2026ko ekainak 15

Antsoaingo Udalak Regalos Basoa Opariak eta Chuches Tino merkataritzen ibilbidea aitortu du Antsoaingo Merkataritzari II. Omenaldian

Foto noticia

Antsoaingo Udalak joan den ekainaren 12an ospatu zuen Antsoaingo Merkataritzari II. Omenaldia, Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan egindako ekitaldi instituzionala. Ekitaldiaren helburua herriko merkataritzaren balioa aitortzea eta tokiko ekonomian, gizartean eta komunitatearen garapenean urte luzez egindako ekarpena eskertzea izan zen.
Aurten, aitortza berezia jaso zuten Regalos Basoa Opariak eta Chuches Tino establezimenduek, hiru hamarkadatik gorako ibilbideagatik eta Antsoaingo bizitza sozial eta komertzialean izan duten presentziagatik. Ekitaldian, oroitzapenezko plaka bana eta lore sorta bana eman zitzaizkien omenduei.
Regalos Basoa Opariak establezimenduaren izenean Sagrario Amatriak eta Luis Miguel Martinezek jaso zuten aitortza. Urte luzez opari, dekorazio eta etxeko artikuluen erreferente izan den establezimendu honek bezeroekiko gertutasuna eta arreta pertsonalizatua izan ditu bere ezaugarri nagusiak.
Bestalde, Chuches Tino establezimenduaren izenean Agustín Villarroya omendu zuten. Belaunaldi askoren egunerokoaren parte izan den negozioa da, eta urte hauetan guztietan haur, gazte eta familien topagune eta erreferente bihurtu da.
Ekitaldian zehar, Antsoaingo alkate Marta Díez Napalek tokiko merkataritzaren garrantzia azpimarratu zuen.
“Gaur aitortzen dugu ez bakarrik herritarrei ezinbesteko zerbitzua eskaintzen emandako bizitza oso bat, baita komunitatea ehuntzen, konfiantza sortzen eta Antsoaingo herritarrentzat topagune bihurtzen egindako lana ere. Tokiko merkataritza gure udalerriaren nortasunaren funtsezko zatia da, eta gure aitortza eta esker ona merezi ditu.”
Udalak nabarmendu zuen tokiko merkataritzak ekonomiatik harago doan balioa sortzen duela. Izan ere, establezimendu txikiek kaleei bizia ematen diete, harreman sozialak sustatzen dituzte eta herritarren eguneroko beharrak gertutasunez eta konfiantzaz asetzeko aukera eskaintzen dute.
Antsoainek gaur egun merkataritza eta zerbitzu sare zabala du, besteak beste elikadura, ostalaritza, moda, osasuna, zerbitzu pertsonalak eta merkataritza espezializatua barne hartzen dituena. Jarduera horiek guztiak udalerriko garapen ekonomikoaren eta gizarte kohesioaren oinarrietako bat dira.
Aitortza ekitaldia amaitu ondoren, bertaratutakoek KM 0 lunch batez gozatzeko aukera izan zuten. Lunch hori tokiko hiru establezimenduren lankidetzari esker prestatu zen: Donde María, Frutería Segura eta Carnicería Aristu. Horrela, bertako produktuen eta tokiko ekoizleen aldeko apustua ere agerian geratu zen.
Antsoaingo Merkataritzari II. Omenaldiaren bidez, Udalak berriro ere berretsi du tokiko merkataritzaren aldeko konpromisoa eta urteetan zehar herriaren garapenean funtsezko zeregina izan duten pertsona eta establezimenduei egindako aitortza. Ekitaldiak agerian utzi zuen merkataritza ez dela soilik jarduera ekonomikoa, baizik eta komunitatea eraikitzeko, harremanak sendotzeko eta herri bizi eta dinamiko bat mantentzeko ezinbesteko tresna.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Aukeratu jaietako kartela

Aukeratu jaietako kartela

Antsoainen erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek 2026eko Antsoaingo jaietako kartela aukeratu ahal izango dute, epaimahaiak aukeratutako 5 kartel finalisten artean. Pert...

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba