2025eko irailak 10

Agustín Villarroya “El Tino”-k Antsoaingo jaietako txupinazoa botako du

Foto noticia

Udalak festen egitaraua eta bertan antolatuko diren kanpainak aurkeztu ditu

 Gaur goizean, Marta Díez Napal alkateak eta Miguel Ángel Arbizu Marturet zinegotziak, festetan inplikatutako herriko taldeekin batera, hilaren 18tik 21era ospatuko diren jaien egitaraua aurkeztu dute.

Agustín Villarroyak, “El Tino” bezala ezaguna, jaiei hasiera emanen dien suziriaren metxa piztuko du. Bere hautagaitza Antsoaingo Talde Gorriak aurkeztu zuen eta 898 boto popularrek babestu dute, parte-hartzerik handiena erregistratu den urtean. Bozketan parte hartu duten beste bi hautagaiak El Txarko Peña eta Marisol Compains izan dira.

Agustín Villarroyak 26 urte daramatza bere litxarreria-denda kutunaren buruan, eta datorren urtean erretiroa hartuko du. Hori dela eta, hauek izanen dira Tino Litxarrerien azken jaiak. Hainbat belaunaldiren haurtzaroa eztitzeaz gain, denda txikia herriaren bihotzean lagunekin topo egiteko eta alaitasuna partekatzeko gune bilakatu da. Bere jabearen ardurak eta pazientziak aztarna nabarmena utzi dute Antsoainen, eta herritarrek txupinazoa jaurtitzeko aukera emanez saritu nahi izan dute.

Marta Díez Napal Antsoaingo alkateak adierazi duenez, “erabakiak bereziki pozten nau tokiko merkataritzak pertsonen bizitzan duen garrantzia eta herria elkarrekin eraikitzeko, komunitatea osatzeko duen funtsezko papera agerian uzten duelako. Herritarrei Antsoainen erosten jarraitzeko gonbit egin nahi diet, bizitza errazagoa egiten diguten negozio txiki horien biziraupena bermatuz”.

Aurtengo egitarauak publiko guztientzako 50 bat jarduera biltzen ditu, herriko espazio ezberdinetan gauzatuko direnak. Zaintzaren ikuspegia oinarri izanik, adin guztiak aintzat hartu dira, “Antsoain, zaintzen duen herria” proiektuaren bidez adinekoei, haurrei eta nerabeei zuzendutako jarduerak indartuz.

Suziria jaurti aurretik, adineko pertsonak paellada batean bilduko dira Lapurbide plazan. Bertan, 300 pertsonek parte hartzea espero da.

Aurtengo jaiak Motxila 21en kontzertuarekin hasiko dira, musika-taldeari udalaren lokal batean entseatzeko aukera ematen dion akordioari esker. Musika egitarauaren indarguneetako bat izanen da, Zopilotes Txirriaus, Los Tenampas eta Trikiteens bezalako taldeen emanaldiekin.

Horrez gain, haur eta gazteei zuzendutako programazioa indartu da. Ostiral goizean eta arratsaldean PAI konpainiak eskainitako Ferieta espazio ludikoa zabalik izanen da eta parkour tailer bat eskainiko da. Larunbatean, orobat, Harrobi Gaztelekuak antolatutako kirol jarduerak aurrera eramanen dira, eta gauean karaoke bat izanen da Lapurbide plazan.

Aurten, berriz ere, larunbatean Lapurbide kalean egiten den paellada herrikoia berreskuratuko da, eta 450 pertsona inguru bertaratzea espero da.

Antsoain LGTBI+ proiektuaren baitan, igandean bingo-trabestia izanen da txosnetan, Yogurina Borova, Albina Sturdust eta Divina Comediaren partaidetzarekin.

Jaiei elkarrekin agur esateko, aurten ekitaldi sorpresa bat izanen dugu, 21:00etan, Udaletxeko Plazan.

Lehen aldiz, ANFASekin lankidetzan, egitaraua Irakurketa Erraza formatuan argitaratu da, informazioa pertsona guztiei helarazteko. Udaletxean, Idakin, Lapurbide Zentroan, Gazteberriak klubean eta liburutegian eskura daiteke.

Prentsaurrekoan gogorarazi denez, “programa honen atzean Udaleko langile eta sail ezberdinen esfortzua dago, eta baita herriko hainbat kolektibo eta elkarteren parte-hartzea ere. Hemendik gure esker onik zintzoena helarazi nahi diegu, publiko guztiei zuzendutako dozenaka ekitaldi antolatzeko egin duten lanagatik”.

Kanpainak jaietan

Udal zerbitzuek ere hainbat kanpaina bultzatuko dituzte jaiegunetan.

Beste urte batez, Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak drogen kontsumoari eta substantziarik gabeko beste mendekotasun batzuen inguruko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina abiarazi du. “Menpekotasuna eskatu gabe dator, Spoiler: Aske izatea da zure istoriorik onena”lelopean, drogen kontsumoari eta mundu digitalarekin zein zorizko jokoen lotutako beste menpekotasun batzuen inguruan hausnartzea du helburu. Azken horiek, tamalez, geroz eta eskuragarriagoak dira. Kanpaina udal zerbitzuetan, informazio paneletan, udalen eta Mankomunitatearen webguneetan, eta sare sozialetan zabalduko da. Gainera, Txosnetan eta Harrobin gizonezkoen eta emakumezkoen preserbatiboak doan banatuko dira.

Zerbitzu horrek, Berdintasuneko Zerbitzuarekin batera, informazio-saio bat antolatuko du barra borondatez egiten duten Antsoaingo kolektiboekin, kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko jarduera-protokoloak lantzeko, eta jaietan eraso sexistak prebenitzeko eta horien aurrean esku hartzeko.

Bestalde, udalak bat egin du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak harremanetan tratu ona sustatzeko antolatu duen kanpainarekin, “Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu. En Navarra… Disfruta, comparte y respeta”. Antsoaingo jaietan eraso sexistak saihesteko eta horiei arreta emateko ekintza zehatzei dagokienez, Berdintasun Zerbitzuak herriko Eraso Sexisten Aurkako Taldearekin koordinatuta sustatu dituenak, hainbat material sortu eta banatu dira tabernekin zein Azokarien Elkartea, Jai Batzorde-txosnak, Txokogorri eta Sociedades-Elkarteak taldeekin elkarlanean.

Gainera, PUNTU MORE bat ezarriko da indarkeria sexista eta lgtbifobikoen gainean kontzientziatzeko, bizipenak, iritziak eta interesak bilduz, eta indarkeria horiei aurre egiteko babes- eta informazio-gune gisa. Puntua txosnetan egonen da ostegunean 22:00etatik 02:00etara, eta ostiral zein larunbatean 23:00etatik 05:00etara. Lapurbide plazan ere beste puntu bat egonen da larunbatean 22:00etatik 00:30etara bitartean.

Irakurketa Erraza

Programa

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba