2025eko abenduak 19

Futbol zelaiko harmailen estalkia, aurrekontu parte-hartzaileetan proposamen bozkatuena

Foto noticia

Antsoaingo futbol zelaiko harmailetarako estalkia eraikitzeko proposamena, Gazte Berriak futbol taldeak aurkeztua, irabazle suertatu da aurrekontu parte-hartzaileen urteko deialdian, 447 botorekin.

Bigarren postua “Hiri-gimnasioa” proiektuarentzat izan da. Pertsona partikular batek aurkeztu du eta 282 boto lortu ditu. 45.000 euroko aurrekontuarekin, aire zabaleko gimnasio bat sortzea proposatzen zuen, sistema kardiobaskular eta aldakorra duten ariketa-makinak instalatuz.  

Hirugarren postua, 213 botorekin, Antso Fest, Antsoaingo Gazteak, Antsoaingo Txoznak eta Antsoaingo Herri Kirol Taldeak proposatutako “Kulturaren estalkia” proiektuarentzat izan da, Rafael Alberti plazan edo Sakanpean kultur ekitaldiak egiteko karpa bat instalatzea helburu duena. 

Futbol zelaiko harmailetako estalkia 2026an zehar eraikitzea aurreikusten da, 60.000 euroko aurrekontuarekin.

Gazte Berriak 600 jokalari ditu, Nafarroako futboleko maila ezberdinetan diharduten 36 taldetan banatuta. Areto-futboleko taldeek izan ezik, guztiek erabiltzen dute 2004an inauguratutako belar artifizialeko futbol zelaia. 

900 boto baino gehiago

Deialdira aurkeztutako hiru proposamenen artean aukeratzeko herri-bozketa abenduaren 9tik 17ra bitartean gauzatu zen, eta 16 urtetik gorako herritar guztiek izan zuten bertan parte hartzeko aukera. 

Guztira 942 lagunek eman zuten proiektu irabazlea hautatzeko botoa, aurreko edizioetako parte-hartzea modu nabarmenean gaindituz. Proposamen guztiek aintzat hartzeko beharrezkoak ziren 100 botoak gainditu zituzten.

Antsoaingo Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei parte hartzeagatik eta, bereziki, aurkeztutako proposamenak prestatu dituzten talde eta pertsonek egindako lanagatik. 

Erreklamazioak aurkezteko epea zabalik

Udala bozketaren garapen egokia zalantzan jartzen duten zenbait informazio ikertzen ari da. Aurrekontu parte-hartzaileak urtero gauzatu beharreko proiektu bat aukeratzeko herritarren iritzia biltzeko egiten den dinamika bat da. Izaera “ez-arauemaile” hori izan arren, Udalak prozesua behar bezala garatzen dela zaindu nahi du. Horregatik, abenduaren 22tik urtarrilaren 15era bitartean erreklamazioak aurkezteko epea irekiko da. Epe horretan, bozketan parte hartzeko eskubidea modu egokian erabiltzeko oztoporen bat izan duten Antsoaingo herritarrek horren berri eman diezaiokete Udalari, helbide honetara idatziz: participación@ansoain.es.

Komunikazio guztiak konfidentzialtasun osoz tratatuko dira.

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba