Iruñerriko Mankomunitateak (IM) gai organikoetarako eta gainerakoen edo errefusaren frakziorako edukiontziak elektronikoki irekitzeko sistema berria ezartzen jarraitzen du hiri-eremuan.
Sistema ezartzeak berekin dakar gai organikoetarako edukiontzi marroia irekitzeko egungo giltza ordeztea, eta gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoa edo mugikorrerako aplikazioa erabili behar izatea. Asteko edozein egunetan ireki ahal izango dira, hain zuzen, eta gainerakoen edukiontziak estalki grisa izango du hemendik aurrera. Udaberri honetan Antsoainera iritsiko da.
Gai organikoetarako eta gainerakoen frakziorako edukiontziek, biek, gainera, pedala izango dute, errazago ireki ahal izateko.
Txartel berria garraio publikorako ere erabili ahal izango da. Aplikazioak, bere aldetik, informaziorako kanal moduan ere balioko du.
Hondakinak biltzeko sistemaren aldaketak gai organikoetarako edukiontziei (estalki marroia) eta gainerakoak edo errefusa botatzekoei (estalki grisa) baino ez die eragingo. Beraz, ontzien, paper-kartoiaren, beiraren eta arroparen frakzioetarako edukiontziek orain arte bezala funtzionatzen jarraituko dute.
Gogoan izango denez, sistema berria ezartzea 2021eko irailean hasi zen, eta orain arte toki hauetara iritsi da:Mendillorri, Sarriguren, Zabalgunea, Beloso, Lezkairu, Erripagaña, Arrosadia, Mutiloa, Barañain, Ipar Etxabakoitz, Hego Etxabakoitz, Mendebaldea, Yamaguchi, Nafarroako Unibertsitatea, Donibane, Iturrama, Abejeras, Azpilagaña, Milagrosa, Sadar, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Arrosadia dorrea, Ermitagaña, Sanduzelai, Buztintxuri, Santa Engrazia, Artika Berria, Arrotxapea eta Txantrea. Hain zuzen, toki horietan guztietan 120.000 txartel pare inguru banatu ziren sistema berrian sartu ziren etxebizitza eta establezimenduetan.
Laugarren fase honetan, kanpainak toki hauetara zabalduko du sistema: Antsoain, Atarrabia, Burlata, Uharte, Noain, Zizur Nagusia, Zizur Txikia, Arre, Artika, Aitzoain, Beriain, Berriobeiti, Berriogoiti, Berriozar, Cordovilla, Gorraitz, Orkoien, Olatz, Olloki, Ororbia eta Zuasti.
Behin ezartzen amaituta (2025eko ekainean), 356.000 biztanleri emango zaie zerbitzua (biztanleriaren % 94).
Mankomunitateko landa-eremuko udalerrietan –biztanlegune txikiagoak eta sakabanatuagoak dituzte–, gai organikoak etxeko eta auzoko konpostajearen bidez berreskuratzen jarraituko da.
Zergatik?
Sistema honekin, sortutako hondakinen % 60 baino gehiago gaika biltzen dira; sistema hori ez duten eremuetan % 40 bakarrik biltzen diren bitartean. Horrez gain, birziklagarriak diren frakzioen bilketa handitzeak berekin ekartzen du gainerakoen edo errefusaren frakzioaren bilketa modu esanguratsuan gutxitzea, % 40 inguru. Horrenbestez, egiaztatuta gelditu da edukiontzi itxien sistemak hondakinen berreskuratze handiagoa eragiten duela.
Gainera, sistema hau hedatuta duen hiri-eremuaren esparruan, gai organikoen bilketa % 17koa izatetik % 38koa izatera igaro da, 2024ko urrian egindako karakterizazio-azterlan baten arabera.
Komunikazio-ekintzak
Esparru horietako biztanleek eta merkatariek edukiontziak ireki ahal izateko tresnak, txartelak, jasoko dituzte etxebizitzetan eta establezimenduetan, txartel horiek eta mugikorrerako aplikazioa nola erabili azaltzen duen informazio-materialarekin batera.
Gainera, sistema berria instalatzearekin batera, edukiontziak ongi erabiltzeari eta hondakinen frakzioak behar bezala bereizteko garrantziari buruz herritarrak sentsibilizatzeko eta praxi okerrak ekiditeko gomendio batzuk emateko gertutasuneko ekintzak izango dituen informazio-kanpaina bat egingo da. Kanpainako taldeak bisitak egingo ditu etxez etxe eta saltokiz saltoki, herritarrei informazioa eta arreta emango die zenbait gune ibiltaritan, eta zalantzak argituko ditu, besteak beste.
Mankomunitateak herritarren arretarako hainbat kanal edo bide ditu, informazioa emateko eta hondakinak biltzeko sistema berriarekin sor litezkeen gorabeherak konpontzeko. Interesa dutenak erakundearekin harremanetan jar daitezke infocampana@mcp.es helbidera idatzita edo 948 27 19 77 telefono-zenbakira deituta.