ESCUELA MULTILINGÜE, DESDE EL EUSKERA.
Euskera eus
D EREDUA: ELEANIZTASUNA, EUSKARATIK ABIATUTA
Nafarroako toki entitateetan uste dugu, gaur egun, bereziki garrantzitsua dela hizkuntzak ikastea, izan ere, askotarikoa eta gero eta globalizatuagoa den gizarte honetan, onuragarriak dira komunitatea kohesionatzeko, ezagutza handitzeko, elkarbizitza kulturalarentzat eta dibertsitatearekiko errespetuarentzat. Aldi berean, laneko eta gizarteko esparruetan aukerak zabaltzen dituzte. Eta, hori dela eta, Nafarroako hainbat entitatek D eredu eleaniztunari buruz informatzeko kanpaina egiten ohi dute Nafarroako Gobernuko Euskarabidearekin batera.
D ereduko hezkuntzak bereziki zaintzen du hizkuntzen trataera integratua, irakaskuntza euskararen bidez bideratuta. Euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat (ingelesa) modu integratuan erakusten dituen eredu eleaniztuna da. Adituen iritziz, bereziki egokia da eredu hau, Nafarroako hizkuntza berekietatik abiatzen delako, horrek dakartzan motibazio eta jendartean erabiltzeko aukera guztiekin. Derrigorrezko hezkuntza bukatzerako, Nafarroako bi hizkuntzetan komunikatu ahal izatea integrazio elementu handia da; eta, bestalde, irakaskuntza eleanitza denez, ikasleei atzerriko hizkuntzak berenganatzea errazten zaie, beste kulturetako ateak zabalduz.
Alderdi horrekin batera azpimarratu behar da D ereduak ibilbide luzea eta esperientzia pedagogiko zabala duela, eta askotariko familiak bildu izan dituela beti, baita alderdi linguistikoari dagokionez ere: kasu askotan, ez aitek, amek edota arduradunek ez dakite euskaraz; besteetan, bai; atzerriko jatorria duten hizkuntzetan egiten dute besteek… Familia horiek guztiak aproposak eta ohikoak dira Nafarroa osoko D ereduan; eta kanpaina honen bidez, eskueran duten baliabide baten berri ere eman nahi zaie guraso horiei: toki entitateetako euskara zerbitzuak.
Zerbitzu horietan, proiektu eta programa asko garatzen dituzte, eskolekin eta denbora libreko entitateekin elkarlanean; hizkuntzaren sozializazioan aktibo aritzen dira, euskara erabiltzeko entretenimendu guneak sortuz, eta, horrela, gaitasunak eskuratzen lagunduz. Bestalde, gurasoei irakaskuntza-ereduei buruzko eta beste gaien inguruko informazioa zein laguntza ematen diete. Adibidez, www.era.eus garatu dute: gurasoei baliabideak eskaintzen dizkie, Interneten, eta baliabide horiek haurrei ikasketekin laguntzeko eta aisialdia osatzeko balio dute.
Antsoaingo Udalak jakinarazi nahi dizue gure udalerrian bertan badauzkagula zuek erabiltzeko Udal Euskara Zerbitzu bat (948 382241; euskera@ansoain.es), eta baita D ereduko ikastetxe publiko bat ere, Ezkaba Ikastetxe Publikoa.