Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak Antsoaingo jantoki komunitario osasungarri eta jasangarria bisitatu du gaur. Herriko sare komunitarioa sustatzeko proiektua da, eta udalak herritarren eskaera bati erantzuteko jarri zuen abian 2024an.
Batzordekide hauek egon dira bertan: Raquel Garbayo, Marta Álvarez (UPN talde parlamentarioa), Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Javier Arza (EH Bildu talde parlamentarioa), Isabel Aramburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maribel García Malo (PPN talde parlamentarioa) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).
Bisita UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatu zuten, eta “zaharren nahiz desgaitasuna duten pertsonen zaintza komunitarioen esperientzia berritzaile hori ezagutzea” izan du xede.
Legebiltzarreko ordezkaritzari honako hauek egin diote harrera: Antsoaingo alkate Marta Diez Napal, udaleko gizarte-arloko zinegotzi arduradun eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakari Elena Ugarte Paez, Udaleko antolaketa eta langileen arloko zinegotzi arduradun Jon Garai Vales, “Antsoain, zaintzen duen herria” programaren koordinatzaile Naiara Aizpuru Sagaseta eta jantokiko teknikari arduradun Nerea Martínez Muñoz.
Udalerrian erroldatutako 65 urtetik gorako pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzua da, eta bi modalitate eskaintzen ditu. Alde batetik, Ostoki komunitate-zentroan dagoen jantoki presentzialak 40 plaza ditu: horietatik 10 desgaitasuna duten pertsonentzat dira, beste 10 elikagai-premiekin lotutako kasuetarako eta 5 errenta baxuko egoeretarako. Era berean, etxez etxeko banaketa-zerbitzuak 10 plaza ditu erreserbatuta mugikortasun urriko pertsonentzat.
Legebiltzarreko ordezkaritzak Naiara Aizpuru eta Nerea Martínez teknikarien eskutik ezagutu du proiektua, zeinaren helburua, azaldu dutenez, “anitza da”; izan ere, 65 urtetik gorako pertsonen edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea hobetzen lagundu nahi du, mendekotasun-egoerak eta gogoz kontrako bakardade-egoerak prebenituz eta, aldi berean, dieta osasungarriak eta jasangarriak bultzatuz, elikadura-defizitei aurre eginez.
Aizpuruk gaineratu duenez, familiaren atsedenerako eta deskargarako espazioak sortu nahi dituzte, eta, horrela, “zaintzak arlo pribatutik publikora ateratzea, norberaren edo familiaren arlotik komunitariora, eta, hartara, udal-zerbitzuak hobetzen laguntzea”.
Ildo horretan, eta proiektu komunitario bat garatze aldera, “ez bakarrik asistentziala”, udalak hezkuntza-teknikari baten figura sortu du, zaintza pertsonaletan eta udal-azpiegituretan lagun egiteko. Gune komunitarioa dinamizatzeaz eta zerbitzuaren funtzionamendua koordinatzeaz gain, pertsona horrek banakako laguntza ematen die erabiltzaileei, eta “zaintza kolektiboaren balioa sustatzeaz” arduratzen da.
2024ko urritik abendura bitarte egindako fase pilotu baten ondoren, proiektua finkatzeko fasean dago gaur egun (2026ko erdialdera arte luzatuko da fase hori); asmoa da heldu den urtetik aurrera jarraipena izango duela bermatuko duen lizitazio publikoa egitea.
Programaren koordinatzaileak eta jantokiko teknikariak aurreratu dutenez, fase pilotuaren ebaluazioak izan dituen emaitzak “giltzarri” izanen dira proiektuari jarraipena emateko. Zehazki, bildutako datuen arabera, erabiltzaileek uste dute “jantokiaren proiektua hasi zenetik hobetu egin dela beren ongizate orokorra, elikadura osasungarriagoa delako, harreman sozialak areagotu egin direlako, komunitatean parte hartzen dutelako eta hobetu egin direlako hainbat eremutan, hala nola antolaketan, ordutegietan eta higiene pertsonalean”.
Azalpenak eskertu ondoren, legebiltzarreko taldeetako eledunek aukera izan dute jantokian erabiltzaileekin batera bazkaltzeko eta udalak eskaintzen duen zerbitzua zuzenean ezagutzeko.