2026ko ekainak 24

Milioi erdi euro baino gehiagoko inbertsioa Idaki hobetzeko

Foto noticia

Antsoaingo Udala maiatza eta iraila bitartean Idakiko kirol instalazioetan hainbat jarduketa egiten ari da, guztira 600.685,70 euroko aurrekontuarekin.

Jarduketek udako igerilekuari, kiroldegiari, sarbideei, Ezkaba patioari, hidrotermalari eta futbol zelaiari eragiten diete. Horietako batzuk dagoeneko egin dira, eta gainerakoak datozen hilabeteetan garatuko dira.

Udako igerilekuan zoruetako eta hormetako baldosen arteko junturak berritu dira. Jarduketaren kostua 22.671,77 eurokoa izan da. Lan horiei esker, higaduraren eta urteek eragindako narriadurak zuzendu dira, eta igerilekua kontserbazio- eta segurtasun-baldintza hobeetan gelditu da erabiltzaileentzat.

Kiroldegian argiteria berritu da, fokuen ordez LED argiztapen-sistema ezarriz. Inbertsioa 5.868,40 eurokoa izan da. Jarduketaren helburua erabilgarritasun-bizitza agortua zuten fokuen ordezkapena egitea eta kirol eremuko argiztapena hobetzea izan da. Gainera, LED teknologiak energia-kontsumoa murrizten du aurreko sistemarekin alderatuta.

Halaber, markagailu digital berria instalatu da kiroldegian, 5.236,88 euroko inbertsioarekin. Aurreko markagailua zaharkituta gelditua zen eta etengabeko matxurak zituen. Sistema berriak funtzio aurreratuak ditu eta kablerik gabe funtzionatzen du; horrek erabilera errazten du eta aurreko ekipamenduaren muga teknikoak gainditzen laguntzen du. Saskibaloirako 24 segundoko kontagailua ere badu.

Dagoeneko egin diren jarduketen artean dago, halaber, Idakiko fatxadan indarkerien aurkako lona jartzea. Jarduketaren kostua 1.040,60 eurokoa izan da. Ekimen hau Antsoaingo I. LGTBI+ Planari lotutako udal-lanaren barruan kokatzen da, eta kirol eremuetan aniztasunarekin, berdintasunarekin eta indarkerien prebentzioarekin dagoen konpromisoa ikusgarri egitea du helburu.

Udalak plataforma jasotzaile bat ere instalatu du kiroldegiko harmailen sarbideko hall-eko eskaileretan. Aurrekontu parte-hartzaileen bidez sustatutako jarduketa honek 26.233,90 euroko aurrekontua du, eta mugikortasun urriko pertsonei harmailetara zuzenean iristeko aukera emanen die.

Beste jarduketa batzuk

Gaur egun, QR sistema (txartel birtuala) ezartzen ari dira kirol instalazioetako sarbideetan, telefono mugikorraren bidez tornuetan erabiltzeko. Inbertsioa 14.403,84 eurokoa da, eta helburua da sarrera arintzea eta erabiltzaileei ematen zaien arreta hobetzea.

Egindako beste jarduketa bat udako gunearen eta kiroldegiaren arteko lotura zuzena sortzea izan da, ate lerragarri baten eta arrapala irisgarri baten bidez. Obraren aurrekontua 27.952,78 eurokoa da, eta udako denboraldian kiroldegia kirolerako nahiz aisialdirako gune gisa erabiltzeko aukera ematen du.

Inbertsiorik handiena Ezkaba patioaren eraberritze integrala izanen da. Proiektuak zoladura berria, kirolerako azalera berria, iparraldeko hegala estaltzea eta kirol ekipamendu berria aurreikusten ditu. Guztira, jarduketak 397.077,23 euroko aurrekontua du, eta ekainaren 24tik irailaren 3ra bitartean eginen da.

Hidrotermalean desgaitasuna duten pertsonentzako aldagela berri bat sortzea aurreikusten da, -1 solairuan, igogailuaren ondoan. Helburua da gaur egungo egoera zuzentzea, aldagela unisex bakarra baitago. Uztailean eginen den jarduketa honek 38.561,06 euroko kostua izanen du.

Futbol zelaian ikusleentzako harmaila estali bat instalatuko da, aurrekontu parte-hartzaileen barruan. Jarduketaren aurrekontua 59.963,39 eurokoa da, eta abuztuan egitea aurreikusten da. Horrez gain, aulkiak kontrako bandara eramatea aurreikusten da, Idakirako sarbidearen ondora, harmaila berritik ikusgarritasuna hobetzeko. Azken jarduketa horren kostua 1.675,85 eurokoa izanen da.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Lapurbide kaleko obrak

Lapurbide kaleko obrak

Lapurbide kaleko obren bidez, kale honetarako funtsezkoak diren oinezkoentzako bi pasabide goratuko dira, oinezkoen lehentasuna izanen duten maila bakarreko guneak sortuz. ...

Imagen Aukeratu jaietako kartela

Aukeratu jaietako kartela

Antsoainen erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek 2026eko Antsoaingo jaietako kartela aukeratu ahal izango dute, epaimahaiak aukeratutako 5 kartel finalisten artean. Pert...

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba