Abesbatza Antsoaingo hogeita hamar emakume eta gizon baino gehiagok osatzen dute, eta denek partekatzen dute musikarekiko zaletasuna. Astero egiten dituzten entseguez gain, askotan joaten dira musikak eragindako alaitasunaren beharra duten lekuetara, hala nola zaharren egoitzetara. Era berean, askotan parte hartzen dute Antsoaingo jai eta kultur ekitaldietan. Erakusten duten energia, konpromiso eta kulturarekiko maitasunaren bidez, Antsoaingo adineko pertsonak ordezkatzen dituzte.

Aurtengo egitarauak publiko guztientzako 40 jarduera baino gehiago barne hartzen ditu, herriko gune ezberdinetan gauzatuko direnak. Berritasun gisa, txikientzako jarduerei dagokienez, ostiral goizean familientzako programazioa indartu da eta larunbateko haurren parkea Sakanpean jarriko da osorik. Egun horretan bertan, Harrobirekin elkarlanean, 3×3 Street Futbol txapelketa gauzatuko da. Larunbateko saiheski jana eta igandeko kalderetea, iaz bezala, Harrobi inguruan egingo dira. Antsoain LGTBI+ proiektuaren baitan, igandean bingo-trabesti bat egingo da txosnetan eta, besteak beste, Yogurina Borova eta Albina Stardust izango dira bertan.

Prentsaurrekoan gogorarazi denez, “programa honen atzean Udaleko hainbat sail eta langilek egindako lana zein herriko talde eta elkarteen parte hartzea dago. Eskerrak eman nahi dizkiegu erakutsi duten konpromisoagatik eta egun hauetan publiko guztiei zuzendutako hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera eskaintzeagatik”.

Kanpainak

Horrez gain, udal zerbitzuek hainbat kanpaina bultzatuko dituzte jai-egunetan.

Aurten ere, Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaineko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak drogen kontsumoa eta substantziarik gabeko bestelako adikzioen inguruko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina abiarazi du. “¿Hasta dónde te la quieres jugar? Noraino iristeko prest zaude? Cuídate, cuidémonos. Zaindu, zaindu gaitezen” lelopean, kanpaina arrisku-kontsumoak eta jokabide-adikzioak murrizten saiatzen da, biek komunitatean dituzten ondorioak gutxitzeko asmoarekin. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, edari energetikoen kontsumoak gora egin du nerabeen artean eta egoera hori kezkagarria da gazteen osasunean dituen ondorio kaltegarriak direla eta (alterazio psikologikoak eta edariek funtzionamendu kardiobaskularrean daukaten eragina). Kanpainaren kartelekin batera, txosnetan, Txokogorrin eta Harrobin gizon eta emakumeentzako preserbatiboak banatuko dira eskatzen dituzten pertsonei, doan.

Gainera, zerbitzu honek, Berdintasun Zerbitzuarekin batera, informazio-saio bat prestatuko du barra egiten duten Antsoaingo kolektiboekin batera, kontsumoen arriskuak murriztea helburu duten jarduera-protokoloak lantzeko eta jaietan eraso sexistak prebenitu eta horien aurrean esku hartu ahal izateko.

Udalak bat egin du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako “Nafarroa jaia da. Erasotzaileak STOP!/Navarra es fiesta. STOP AGRESORES” kanpainarekin eta, Antsoaingo jaietan eraso sexistak prebenitzeko eta esku hartzeko kanpaina espezifikoaren barruan, Berdintasun Zerbitzuak herriko Eraso Sexisten Aurkako Taldearekin batera bultzatutakoa, hainbat material sortu, banatu eta landu dira Azokarien Elkartea, Jai Batzorde-txosnak, Txokogorri, Sociedades-Elkarteak eta herriko tabernekin elkarlanean. Gaur ANTSOAIN, ERASO SEXISTARIK GABEKO JAIEN ALDE/POR UNAS FIESTAS LIBRES DE AGRESIONES SEXISTAS bideoa estreinatuko da. Bertan herriko kolektibo eta norbanakoek parte hartzen dute, Antsoainek eraso sexistak onartzen ez dituela esateko.

Horrez gain, PUNTU MORE bat ezarriko da indarkeria sexista eta lgtbifobikoei buruz kontzientziatzeko, bizipenak, iritziak eta interesak bilduz eta indarkeria horiei aurre egiteko babes- eta informazio-gune gisa.

Ingurumenari dagokionez, aurreko urteetan bezala, ekitaldi gastronomikoetan bereziki sortzen diren hondakinak prebenitzeko, murrizteko eta bereizteko lan egingo da.

Azkenik, Antsoaingo Udalak gogorarazi du jai hauetako hainbat ekintza euskaraz egingo direla eta euskaldunak jarduera horietan parte hartzera animatzen ditu. Era berean, txosnetan eta Antsoaingo hainbat taberna eta dendatan ere euskaraz hitz egin daitekeela gogorarazi du. Jaiak euskara erabiltzeko momentu aproposa dira eta Udalak euskaldunak euskaraz hitz egitera animatzen ditu.

Programa

NOTICIAS RELACIONADAS

Imagen Gabonetako tailerrak euskaraz

Gabonetako tailerrak euskaraz

Udal Euskara Zerbitzuak Dindaia Fundazioarekin elkarlanean antolatutako ekimen honen helburua haurrak eskolatik kanpo euskaraz disfrutatzeko guneak sortzea da. Gabonetako tai...

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba