Euskara Zerbitzua
1991. urte bukaeratik, Antsoaingo Udalak Euskara Zerbitzua dauka (garai batean Patronatua izandakoa). Zerbitzuaren helburu nagusia euskararen egoera normalizatzea da, eta, bide horretan, hamaika gai, lan ildo eta programa jorratu dira urte guzti hauetan; horietako asko Nafarroako beste euskara zerbitzuekin elkarlanean.
Kontaktua
|
Teknikaria
|
|
- Udaleko euskara teknikaria: Xabi Lasa Gorraiz
|
JARDUERETAN IZENA EMATEA
HELBURUAK
Hizkuntzak normaltasunez erabiltzen dira lurralde jakin batean, denek edo gehienek ezagutzen dituztenean, adibidez, ingelesarekin Ingalaterran gertatzen den bezala, edo gaztelaniarekin Madrilen. Jendea edozein lekutara iritsi, hitz egiten hasi, erantzunak jaso eta eraginkortasunez hizketan aritzen da; hots, normaltasunez jokatzen dute, eta ez dira hasten “hemen ingelesez” edo pertsona “elebidun horiek” identifikatzeko kartelen bila; ez eta “ulertuko didate, ez didate, ongi irudituko zaie…” euren buruari galdezka ere.
Hizkuntza-normalizazioa, hortaz, normaltasun egoera horretara garamatzan prozesua dugu. Normalizazioa lortzen da, edozein eginkizunetarako, naturaltasunez eta eraginkortasunez aritu gaitezkeenean. Hori da euskara zerbitzuen eta, oro har, euskalgintzaren azken helburua, baina, horra heltzeko, tarteko urratsak egin behar dira:
Oso labur esanda, beharrezkoa da hizkuntza ikasteko baliabideak nahiz baldintza egokiak sortzea, sozializatzeko esparru-kopurua handitzea eta euskararekiko atxikimendua eta irudia indartzea. Horiexek dira, hain zuzen ere, euskara zerbitzuen helburuak, eta norabide horretan ari dira lanean.
LAN ILDO NAGUSIAK
Udaleko lan ildo nagusiak
- Udaleko langileen euskara ikastaroak: euskara ikastaroak eskaintzen zaizkie, trinkoak nahiz estentsiboak, eta, hala nahi duten langileek, aukera izan dezakete formazio planetan sartzeko.
- Herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidearen alde lanean ari gara; eta, jendaurreko hizkuntza idatzia euskaraz ere ager dadin, itzulpenak egiten dira; inprimakiak, egiaztagiriak, programak, etab. prestatzeaz gain.
- Beste udal zerbitzuetan elkarlana egiteko zeharkako lan lerroak eta planak dauzkagu, euskararen erabilera horietan ere indartu dadin.
- Itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ematen zaie euskaraz ez dakiten udal zerbitzuei.
Udalerriko lan ildo nagusiak
Euskararen transmisiorako garrantzi handia du lanaz nahiz eskolaz kanpoko eremuak, eremu horretako esparruetan gauzatzen direlako harreman sozialak, hizkuntzaren bidez, hain zuzen ere: etxean, familian, herriko saltokietan, tabernetan, parkean, kirol eta kultura jardueretan, musika eskolan, gazteen etxabeetan…
Horiek guztiak, aisialdia bezalaxe, funtsezkoak dira hizkuntzen eta pertsonen garapenarentzat, eta, neurri handi batean, hizkuntza-ohiturak esparru horietan eratzen direla kontuan hartu behar dugu. Horregatik, gure ingurune soziolinguistikoaren ezaugarriak aintzat harturik, arreta berezia eskaini behar diogu adin guztietan euskara erabiltzeari edo, ez badakigu, presentzia emateari: eguneroko errutinetan, ongi pasatzen ari garenean, senitartekoekin nahiz lagunekin gustura egoteko tokietan gaudenean… Erabiltzeaz gain, funtsezkoa da euskarari prensentzia ematea, geurea bezalako ingurune batean; eta hori, denok egin dezakegu, euskaraz dakigunok eta ez dakigunok.
- Euskararen transmisioa: familian euskararen transmisioa lantzeko eta indartzeko egitasmoa da. Adinaren araberako material bereziak sortzen, ekoizten eta banatzen dira, haurren etxeetara eramateko.
- Eskolatze kanpaina: hiru urteko haurren matrikulazio kanpaina bultzatzen da, D ereduan.
- www.era.eus: euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko ataria dugu Era. Euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoek aholkularitzarako artikuluak eta bideoak aurkituko dituzte, eskolaz kanpoko Nafarroako eskaintza eta kultur agenda.
- Aisialdiko jarduerak eta ahozkotasuna: garrantzitsua da oso Antsoaingo haur eta gazteek euskara aisialdiko guneetan erabiltzeko aukera izatea. Helburu horrekin, udako kanpalekuak antolatzen dira adibidez, eta, ikasturtean, Larunblai euskarazko aisialdi programa LHko ikasleentzat, edo MultzoEkintza, Azaroa Kultura Aroako jarduerak… Eta Bertso Eskola ere badugu, Txoko Gorrin. Horrez gain, orain, Nafarroako euskara zerbitzuek gurasoentzako gomendioak bildu dituzte esku-orri batean, euskarak eskolatik kanpo duen garrantziaz.
- Helduak euskalduntzeko egitasmoak: Antsoaingo helduen euskalduntzea bultzatzen da. Ikastaroak antolatzen dira, kanpainak egin eta aholkularitza eskaintzen zaie herritarrei.
- Euskara ikasteko dirulaguntzak: Antsoainen erroldatutako euskara ikasleentzat dira (ikus baldintzak).
- www.elaide.eus: proiektu hau euskara ikasleei bideratua dago. Bertan aurkituko dute euskaltegiei eta dirulaguntzei buruzko informazioa, eta, horrez gain, ikasketekin laguntzeko behar dituzten baliabideak, eta euskarazko kultur agenda, agenda soziala eta aisialdian erabiltzeko hainbat liburu, bideo, pelikula…
- Mintzakide programa: honen bidez, euskara erabiltzeko gune bat ematen zaie euskara ikasten ari direnei eta euskara ahaztuta dutenei.
- Euskarazko produktuen Katalogoa: 0-16 urtekoentzat eta haien gurasoendako euskarazko produktuak eskaintzen ditu (aisialdirako eta ikasketetarako).
- Euskaldunen fitxategia: Euskara Zerbitzuaren jardueren informazioa eta berriak zuzenago eta modu eraginkorragoan helarazteko helbidetegi bat da.
- Euskara Merkataritzan: Antsoaingo merkatariei doan eskaintzen zaien programa honek helburu du euskararen ikusgarritasuna herriko saltokietan handitzea. AHIZE enpresaren bitartez egiten da eskaintza.
- Errotuluak jartzeko dirulaguntzak: errotuluak eta kartelak euskaraz edo ele bietan jartzea diruz laguntzen da. Antsoaingo udal mugartean dauden udal-erroldako elkarteei eta establezimenduei zuzendua.
- Ze Berri?: euskara eta euskal kulturari buruzko informazioa zabaltzen duen aldizkaria sortu eta banatzen dute Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek.
- Dirulaguntzak: Ezkaba ikastetxeko ikasleen hizkuntza gaitasuna handitzeari eta beste zenbait elkarte eta erakunderi bideratuak daude.
- Tailerrak: Euskara Zerbitzuak tailerrak eskaintzen ditu, nagusiki gurasoentzat. Saio horietan aholkuak ematen zaizkie, hizkuntzak etxean kudeatzeko, eta, bestalde, euren seme-alaben heziketa prozesuetan parte-hartzea errazteko.
- Formazio saioak: Euskara Zerbitzuak formazio saioak antolatzen ditu helduentzat, eta saio horietan euskara eta praktika sozialei buruzko gaiak lantzen dira.
- Azaroa Kultur Aroa: azaroan, aste batez edo biz, euskarazko jarduera bereziak edo euskararen inguruko ezagutza areagotzeko jarduerak antolatzen dira.
- Itzulpen eta zuzenketa zerbitzua: doako zerbitzua eskaintzen zaio Antsoaingo eremuan lan egin eta euskaraz egiten ez duten dendariei, ostalariei, elkarteei… Zuzenketa zerbitzua ere ematen da. Galdetu testuak zein motatakoak izan behar duten Euskara Zerbitzuan.
- Irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak: Irria aldizkariaren hedapena; literatura solasaldiak; bere garaian irakurle taldea sortu zuen; album ilustratuen tailerrak, Etxepare saria…
- Kanpainak, programak eta ekintzak: helburu zehatzen arabera antolatzen dira, eta urtero aldatzen dira.
- Bai esan? Agenda; liburutegirako materialak; egutegiak; Euskararen Eguna; Administrazioan euskaraz kanpaina; hizkuntzalaritza alorreko aholkularitza…
Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren sorrera eta haren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua. Behin betiko onespena.27. ALDIZKARIA – 2009ko martxoaren 4a(Tamaina 53Kb)
Antsoaingo Udalak fitxategi bat dauka, euskararen sustapenerako komunikazioak ahalik eta eraginkortasun handienarekin egiteko. Datuak Babesteko Espainiako Agentzian alta emanda dago fitxategi hori. Antsoainen erroldatutako herritarrek borondatez lagatako datuekin osatzen da fitxategia, eta bertan parte hartzen duen orok eskubidea dauka datuak sartzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta uko egiteko Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezarritakoari jarraiki.
Baja eman edo datuak aldatzeko Euskara Zerbitzura jo behar da.
Galdetegia 14 urtetik beherakoak (48,1 Kb)
Galdetegia helduak (48 Kb)
[/servicio_shortcode]
Interneteko baliabideak Datozen lerrootan Interneten euskaraz dauden hainbat baliabide eta tresna aurkituko dituzu. Gehienak doan dira. Euskara Zerbitzuak aukeraketa bat egin du –asko baitira sarean aurki daitezkeen erremintak–, eta honela sailkatu ditu:
Haurrentzako eta gurasoentzako baliabide sortarik oporoena era.eus atarian duzu. Klik egin hementxe: era-baliabideak
Baliabideak – Euskara
Euskarazko softwarea
Hiztegiak
Baliabide didaktiko eta metodologikoak / Euskara ikasteko atariak
Entziklopediak
Aldizkari eta agerkariak
Gramatika
Gramatika beste hizkuntzatan
Itzultzaileak
Euskara ikasteko jokoak
Bestelako jokoak
Eskualdekoak Locales
Euskara klaseak Antsoainen eta Iruñerrian, 16 urtetik gorakoentzat
Antsoaingo Udalak, bere Euskara Zerbitzuaren bidez, abian dauka euskalduntze kanpaina berria, Nafarroako beste udal eta mankomunitate askorekin batera. Hizkuntza ikastearen onurei buruz hitz egiteaz gain, euskarak eta euskaltegiek ematen dizkizuten bizitzaz gozatzeko aukeren berri eman nahi dizute.
Aukera zabala dute 16 urtetik gorakoek euskara ikasteko, bai Nafarroa osoan eta baita Iruñerrian ere. Ongi prestatutako euskaltegiak ditugu, esperientzia handiko profesionalekin. Ikastaro aukera zabala dute, eta, horrekin batera, taldeko bizipen aberasgarriak eskaintzen dizkiete ikasleei, beraz, ekin eta gozatu euskaltegian!
Antsoainen ematen diren ikastaroez gain, euskaltegi hauek ordutegi eta ikasmaila gehiago ematen dituzte. Bertara hots egin eta aukerarik onena zein duzun esanen dizute:
AEK: 948 21 04 33
IKA: 948 22 22 46
HEO (Hizkuntza Eskola Ofiziala): 848 43 00 40
www.elaide.eus atarian informazio zabalagoa aurkituko duzu eta euskara ikasten laguntzeko baliabide asko.
Gogoan izan Antsoaingo Udalak euskara ikasteko laguntzak ematen dituela (orri honetan bertan duzu informazio guztia) eta, edozein zalantzetarako, Euskara Zerbitzura jo dezakezula (948 38 22 41).
16 URTETIK GORAKOENTZAKO EUSKARA IKASTAROAK ANTSOAINEN
Antsoaingo Udala Zubiarte Euskaltegi Publikoarekin elkarlanean aritzen da, herrian bertan euskara ikasteko taldeak eskaintzeko. Udal Euskara Zerbitzua taldeen sustapenaz eta antolakuntzaz arduratzen da, eta Zubiartek irakasleak bidaltzen ditu Antsoainera. Mendikale 8n ematen dira saioak, urriaren lehen astean hasi eta maiatzaren 31 arte; baina ikasturtea hasi aurretik taldeak osatu behar dira:
Urtero, Zubiartek talde eta mailen aurreikuspen bat egiten du, Uharteko zentroan nahiz beste udalerri batzuetan ikastaroak eman ahal izateko. Antsoaingo Euskara Zerbitzuak ere maila edo ordutegi jakin batzuk eska diezazkioke Zubiarteri, bere eskaera estimazioek hala egin dezan adierazten badiote. Aurreikuspen horrekin, Zubiartek ikastaro eskaintza sortzen du, eta maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran izaten den matrikulaldian eskaintzen du, euskaltegiaren webgunean.
Une horretan, hurrengo ikasturtean Antsoainen eskolak jaso nahi dituztenek izena eman behar dute, gure udalerrian irakasle beharra dagoela jasota gera dadin; eta eskola horiek zein mailatarako eskatzen diren ere adierazi behar da. Talde bakoitzak 12 parte-hartzaile izan behar ditu, gutxi gorabehera. Matrikulaldiaren ondoren, irakasleak bidaltzeko aukerak aztertzen ditu Zubiartek, eta izena eman duten pertsonei taldea osatu den baieztatzen die.
Izena eman ala ez erabakitzeko irailera arte ez itxarotea oso garrantzitsua dela azpimarratu behar da; izan ere, maiatz/ekaineko matrikulaldian izena ematen ez bada, oso litekeena da Zubiartek taldea baztertzea eta irakaslerik ez gordetzea irailerako. Edozein eragozpenengatik azkenerako taldea osatzen ez bada eta matrikula ordainduta badago, diirua itzultzen dute.
Saioak, Mendikale 8n izaten dira (osasun publikoak hala eskatu duenean, gela birtualak erabili dira), urritik maiatzaren 31ra.
Zalantzetarako, Euskara Zerbitzura idatzi edo deitu: euskara@antsoain.eus 948 382241 (Zerbitzura joateko, hitzordua eskatu behar da).
Beti da hasteko une ona
eta, beste edozertarako bezalaxe ahalegina egin behar bada ere,
satisfakzioz beteriko bidea da!
Beraz, animatu!
Ze Berri?
Ze Berri? zenbait udalen artean argitaratutako aldizkaria da. Nafarroako 30 udal dira aldizkariaren sustatzaileak eta helburu nagusia, euskara eta euskal kulturari buruzko informazioa ematea. Argitaratzen duten udaletan antolatzen diren kultur jardueren informazioa ere eskaintzen du.
Euskarazko produktuen katalogoa www.katalogoa.eus
KATALOGOA.EUS webguneak ia 6.000 euskarazko produktu biltzen ditu, 0‐16 urteko haur eta gazteentzat.
Prest dago Euskarazko Produktuen Katalogoa KATALOGOA.EUS
Urteko zenbait garaitan (Gabonetan, urtebetetzeetan, oporraldietan…) seme‐alabei edo ingurukoei euskarazko liburu, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta opari egiteko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, zeregin horretan lana errazteko, Euskarazko Produktuen Katalogoa eskura duzu beti www.katalogoa.eus atarian edo zure Euskara Zerbitzuan. Euskal Herriko 200 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuek eratzen dute.
Bilaketak erraz egiteko antolatua
Katalogoko produktu guztien artean bilaketa arindu eta errazteko, bai webgunea zein paperezko edizioa bi atal nagusitan banatuak aurkituko ditu erabiltzaileak: 0‐12 urte eta 12‐16 urte. Webgunean, Bilaketa aurreratua dioen ataltxoan klikatuz gero, bilaketa hainbat parametro elkarren artean konbinatuz ere egin daiteke, konparaziora: produktu mota, prezioa eta argitaratze urtea bilatuz; edota argitaletxea, produktu mota eta adina; eta horrela nahi beste konbinazio.
Web orrian informazio eguneratua
Durangoko Azokari begira argitaletxeek azkeneko orduan ateratzen dituzten berrikuntzak, epeengatik paperezko edizioan jaso ezin direnak, KATALOGOA.EUS webgunean aurkituko ditu erabiltzaileak; izan ere, KATALOGOA.EUS urte osoan berritzen doan webgunea baita, berritasunak sartuz, deskatalogatu diren produktuak kenduz; eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien kopurua. Dagoeneko 6.000 produktu inguru biltzen ditu 2 atal nagusien
Bilatu, aukeratu eta zuzenean argitaletxera iristeko aukera ematen du KATALOGOA.EUSek
Behin bilaketa egin ondotik, produktu bakoitzaren fitxan hari buruzko daturik garrantzitsuenak ikusiko ditu erabiltzaileak (azalaren irudia, titulua, autorea, argitaletxea, produktuari buruzko azalpena, argitaratze urtea, prezioa, e.a.) eta, bakarren bat begiz joz gero, argitaletxearen webgunera sartzeko esteka izango du Non eskuratu botoian klikatuta.
KATALOGOA.EUSetik beste webgune interesgarri batzuetarako sarbidea eskaintzen da eta baita unean uneko nobedadeekin argitaratzen den buletin elektronikora harpidetzeko aukera ere
Hasieran aipatu bezala, KATALOGOA.EUS webguneak bi atal nagusi ditu: bata, 0‐12 urte bitarteko haurrentzako produktuak jaso dituena, eta, bestea, 12‐16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua; eta ez hori bakarrik, horietako atal bakoitzak hainbat baliabide eskaintzen ditu bi adin tarte nagusi horiei egokituak: intereseko web orrien loturak, kultura eta aisialdirako agenden loturak, eta Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera. Era berean, webgunetik aldian‐aldian argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du eta baita paperezko bertsioaren pdf‐a deskargatzeko aukera ere.
www.katalogoa.eus
Aisialdia. MultzoEKIN
2022ko eskaintza, itxita oraingoz.
MultzoEKIN 4 jardueraz osaturiko ekintza multzoa da, lagunartean esperimentuak egiteko. LHko lagunei eskaintzen zaie, Lotza Kuluragunean.
Plazak mugatuak dira, eta lehentasuna izanen dute Antsoainen erroldatuta daudenek eta izena MultzoEKINen 4 ekintzetan ematen dutenek.
Izen-ematea: itxita.
NOLA EMAN BEHAR DA IZENA? Ondorengo eskuorri digitaleko fitxa bete behar da bertan; edo inprimatu eta eskuz idatz daiteke. Haur bakoitzeko fitxa bat bete eta sinatu. Gero, euskara@anysoain.eus helbidera bidali, mesedez, gaian MultzoEKIN jarrita (paperean bete baduzu, argazkia atera eta bidali). Zuen izena emateko mezua helarazi ondoren -xxxxxxxxxra-, Euskara Zerbitzuak, xxxxean, izen-emate mezua jaso izanaren baieztapena jasoko duzue; eta, hala badagokio, plaza konfirmazioa matrikularen jarraibideekin.
Jarduerak honako prezioa izanen du: Antsoainen erroldatutakoentzat, MultzoEKINen 4 jarduerak 10 €. Jarduera solteak 3,75 €. Antsoaindik kanpo erroldatutakoentzat, MultzoEKINen 4 jarduerak 14 €. Jarduera solteak 4,75 €. Edonola ere, ordainketa noiz egin behar den Euskara Zerbitzuak esanen dizue, plaza baduzuela baieztatu ondoren.
Eskuorria
Euskara Zerbitzuak antolatua, Dindaia Fundazioaren kudeaketarekin.
Aisialdia. Udako eta Gabonetako Antsoaingo taldeak
2022
Aisialdiak harreman estua du hizkuntzen nahiz pertsonen garapenarekin, eta ongi pasatzen ari garenean ere euskara erabili ahal izatea oso garrantzitsua da. Lagunarteko hizkuntza-ohiturak neurri handi batean aisialdian ehuntzen dira eta lagunarteko hizkera ere gune horietan garatzen da, hots, hizkuntza-erregistroak garatzen dira aisialdiko une horien bidez. Hortaz, oporretan ere euskararekin harremana izatea oso onuragarria da. Hori dela eta, Udal Euskara Zerbitzuak honako jarduerak antolatzen ditu udan eta Gabonetan, D ereduko haurrentzat (Dindaia Fundazioak kudeatuko ditu).
UDAKO TXOKOA eta JOSTALDIA, HAUR ETA LEHEN HEZKUNTZAKO UMEENTZAT.
- Udako txokoa, Haur Hezkuntzarako. Adinari dagozkion jokoak eta uretako jolasak eginen dituzte.
- Udako jostaldiak, Lehen Hezkuntzako haurrentzat, aurreneko mailatik seigarreneraino, zirkoa, multikirola, natura eta ura ardatz dituzten jarduerak eginez.
NOIZ? Uztailaren azkeneko bi asteetan eta abuztuaren aurrenekoan izaten da, ostiralera, 09:30etik 13.00 bitarte.
NON? Eguraldia lagun, kanpoko jarduerak eginen dira nagusiki, eta, behar izanez gero, Lotza kulturagunean elkartuko dira taldeak.
NORI ESKAINTZEN ZAIZKIO?
- Haur Hezkuntzako 1, 2 eta 3 mailetako haurrei.
- Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik hasi eta hirugarren arteko ikasleei.
IZEN-EMATEA
ITXITA. Plaza kopurua mugatua denez, Antsoainen erroldatutakoek eta hiru asteetarako apuntatzen direnek izanen dute lehentasuna; gero, bi astez pare hartu nahi dutenek, eta, azkenik, bakar batean apuntatzen direnek. Plazak baino izen-emate gehiago jasoko balira, zozketa eginen litzateke. Izen-ematea bukatu ostean, Lehen Hezkuntzako haurrak adinaren araberako taldetan banatuko dira.
euskAra@anTsoain.eUs helbidean eman behar da izena (edo 948 382241 telefonoan, 09:00-14:00etara). Erantsitako eskuorri digitala osorik bete, sinatu eta Euskara Zerbitzura bidali behar da. Digitalki sinatzeko modurik ez baduzue, inprimatu orria, bete, sinatu, argazki bat atera eta mail bidez bidal dezakezue. Haur bakoitzeko orri bat bete eta sinatu behar da, faltarik gabe. Beranduenez ekainaren 7rako, erantzun bat iritsiko zaizue “Jasota” dioena, Euskara Zerbitzuak zuen izen-ematea jaso duela jakin dezazuen (mezu horrek ez du plaza baieztatzen).
MATRIKULA: Izen-ematearen ondoren, Euskara Zerbitzuak plaza baieztatuko du eta matrikula egiteko jarraibideak emanen dizkizue. Edonola ere, zein prezio izenen duten aurreratzen dizuegu.
|
ANTSOAINEN ERROLDATUAK
|
BERTAN ERROLDATU GABEAK
|
3 aste |
75 € |
90 € |
2 aste |
55 € |
65 € |
aste 1 |
30 € |
35 € |
NEGUKO TAILERRAK
Oso garrantzitsua da euskara ongi pasatzen ari garenean ere erabili ahal izatea, eta lagunarteko hizkera garatzea. Hain zuzen, aukera hori eman nahi diegu Antsoaingo haurrei Gabonetako oporretan. Azaro inguruan jarriko dugu Gabonetako tailerren informazioa.
NOIZ eta NON izanen dira?
Abenduaren 27an, 28an, 29an, 30ean eta urtarrilaren 2an, 3an, 4an eta 5ean, 10:00-13:00 h, Lotza Kulturagunean (Antsoaingo Errepidea kalea 4, Antsoain).
NORENTZAT?
-
D ereduko Haur Hezkuntza: 1., 2. eta 3. mailak.
-
D ereduko Lehen Hezkuntza: 1., 2. eta 3. mailak.
MATRIKULA
Abenduaren 12tik 15era. https://www.dindaia.eus/ helbidean edo 948 266240 tel. (09:00-14:00etara).
Antsoainen erroldatutakoek izanen dute lehentasuna. Plazak baino izen-emate gehiago baleude, zozketa eginen litzateke, eta zozketaren ondorioz plazarik gabe geratuz gero, dirua itzuliko da.
Prezioa: 35 € Antsoainen erroldatutakoentzat, eta 40 € gainerakoentzat.
Aisialdia. Larunblai
Aisialdiak harreman estua du hizkuntzen nahiz pertsonen garapenarekin, eta ongi pasatzen ari garenean ere euskara erabili ahal izatea oso garrantzitsua da. Lagunarteko hizkuntza-ohiturak neurri handi batean aisialdian ehuntzen dira eta lagunarteko hizkera ere gune horietan garatzen da.
LARUNBLAI
Larunblai aisialdiko programa bat da, hizkuntza erregistroak nahiz harreman sozialak euskaraz garatzen dituena lagun artean. Urritik maiatza bukaera bitarte izaten da, larunbat arratsaldetan. LHko maila batzuei eskaintzen zaie, baina eskaintza zehatza irail inguruan egiten da.
2022-23ko Larunblai programa LH 3, 4, 5 eta 6 mailetako neska-mutilei eskainiko zaie, bi larunbatetik behin elkartzeko, 16:30-18:30era, Lotza kulturagunean (D ereduko haurrei bideratutako programa da).
1) Izen-ematea
- Epea: irailaren 15etik 30era izanen da.
- Non: izen-ematea https://topagunea.eus/larunblai/larunblai-antsoain/ helbidean.
2) Matrikula
- Izen-ematearen ondoren, plaza baieztatzen du Euskara Zerbitzuak eta abisua ematen du matrikularen ordainketa egin behar dutenei (37,50 €); hau da, plaza dutenei matrikula noiz eta nola egin behar duten jakinarazten zaie.
- Bestalde, jarraipeneko programa bat dela gogorarazi nahi dizuegu, eta, horrekin batera, plaza baino eskaera gehiago jasoz gero, zozketa egiten dela.
Aisialdia. Udako kanpalekuak
UDAKO KANPALEKUAK
Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek euskararen erabilera sustatzen dute eskolaz kanpoko jardueretan. Hainbat jardueren bidez egiten dute, esaterako, D ereduko haurren udako kanpaldien bitartez. Erabilera lagunen artean indartzea da helburua, eta, asmo horrekin, besteak beste, D ereduko ikasleentzat egokiak diren kanpaleku zerrenda bat eratzen dute.
Gero, haurrek kanpalekuetan parte hartu ondoren, Antsoaingo Udalak matrikularen zati bat diruz lagunduko du. Diru-laguntza* eskatzeko epea iraila izanen da.
*Udaleku horiek 5 egunekoak izan behar dute gutxienez. Aukeratzen duzuen udalekuaren esku-orria eta matrikularen bankuko ordainagiria gorde. Diru-laguntza eskaera egiterakoan, derrigor aurkeztu beharko dira (beste zenbait dokumenturekin batera). Matrikularen ordainagiriak (banketxeak emandakoa), matrikularen %100 ordaindua dagoela erakutsi behar du, eta argi adierazi behar du ORDAINTZAILEA NOR DEN, ZEIN ENPRESARI egiten zaion ordainketa eta zertarako, hau da, KONTZEPTUA (haurraren izen-abizenarekin); bestela, ezin izanen dira ordainagiriak onartu.
Udalekuak LH 2022
Udalekuak DBH 2022
Ahozkotasuna. Bertso eskola
Zer da bertso eskola bat?
Bertsolaritzaren ezagutzan sakondu eta hizkuntzaren alde ludikoa lantzen duen gune bat dela esan daiteke; euskal kultura modu sortzaile eta aktibo batean bizitzeko lekua dela; edo haur, gazte zein helduen euskararen erabilera, bizitasuna eta kalitatea handitzeko sortuak direla bertso eskolak. Eta hori guztia hala izanik ere, askoz ere gehiago dira bertso eskolak: harremanak, komunikazioa eta gaitasun sozialak lantzeko aukera oso berezia ematen dute bertso eskoletako giroak eta bizipenek. Onura dira gaztetxoentzat nahiz herriarentzat.
Horregatik, Antsoaingo Udal Euskara Zerbitzuak Bertsozale Elkartearekin batera martxan dauka eskola bat Txoko Gorrin, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako neska-mutilekin, eta zabalik dauka atea DBHko beste talde bat abian jartzeko.
Euskaraldia
WWW.EUSKARALDIA.EUS: Euskaraldiari buruzko informazio eguneratu guztia aurkituko duzu.
Zer da Euskaraldia?
Euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da. Gizartearen gune guztietara zabaltzeko da, denborari dagokionez, mugatua.
Herritarrek zuzendu eta garatzen dute, instituzioen eta entitate publikoen babesarekin. Oro har, esan daiteke euskara dakitenen eta ulertzen dutenen arteko erabilera ohiturak hobetu nahi dituela.
2018an izan genuen Euskaraldiaren lehen edizioa eta herritarrak izan zituen ardatz. Bigarren edizioan, berriz, herritarrez gain, entitateei ere jarri zitzaien fokua, Ariguneak sortuz, hots, euskaraz lasai aritzeko guneak; eta 2022. urtean bide horretan urrats gehiago eginen dira.
Hurrengo lerroetan, Euskaraldiaren oinarri orokorren azalpena aurkituko duzu, baina xehetasunak ezagutzeko, Euskaraldia.eus helbidean aurkituko duzu informazio osatuena.
Zer lortu nahi dugu?
- Euskaraz ulertzen dutenen eta egiten dutenen arteko ariketa egitea.
- Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua da, baina bidea taldean eta batera eginez gero, erosoagoa gertatzen da eta lagundu egiten du.
- Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.
- Etab.
Non eginen dugu?
Herri askotan, denok batera. Bakoitzak bere inguruan eta bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan, tabernetan, elkarteetan…
Horretarako, herriz herri antolatuko dugu, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.
Nork har dezake parte?
Euskaraz ulertzen dugun 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena. Bi irizpide horiek betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.
Ahobizi izateko, “euskaraz hitz eginen dut uletzen dutenekin, erantzuna gaztelaniaz jasotzen badut ere; eta ezagutzen ez ditudan pertsonei hitz egiterakoan, lehen hitza euskaraz esanen dut beti”.
Belarriprest: “euskaraz egidazu, ulertzen dut eta. Nik euskaraz edo gaztelaniaz erantzun, zuk niri euskaraz egitea nahi dut”.
Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa eginen dugu 2020ko udazkenean ere!
Nola eman dezaket izena eta nola lortuko dut txapa?
- Antolaketan parte hartzeko idatzi euskera@ansoain.es helbidera.
- Udazkeneko ariketa sozialean parte hartzeko, unea iristen denean oharra helaraziko dizuegu, noiz eta nola parte har dezakezuen adieraziz.
Nork antolatzen du?
Udalerri bakoitzeko herritarrek antolatzen dute, eta, toki entitateen kasuan, ekimena dinamizatzeko diru ekarpena egiten dute (kanpoko dinamizatzaile bat), bai eta egoki irizten diren jardueretarako ere. Topaguneak antolatzen eta koordinatzen du Euskal Herri osoan.
Dirulaguntza. Euskara ikasteko dirulaguntza
Eskaerak ekainaren 1etik uztailaren 19 arte.
Antsoaingo Udalak euskara ikasteko dirulaguntza ematen du, Antsoainen erroldatuta egonez gero eta ikasleek klaseen % 85 hartu dituztela egiaztatzen badute.
EKARRI BEHAR DIREN AGIRIAK
Adierazi bezala, eskaerak ekainaren 1etik uztailaren 19 arte egin daitezke; eta aurreko urteko uztailaren 1etik eskera urteko ekainaren 30 arte egindako ikastaroak aurkez daitezke (baldintzen oinarriak bukaeran).
Izapideak telematikoki egin daitezke egoitza elektronikoan (ziurtagiri digitalarekin) edo Udaleko administrazio bulegora etorrita, aldez aurreko hitzorduarekin: 948 13 22 22 (maskara jantzita ekarri behar da).
Hauek dira aurkeztu behar diren agiriak:
- Eskabide orria, alkateari zuzendua.
- Familiaren diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak.
- Matrikula ordaindu dela erakusten duen bankuko transferentzia.
- Eskatzailearen kontu zenbakia.
- Minusbaliotasunaren egiaztagiria, halakorik bada.
- Familia Liburuaren kopia.
- NAaren kopia.
- Bertaratze-agiria, euskaltegiak egina. Honakoa zehaztu behar da: bertaratzearen ehunekoa, egindako maila, gainditutako maila. Bertaratzea %85ekoa izanen da, diru-laguntza eskatu ahal izateko.
ESKAERA ORRIA EUSK IKASKETAK
OINARRIAK Euskara ikasteko dirulaguntzak
D eredua, eleaniztasun eraginkorra
2023-24 ESKOLATZEA. D EREDUA: ELEANIZTASUNAK ONURAK DITU
Umea izatearekin batera une zoriontsu asko iristen dira eta, aldi berean, erabaki berriak. Onena eman nahi diegu, pozik hazi daitezen eta etorkizun oparoa izan dezaten. Besteak beste, zein hizkuntza-eredutan eskolatu aukeratu behar da, eta D eredu eleaniztuna oso interesgarria da, Nafarroan -denbora askoan edo gutxian- bizi diren guztiendako. Izan ere, abantaila asko ditu, eta horien arteko batzuk hauek dira:
D eredu eleaniztunak haurrek dauzkaten ezaugarri guztiekin gizarteratzeko heziketa ematen du. Hamarkadaz hamarkada sendotutako eredua da, gure seme-alabendako etenik gabe berritzen eta ontzen dena egiten duen etorkizunerako bidaian. Seme-alabei prestakuntza tekniko eta sozial eleanitza eskaintzen die D ereduak, euskara, gaztelania eta ingelesa ikasiko dutela bermatuz, etorkizunean bertako eta kanpoko erronkei erantzuteko.
Gurasook Udal hau lagun izanen duzue bidaia horretan, izan ere, Euskara Zerbitzuaren bidez, baliabideak eskainiko dizkizuegu hezkuntza-prozesuan, hizkuntzak modu integratuan barneratzeko, baita eskolatik kanpo ere. Laguntza hori eskola garaia baino lehenago hasten da, eskaintzen zaizkizuen baliabide guztiekin, hala nola tailerrak, hizketaldiak, material ludikoak edo ondorengo lerroetan aurkituko dituzuen gurasoen ohiko galderen erantzunak:
D EREDUA: ELEANIZTASUNA, EUSKARATIK ABIATUTA
Nafarroako toki entitateetan uste dugu, gaur egun, bereziki garrantzitsua dela hizkuntzak ikastea, izan ere, askotarikoa eta gero eta globalizatuagoa den gizarte honetan, onuragarriak dira komunitatea kohesionatzeko, ezagutza handitzeko, elkarbizitza kulturalarentzat eta dibertsitatearekiko errespetuarentzat. Aldi berean, laneko eta gizarteko esparruetan aukerak zabaltzen dituzte. Eta, hori dela eta, Nafarroako hainbat entitatek D eredu eleaniztunari buruz informatzeko kanpaina egin ohi dute.
D ereduko hezkuntzak bereziki zaintzen du hizkuntzen trataera integratua, irakaskuntza euskararen bidez bideratuta. Euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat (ingelesa) modu integratuan erakusten dituen eredu eleaniztuna da. Adituen iritziz, bereziki egokia da eredu hau, Nafarroako hizkuntza berekietatik abiatzen delako, horrek dakartzan motibazio eta jendartean erabiltzeko aukera guztiekin. Derrigorrezko hezkuntza bukatzerako, Nafarroako bi hizkuntzetan komunikatu ahal izatea integrazio elementu handia da; eta, bestalde, irakaskuntza eleanitza denez, ikasleei atzerriko hizkuntzak berenganatzea errazten zaie, beste kulturetako ateak zabalduz.
Alderdi horrekin batera azpimarratu behar da D ereduak ibilbide luzea eta esperientzia pedagogiko zabala duela, eta askotariko familiak bildu izan dituela beti, baita alderdi linguistikoari dagokionez ere: kasu askotan, ez aitek, amek edota arduradunek ez dakite euskaraz; besteetan, bai; atzerriko jatorria duten hizkuntzetan egiten dute besteek… Familia horiek guztiak aproposak eta ohikoak dira Nafarroa osoko D ereduan.
Familia horiei guztiei adierazi nahi zaie, toki entitateetako euskara zerbitzuak ematen dituzten zerbitzuak eta aholkularitza eskura dituztela euren udaletan eta mankomunitateetan. Zerbitzu horietan, proiektu eta programa asko garatzen dira, eskolekin eta denbora libreko entitateekin elkarlanean; hizkuntzaren sozializazioan aktibo aritzen dira, euskara erabiltzeko entretenimendu guneak sortuz, eta, horrela, gaitasunak eskuratzen lagunduz. Bestalde, gurasoei irakaskuntza-ereduei buruzko eta beste gaien inguruko informazioa zein laguntza ematen diete. Adibidez, www.era.eus garatu dute: gurasoei baliabideak eskaintzen dizkie, Interneten, eta baliabide horiek haurrei ikasketekin laguntzeko eta aisialdia osatzeko balio dute.
Antsoaingo Udalak jakinarazi nahi dizue gure udalerrian bertan badauzkagula zuek erabiltzeko Udal Euskara Zerbitzu bat (948 382241; euskera@ansoain.es), eta baita D ereduko ikastetxe publiko bat ere, Ezkaba Ikastetxe Publikoa.
Elaide.eus euskara ikasleei laguntzeko
Nagusiki euskara ikasleei bideratua dago, nahiz eta euskaraz egiten dutenendako eskaintza ere baduen. Euskaraz bizitzeko eta euskara lantzeko hainbat baliabide aurki daitezke atari honetan: agenda soziala, kulturala, irakurtzeko liburuak, aldizkariak, musika, pelikulak… Bestalde, euskaltegiei eta euskara ikasteko laguntzei buruzko informazio guztia ere bertan bilduta daukazu.
Nafarroako toki entitate hauek eratu dute Elaide: Agoitzek, Aezkoak, Antsoainek, Arangurenek, Artzibarrek, Atarrabiak, Auritzek, Barañainek, Basaburuak, Berriobeitik, Berriozarrek, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Burlatak, Eguesibarrek, Esteribarrek, Etxaurik, Erroibarrek, Erronkaribarrek, Galar Zendeak, Garesek, Imotzek, Luzaidek, Malerrekako Mankomunitateak, Odietak, Oltza Zendeak, Orkoienek, Orreagak, Sakanako Mankomunitateak, Uhartek, Ultzamak, Zaraitzuk eta Zizur Nagusiak.
MINTZAKIDE. Hitz egin nahi dut
ZER DA MINTZAKIDE?
Euskaraz hitz egin nahi dutenei mintzatzeko aukerak ematen dizkien programa bat da. Duela urte batzuk sortu zen, eta, hemen Antsoainen zein Iruñerri osoan, jende asko elkartzen du taldetan, gustuko dutena egiten duten bitartean, euskaraz hitz egiteko. Mintzakide programa arduratzen da talde horiek eratzeaz: 4-6 lagunekoak izaten dira, eta talde bakoitzean euskaraz erraz moldatzen den pertsona bat elkartzen da euskara maila hobetu nahi dutenekin. Paseoan, kafetegian, kiroldegian… astero biltzen dira, irakaslerik gabe eta modu informalean.
Hitz egin ahal izateko gutxieneko maila izatea da parte hartzeko baldintza bakarra (B1etik aurrera). Izen-ematea doakoa da eta irekia dago urriaren 28ra arte, www.irunerrikomintzakide.org helbidean edo Udal Euskara Zerbitzuan (Mintzakide eskuorria beteta).
Bestalde, euskaraz egiten dutenak ere izena ematera animatzen ditugu, mintzakideen bidelagun izan daitezen. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta talde gehiago eratuko ditugu.
Mintzakideren MKD2021-Irunerria-ESKUORRIA