2026ko urtarrilak 30

Antsoaingo Udalak 2026ko Urteko Kudeaketa Plana onartu du osoko bilkuran, proiektu berriak bultzatuz

Foto noticia

Gaur, urtarrilaren 30ean, Antsoaingo Udalaren osoko bilkurak 2026ko Urteko Kudeaketa Plana (UKP 2026) onartu du. Dokumentu horrek datorren ekitaldirako Udalaren lehentasunezko jarduerak zehazten ditu, eta Antsoaingo 2024-2030 Plan Estrategikoa garatzeko tresna nagusia da. Plan Estrategikoa azaroan onartu zen, 2024an eta 2025ean garatutako prozesu parte-hartzailearen ondoren. 

UKP 2026 udalerriaren definizio estrategikoaren fasea amaitu ondoren aurkezten da, eta epe luzera planteatutako helburuak urteko ekintza zehatz, bideragarri, koordinatu eta ebaluagarrietan gauzatzeko beharrari erantzuten dio, lidergo politiko eta tekniko argiarekin. Dokumentuak, guztira, hamar proiektu estrategiko biltzen ditu, udal-arloek identifikatutako erronkei erantzunez gobernu-taldeak hautatu eta lehenetsitakoak, barne-antolaketa hobetzen eta kalitatezko zerbitzu publikoen eskaintzan aurrera egiten jarraitzeko helburuarekin. 

Urteko Kudeaketa Planak dimentsio bikoitza du: alde batetik, barne-antolaketa eta koordinazioa indartzen ditu, udal-arloen arteko lana eta Plan Estrategikoan zehaztutako gobernantza-espazioen aktibazioa erraztuz. Bestetik, gardentasunerako eta kontuak emateko tresna da, Udalak bere gain hartzen dituen kudeaketa-konpromisoak eta espero diren emaitzak zehazten baititu, eta horien jarraipena egitea ahalbidetzen baitu, gobernu-organoen zein herritarren aldetik. 

Ardatz tematikoak, proiektuak eta ekintza zehatzak

UKP 2026ko proiektuak hainbat ardatz tematikoren inguruan egituratzen dira. Zaintzaren, demografiaren eta ekitatearen arloan, Antsoain, Zaintzen duen Herria proiektua sendotzea bilatzen da, zaintza komunitarioen sistema publiko integral bat indartzera bideratua. Arlo horretan, nabarmentzekoa da Plazan – Plaza programa abian jartzea, udalerriko pertsonen errealitateak identifikatu, ezagutarazi eta horietan esku hartzeko helburuarekin. Halaber, Antsoaingo boluntarioen talde bat sortuko da herritarren beharrei erantzuteko, eta “Zaintzen Eguna” ospatuko da. 

Genero-berdintasunari dagokionez, planak indarkeria matxistaren prebentziorako, sentsibilizaziorako eta prestakuntzarako programak barne hartzen ditu, bai herritarrentzat bai udal-langileentzat, eta Emakumeen Ahalduntze Eskola bat bultzatzen du. 

Kulturaren ardatza Antsoain Gara proiektuan oinarritzen da, errotzea, gizarte-kohesioa eta kide izatearen sentimendua indartuko dituen tokiko nortasun partekatu bat eraikitzea bilatzen duena. Horretarako, udalerriaren azterketa kulturala zuzenduko duen Talde Eragile bat sortuko da, Memoria Historikoan sakontzen den bitartean.

Bestalde, euskararen arloak aurrera egiten jarraitzen du Plan Estrategikoaren garapenarekin, eta hizkuntzaren sustapenerako ekintzak, ikusgarritasun-kanpainak, ekitaldiak eta beste udalerri euskaldun batzuekin aurrera eramanen diren lankidetzak koordinatzeko ibilbide-orri baten diseinuari esker. 

Kirolari dagokionez ere, Urteko Kudeaketa Planak jarduketa garrantzitsuak biltzen ditu. Besteak beste, instalazioen hobekuntza, Kirol Mahaiaren sustapena eta ikastetxeko patioa berritzeko proiektua. 

Espazio publikoaren esparruan, hiri-berrikuntzarako eta etxebizitza eskuragarrirako lurzorua mobilizatzeko proiektuak planteatzen dira, baita tokiko energia-komunitate bat sortzea eta Arga eta Ezkaba arteko korridore berdea garatzea ere.  

Horrez gain, gizarte-berrikuntza eta gobernantzaren arloan, erakundeen arteko lankidetza bultzatuko da, eta baterako gobernantza parte-hartzailean oinarritutako proiektu pilotu bat abian jarriko da. 

Amaitzeko, hamargarren proiektuaren ardatza udal-antolaketaren hobekuntza eta laneko arriskuen prebentzioa da, administrazioa modernizatzera, plantilla egokitzera eta giza baliabideen kudeaketa indartzera bideratutako jarduketekin.

Udalak azpimarratu duenez, 2026ko Urteko Kudeaketa Planak lehentasunak antolatzea, baliabideak optimizatzea eta udal-ekintzaren koherentzia sendotzea ahalbidetuko du, politika publikoek udalerriaren ikuspegi partekatu bati eta jasangarritasun-, inklusio- eta partaidetza-irizpideei erantzuten dietela bermatuz. Era berean, udalak konpromisoa hartu du planaren gauzatze-balantzea 2027ko urtarrilean argitaratzeko eta informazioa Gardentasun Atariaren bidez zabaltzeko, ebaluatzeko eta kontuak emateko mekanismoak indartuz. 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Imagen Industrialdeari buruz hitz egiteko bilera

Industrialdeari buruz hitz egiteko bilera

Abenduak 11n, Antsoaingo udalak lan-bilera bat izan zuen udalerriko industrialdeko enpresekin, eremuaren egungo egoera elkarrekin aztertzeko eta azken urteetan antzemandak...

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba