Antsoaingo Udalaren Osoko Bilkurak atzo onartu zuen 2026. urterako udal aurrekontuak, 12.026.644 euroko zenbatekoarekin, 12.000.000 euroen muga lehen aldiz gaindituz. 2025eko azaroan onartutako Udal Plan Estrategikoaren konpromisoak ekonomikoki zehazten dituen lehen aurrekontua da. Plan horretan aurreikusitako 28 ekintza estrategikoetatik 14 gauzatzen hasiko dira.
2026ko aurrekontua, era berean, zaintzaren ikuspegia modu transbertsalean txertatzen duen lehena da, udalak herritarren bizitza hobetzeko egindako apustu irmoaren isla. Gainera, genero ikuspegia udaleko aurrekontu-politikan integratzen hastea dakar, hainbat programa pilotuen bidez.
Onartu zuen aurrekontuak %0,82ko igoera izan du aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta finantza-egitura orekatua finkatu du. Diru-sarrerak handitu ahal izateko, zergak, tasak eta prezio publikoak eguneratzearen ondoriozko diru-bilketa handiagoa, kirol-instalazioen diru-sarreren igoera eta Toki Ogasunei buruzko Legearen bidezko finantziazioa hobetzea aurreikusten da.
Langileen atalari gastu osoaren %48,18a egokitu zaio, eta kontuek 572.584 euroko aurrezki gordin positiboa mantentzen dute. Horrek egoera onean kokatzen du kanpo finantziazioa beharko duten proiektuei heltzeko, une honetan udalaren zorra %0 izanik.
Udalak estrategikotzat dituen politikak sendotu egin dira Udalaren kontuei esker. Genero berdintasuna eta euskara indartzera bideratutako partidek, lehen aldiz, aurrekontu guztiaren %1a gainditzen dute, eta politika komunitarioak, kulturalak, hezkuntzakoak eta zaintzakoak %5,67ko igoerarekin finkatu dira, udal-ekintzaren egiturazko ardatz bilakatuz. Ikuspegi horren oinarria “Antsoain, zaintzen duen herria” proiektua da, tokiko politika publikoak modu transbertsalean bideratzen dituena. Indarrean dauden jarduerak sendotzeaz gain, inbertsio handia eginen da ikastetxean sukalde komunitario bat egokitzeko aukera aztertu eta gauzatzeko. Sukalde horrek ikastetxeari, haur-eskolari eta jantoki komunitarioari zerbitzua emanen die. Horretarako, udalak Nafarroako aurrekontuetatik datorren 150.000 euroko partida erabiliko du.
Inbertsioak eta mantentze-lanak
Aurrekontuaren arabera, 833.518 euro bideratuko dira, besteak beste, udal-eraikinak mantentzera eta hobetzera, Harrobi kaleko zuzkidura-partzelaren hirigintza-tramiteak egitera, udaletxe plazako garajean esku-hartze teknikoa egiteko probak aurrera eramatera, filtrazioak konpontzeko, eta hezkuntza-, kultura-, gazteria- eta kirol-azpiegituretako hainbat jardueretara.
Kirol-instalazioen aldeko apustua, halaber, nabarmentzekoa da. Izan ere, arlo horretan 160.000 euro baino gehiago inbertitu dira, eta mantentze- eta ekipamendu-partidak sendotu dira. Instalazioen Plan Zuzentzailea eguneratu eta etorkizuneko ildoak definitzeko prozesu parte-hartzaile bat garatu ondoren, 2026ko aurrekontuak eskolari, kiroldegiari eta komunitate osoari zerbitzua ematen dien espazio estalirako partidak jaso ditu, funtzionaltasuna eta erabilera-gaitasuna hobetzeko helburuarekin. Horretarako, 125.000 euro erabiliko dira, Nafarroako aurrekontu orokorren zuzenketa izendun batetik datozenak.
60.000 euroko beste zuzenketa batek Lerin kaleko korridore berdearen zati bat egiten hastea ahalbidetuko du.
Jarduera guzti horiek burutzeak inbertsio-ahalegin handia ekarriko du, eta kanpo finantziazioaren euskarria izatea aurreikusten da, Udalak legegintzaldian zehar garatutako analisi ekonomiko eta finantzarioen arabera.
Genero ikuspegia
2026ko aurrekontua, orain arte zehaztutakoaz gain, lehen urratsa izanen da aurrekontuak egiterakoan genero-ikuspegia modu mailakatuan ezartzeko. Azken hilabeteetan, udal-arlo ezberdinetako teknikariek eta politikariek metodologia espezifiko bat definitzen lan egin dute, eta horri esker, ekitaldi honetatik aurrera, udal-programa batzuetan esperientzia pilotu bat garatu ahal izanen da. Helburua ikuspegi hori aurrekontu guztira zabaltzea da, bi edo hiru urte bitarteko epean, eta baliabideak modu bidezkoagoan eta herritar guztien premietara egokituz banatzeko bidean aurrera egitea.
Osoko bilkurak eta batzordeak egiteko daten aldaketa
Iván Cacho Isla zinegotzi sozialistaren eskariz, zeinak udal-ordezkaritza eta Kongresuko jarlekua uztartzen dituen, datorren urtetik aurrera osoko bilkurak hileko azken ostiralean izanen dira, 13:00etan.