Laguntza teknikoa kontratatu ondoren, Antsoain 2024/2030 Plan Estrategikoa garatzeari ekin dio
Beraz, une erabakigarria da hau gure herriaren etorkizunari begirako irudi bat eraikitzeko. Etorkizuneko irudi hori auzokide, agente eta talde politiko guztiek partekatu behar dute; halaber, herritarrak erdigunean jarriko ditu, eta hala pertsonen nola planetaren zaintzan oinarritutako jendarte-eredua bultzatuko du.
Planaren helburua gizarte-kohesioa, ingurumenaren jasangarritasuna, hiriaren eraldaketa eta bizi-kalitatea hobetzeko proiektu estrategikoak identifikatzea eta gauzatzea da, baita adostasunak bideratzea eta inbertsioak erakartzea ere.
Antsoaingo komunitatearen etorkizuna definitzeko tenorea ailegatu da, eta zure parte-hartzea funtsezkoa da plan horrek sektore guztien beharrak eta nahiak bilduko dituela ziurtatzeko.
Plana garatzeko prozesua gobernantza parte-hartzailearen ereduan oinarritzen da, eta honako hauek biltzen ditu:
- Talde Eragilea: prozesu osoa gidatu eta koordinatzen du.
- Talde Teknikoa (TT), Talde Politikoa (TP) eta Foro Soziala (FS): funtsezko bileretan parte hartzen dute eta prozesuaren fase ezberdinetan ekarpenak egiten dituzte. Foro Sozialean herritarrek eta herriko elkarteek parte har dezakete.
- Talde Tematikoak: hainbat gairen inguruko analisiak egiteko eta ekintza estrategikoak prestatzeko bileretan parte hartzen dute. Herritarrak, gizarte eragileak eta udal langileak talde tematiko horietako kide izanen dira.
Prozesuan zehar, Antsoaingo bizilagunek Plan Estrategikoaren gainean duten ikuspegia partekatzeko modu ezberdinak izanen dituzte, bai online egindako galdetegiak erabiliz, bai pantailetatik haratago, herri-galdeketen eta bileren bitartez. Lehen bilerak irailean izanen dira, jaiak igaro ondoren, eta sare sozialen zein udalaren webgunearen bidez emango da horien berri.