Historia

SARRERA

Antsoain herriaren historia estuki lotuta dago izen bereko Zendearen historiarekin 1991. urtera arte. Urte horretan, banandu eta udal gisa eratu zen martxoaren 14ko 81/1991 Foru Dekretuaz. Antsoain gaur zer den ulertuko badugu, aurrekoz zendea gisa eratu izanak zer esan nahi duen jakin beherako dugu: udal bakarra osatzen duten hainbat herriren elkartea da zendea.

Zendea moduan 1427. urtean ageri da lehenengoz, “Fuegos de la Merindad de Pamplona y las Montañas” izeneko liburuan (1427, Nafarroako Artxibo Nagusia). Liburu horretan, Iruñerriko zendeak ageri dira, eta, Nafarroa Gaztelarekin bat eginda (1515), Antsoaingo Zendeak bere horretan iraun zuen. XX. mendearen lehen erdian eratu zen udal, mugetan aldaketa nabarmenik izan gabe. Zendea honako hauek osatzen zuten: Antsoain, Aitzoain, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Berriozar, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitzak.

ANTSOAIN IZENAREN JATORRIA

Izenaren jatorria “Sancius” antroponimoan eta honen “San(t)so” herri forman dago. Zendeak hartu zuen toponimoa “Santsoain” gisa ageri da Erdi Aroan, hainbat grafiaz. Erresuman hainbat herri izenkide zegoenez, horiek ibarra edo hurbileko herriren bat izendatuz identifikatu ziren: “Sansoayn juxta Montem Regalem” (1270); “Sansoain de Orba” (1094); “Sansoang prope villam Artasso” (1104). Iruñerrikoa “Sansoain prope Artiga” (1204), “Sansoayn d’ Artiga” (1270), eta “Sansoayn prope Pampilonam” (1274) bezala ageri da. XV. menderako galdua zuen hasierako kontsonantea disimilazioz (Ançoainn, 1427), nahiz eta antzinako grafiak mendeetan zehar iraun zuen, eta lekuari eta Zendeari izena eman zion.

BI HERRI BATEAN

XX. mendearen bigarren erdian, herri zaharra eta berria bereiz zitezkeen jada, eta bi gune horiek garai bateko izen bereko Zendearen hego-ekialdean daude, Ezkaba mendiaren hego hegian.

Herri zaharrak Ezkaba mendiaren hegian dauka tokia, maldan eraikita eta goiko aldean eliza du, Kosme eta Damian sainduen parrokia-etxearekin. Elizaren ondoan, jauregi bat dago, garai bateko Oinetxea, eta, gainerakoan, antzinako etxeak hiruzpalau baino ez dira, gehienak zaharberrituak. Jauregi Oinetxearen ondoan, plazan, 16 metroko sakonera eta diametro handia duen putzu bat dago, mendeetan herritarrentzako ura eman duena.

Herri berria, berriz, Ezkaba mendiaren ordokian dago. Iruñeko Kaputxinoetaraino iristen da eta han bat egiten du hiriburuarekin. 1966. urte aldera, udalerriko hegoaldean, Iruñeko mugan, herri berria garatzen hasi zen. Gaur egun, udalerriko zerbitzu guztiak bertan daude eta antsoaindar gehienen bizilekuak ere bai.

Antsoaingo Zendeatik banantzeko dekretua (Tamaina 479Kb)

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba