Lapurbide kaleko obrak
Lapurbide kaleko obren bidez, kale honetarako funtsezkoak diren oinezkoentzako bi pasabide goratuko dira, oinezkoen lehentasuna izanen duten maila bakarreko guneak sortuz. ...
Udalak erabilera txikiko hainbat berdeguneren mantentze-lanak egokituko ditu, udako hilabeteetan ur gutxiago kontsumitzeko, zuhaitzak babesteko eta biodibertsitatea sustatzeko
Antsoaingo lorategi batzuek itxura lehorragoa izanen dute uda honetan. Ez da utzikeriagatik izanen. Ezta zaintzeari utzi zaiolako ere. Udalak ureztatzearen murrizketa kontrolatua aplikatuko du erabilera txikiko hainbat berdegunetan, urteko hilabeterik beroenetan ura aurrezteko eta udalaren mantentze-lanak egungo klima-errealitatera egokitzeko.
Neurria udan ia erabiltzen ez diren belardi-guneetan aplikatuko da, bereziki industrialdearen inguruan. Gune horietan, belarra horitu edo berdetasuna galdu ahal izanen du aste batzuetan. Hala ere, zuhaitzak babesteko behar den ureztatzea mantenduko da. Gainera, euria eta udazkena iristearekin batera, lorategiek berezko berdetasuna berreskuratuko dute.
Udalaren txosten teknikoaren arabera, jarduketari esker 3.637 metro kubiko ur aurreztuko dira hilean. Hau da, 3,6 milioi litro baino gehiago; Idakiko igerileku estalia hiru aldiz betetzeko adinako ura.
Ondo zaindutako lorategi batek ez du zertan uda osoan berde egon
Urte luzez, ondo zaindutako lorategiaren irudia oso ideia zehatz bati lotuta egon da: uda osoan belar berdea izatea. Baina itxura hori mantentzeko ur-kantitate handia behar da, baita ia inor esertzen, jolasten edo paseatzen ez den guneetan ere.
Gainera, etengabe moztutako belar berdea biodibertsitate txikieneko aukeretako bat da. Beti baxu mantentzen denez eta loratzeko aukerarik ez duenez, elikagai eta babes gutxiago eskaintzen dizkie intsektuei, hegaztiei eta fauna txikiari. Horregatik, erabilera txikiko zenbait gunetan, Udalak mantentze-lan naturalizatuago baterantz aurrera egin nahi du, landarediak bere zikloa egin dezan: hazi, loratu, fruitua eman eta uda partean ihartu.
Horrek ez du esan nahi belar berdeko guneak desagertuko direnik. Udalak bereizi eginen ditu erabilera handieneko berdeguneak eta ikusizko edo igarobide funtzioa dutenak. Lehenengoek behar duten ureztatzea jasotzen jarraituko dute, egoteko eta aisialdirako gune atseginak izaten segi dezaten. Bigarrenetan, berriz, belarrari udako atsedenaldian sartzen utziko zaio, ureztatzeko maiztasuna astean bost egunetik egun bakarrera murriztuz. Bero-boladaren bat edo ezohiko egoeraren bat gertatuz gero, ureztatze osagarriak eginen dira.
Belarraren ureztatzea murriztuko den guneetan, zuhaitzak bizirik eta egoera onean mantentzeko behar den ura ematen segituko da.
Ingurumenaren aldeko neurria
Ureztatzearen murrizketa kontrolatua ez da neurri isolatua. Hiri-lorezaintzan gero eta ohikoagoa den mantentze-eredu baten barruan kokatzen da: ureztatzea gune bakoitzaren benetako erabilerara eta landaredi mota bakoitzaren beharretara egokitzea.
Udak gero eta zorrotzagoak dira. Bero handiko egoerak gero eta ohikoagoak dira, eta ura gero eta arduratsuago erabili beharreko baliabidea da. Testuinguru horretan, berdegune guztiak ureztatze-maila berarekin mantentzea ez da aukerarik arduratsuena.
Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren menpeko Ingurumen Hezkuntzako Zentro Nazionalak ur-kontsumo txikiko lorezaintzaren barruan jasotzen du ureztatze-beharren arabera guneak bereizteko beharra, belardiaren azalera murriztea ezinbestekoa ez denean eta ur-premia txikiagoa duten zuhaitz, zuhaixka eta bestelako landare-elementuak sustatzea.
Neurriak hiri-biodibertsitatea ere kontuan hartzen du. Gune batzuk modu naturalagoan garatzen uztean, loreak, haziak eta intsektu polinizatzaileentzako zein hegaztientzako babesguneak agertzea errazten da, herritarren erabilera handieneko berdeguneak kaltetu gabe.
Zuhaitz-zulo berdeak eta drainatze jasangarria
Jarduketa hau legealdi honetan Antsoaingo azpiegitura berdea lantzeko abiatu den lan-ildo zabalago baten parte da. Ildo berean, zuhaitz-zulo berdeak sustatzen ari dira. Horiek zuhaitzen sustraientzat leku gehiago eskaintzen dute, lurzoruaren kalitatea hobetzen dute, landareen presentzia sustatzen dute, biodibertsitatea handitzen dute eta ura hobeki atxikitzen laguntzen dute.
Era berean, Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak (DJHS) garatzen ari dira. Espazio iragazkorrak dira, euri-ura naturak egingo lukeenaren antzeko modu batean kudeatzeko aukera ematen dutenak. Zoladuratik doan ur kopurua murrizten dute, uholde-arriskua txikitzen dute, ibaietara irits daitekeen kutsadura mugatzen dute eta hiri-paisaia hobetzen dute. Gune horietan ureztatzea astean bost egunetik hirura murriztuko da.
Erronka ez da lorategi guztiak une oro berdin-berde mantentzea. Erronka udalerria irizpide jasangarriagoekin zaintzen jarraitzea da, zuhaitzak babestuz eta ura benetan behar den lekuetan erabiliz.
Lapurbide kaleko obren bidez, kale honetarako funtsezkoak diren oinezkoentzako bi pasabide goratuko dira, oinezkoen lehentasuna izanen duten maila bakarreko guneak sortuz. ...
Antsoainen erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek 2026eko Antsoaingo jaietako kartela aukeratu ahal izango dute, epaimahaiak aukeratutako 5 kartel finalisten artean. Pert...
Antsoaingo Udalak joan den ekainaren 12an ospatu zuen Antsoaingo Merkataritzari II. Omenaldia, Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan egindako ekitaldi instituzionala. Ekitaldiaren he...