2024ko urriak 9

Martxan da Antsoaingo jantoki kolektibo osasungarri eta iraunkorra

Foto noticia

Joan den astelehenean adineko eta/edo desgaitasunen bat duten 51 pertsonek lehen menua dastatu zuten Antsoaingo Udalak bultzatutako jantoki kolektibo osasungarri eta iraunkorrean, “Antsoain, zaintzen duen herria” programaren barruan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen partaidetzarekin. Pertsona horietatik, berrogei udan zehar Ostokiko Eguneko Zentroan prestatutako jantokira joan ziren, eta beste 11k janaria etxean jaso zuten. Ekimenaren aurkezpena gaur izan da, Marta Diez Napal Antsoaingo alkatea, Jon Garai Vales Udal Antolakuntza eta Funtzionamenduko Zinegotzia eta Naiara Aizpuru Sagaseta “Antsoain, Zaintzen duen Herria” proiektuaren arduradunaren eskutik.

Nafarroan aitzindaria den proiektu pilotua astero garatuko da astelehenetik ostiralera, abenduaren 20ra arte, eta zerbitzuarekin aurrera jarraitzeko aukera ebaluatuko da. Orain doakoa den arren, probaldian zehar, eta kostuen arabera, etorkizunean izanen duen prezioa zehaztuko da. Era berean, eskakizun potentziala aztertuko da eta udalak eskaini ditzakeen baliabideak ebaluatuko dira.

Nabarmentzekoa da ekimena herrian duela bi urte garatu zen Adinekoen Diagnostikoaren ondorioz sortu dela. Udalerriko pertsona nagusiek gehien eskatu zuten ekintzetako bat izan zen, zerbitzua eskatzeko sinadurak bildu zituztelarik.

Uda honetan zehar, Ostokiko lokala jantoki zerbitzua eskaintzeko egokitu zen eta parte-hartzaileen aukeraketa eta jakinarazpen prozesua garatu zen. Talde eragileak guztira 114 eskaera aztertu zituen, komunitatearen beharrizan eta errealitateak modu ekitatiboan bermatzeko partaidetza-irizpideak zehazteko asmoarekin. Hautaketa prozesuan adina, mendekotasun-maila, elikadura antolatzeko zailtasunak, elikadura-ohituren defizita, bizikidetza, desgaitasuna eta irizpide ekonomikoak hartu ziren kontuan.

Talde eragilearen balorazioa oso positiboa da. Izan ere, aukeratutako pertsonen profila proiektuaren hasieran planteatutako helburuekin bete-betean bat dator, 65 urtetik gorakoen artean aurki daitezkeen ezaugarri pertsonal eta bizi-errealitate ezberdinak barne hartzen baititu. Guztira, Antsoainen 65 urtetik gorako 1900 pertsona daude.

Beste alde batetik, azken hilabeteetan azpiegitura-beharren diagnostiko zehatza garatu da, proiektu pilotuaren eta etorkizuneko jantokiaren instalazioak (sukaldeak eta jangela) optimizatzeko behar diren inbertsioak proposatzeko.

Proiektua zuzentzen duen talde eragilea hurrengo pertsonek eta taldeek osatzen dute: ekimenarekin lotura duten zinegotziak, “Antsoain, Zaintzen duen Herria” programaren arduraduna, zentro komunitarioetako hezitzailea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea eta kontratatutako laguntza teknikoaren (Mirua S. Microcoop.) langilea.

Zerbitzua

Eguneko menua Ezkaba Ikastetxe Publikoko sukaldean prestatzen da, Ostokiko lokaletik gertu, udal-baliabideen eraginkortasuna indartzeko asmoarekin.

Menuak lehen eta bigarren platerak, postrea, ogia eta ura barne hartzen ditu. Osasungarria eta jasangarria da, eta ahal den heinean, elikagaiek 5 irizpide betetzen dituztela bermatzen da: ekologikoak, lokalak, freskoak, sasoikoak eta ekoizleek zuzenean hornitutakoak izatea.

Oinarrizko menua ikastetxeko jantokian eskaintzen denaren arabera planifikatuta dago, eta enpresa kudeatzailearen zein gurasoen elkarteko jantoki-batzordearen oniritzia dauka. Enpresa kudeatzailean lan egiten duten nutrizionistek janaria adineko pertsonen nutrizio-ezaugarri eta eskakizunetara egokitu dute (batez ere, animalietatik eratorritako proteina kantitatea handituz). Jantoki-zerbitzua 13:45etatik 14:45etara erabil daiteke.

Janaria etxera eraman nahi izatekotan, Ausolanek, hau da, enpresa hornitzaileak zerbitzu horretarako duen menu estandarra eskainiko da. Menu hori 11:00etatik 13:00etara banatzen da.

Erabiltzaileek hala zehazten duen txosten mediko bat aurkezten badute, menu bereziak eta/edo intolerantzietara egokitutakoak jaso ahal izanen dituzte.

Proiektu hau udalaren 2024ko Kudeaketa Planean jasotako 10 neurri estrategikoetako bat da eta 45.000 euroko hasierako aurrekontua du. Kantitate horri 30.000 euro gehitu behar zaizkio, gobernu taldeak Nafarroako Aurrekontuetan aurkeztutako zuzenketa baten bidez lortutakoak eta altzariak zein azpiegitura ordaintzeko erabili direnak. Horrez gain, udalak hainbat baliabide eta azpiegitura eskuragarri jarri ditu ekimena indartzeko.

Abenduan esperientzia pilotuaren ebaluazioa garatuko da, eta lortutako emaitzak oinarritzat hartuz, behin betiko proiektuaren irizpideak, gaitasuna eta funtzionamendua zehaztuko dira. Udalaren helburua proiektuari ahalik eta denbora laburrenean jarraipena ematea da, baina erabaki hori proiektu pilotuaren ebaluazioaren mende egonen da.

Marta Diez Napal alkateak adierazi duenez, “udalarentzat harro egoteko modukoa da pertsona nagusientzat eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat zerbitzu hori eskaintzen duen Nafarroako lehen herria izatea. Alde batetik, erabiltzaileek elikadura osasungarria eta jasangarria kontsumitzea bermatzen du, eta bestetik, bakarrik bizi diren pertsona askoren sozializazioa bultzatzen du. Era berean, Zaintzaren udal-alorraren eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu nahi dut, “Antsoain, Zaintzen duen Herria” programa eta gaur aurkezten dugun ekimena bezalako proiektuak garatzea ahalbidetzen duena”.

GJHekin lotutako ekarpenak

Elikadura on bat izatea funtsezkoa da herritarren eta planetaren osasunerako, eta Garapen Jasangarriaren Helburu hauek indartzen ditu:

  1. GJH: Goserik ez: elikadura osasungarria eta jasangarria sustatzeak gosea desagerrarazten laguntzen du.
  2. GJH: Osasuna eta ongizatea: dieta orekatua eta osasungarria funtsezkoa da herritarren osasuna eta ongizatea sustatzeko.
  3. GJH: Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak: dieta jasangarria sustatzeak ekoizpen eta kontsumo arduratsuak bultzatzea dakar. Horren barruan sartzen dira baliabide naturalen erabilera jasangarria, elikagaien alferrikako galera murriztea eta ingurumena errespetatzen duten nekazaritza-jarduerak sustatzea.
  4. GJH: Klimaren aldeko ekintza: modu jasangarrian eta ingurunean eragin txikia izanda ekoitzitako elikagaiak barne hartzen dituen dieta iraunkorra sustatzeak klima-aldaketa arintzen lagun dezake.
  5. GJH: Lurreko ekosistemetako bizitza: dieta jasangarria bultzatzeak berekin dakar lurreko ekosistemak babestu eta lehengoratuko dituzten nekazaritza-jarduerak sustatzea.
  6. GJH: Lurreko Ekosistemen Bizitza: dieta jasangarria bultzatzeak lurreko ekosistemak babestu eta berreskuratuko dituzten nekazaritza-jarduerak sustatzea suposatzen du.

NOTICIAS RELACIONADAS

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba