2025eko abuztuak 28

Antsoaingo Udalak prozesu parte-hartzaile bat bultzatu du industrialdearen erabilerak zehazteko

Foto noticia

Dagoeneko ekin zaio Antsoaingo industrialdea modernizatzeko eta berrantolatzeko hurrengo faseari. Udalak herritarren partaidetzan oinarritutako prozesu bat abiarazi du, Hiri Jarduketarako Plan Berezia (HJPB) izapidetu aurretik, industrialdearen erabilera xehatuak eguneratzeko asmoarekin. Ekimen hori udalerriaren hiri-plangintzan egindako aldaketa handiago baten parte da, tokiko hirigintza-araudiaren 27. artikulua berrikustea ere barne hartzen duena, argiagoa, sinpleagoa eta egungo errealitatera egokitua izan dadin.

Industrialderako Planak eremu horretako lurzoruaren erabilerak malgutzea eta modu berri batean antolatzea proposatzen du, hutsik dauden lurzatiak merkaturatzea erraztuz eta erabilera-malgutasun handiagoa izateko aukera emanez, aldi baterako bizitegi-erabilerak barne, hotelen edo ostatuen kasuan bezala. Era berean, industria-eremu eta inguruko bizitegi-guneen arteko bizikidetza hobetu nahi da, eskari berrietara eta indarrean dagoen arau-esparrura egokituz.

Herritarrek Plan Bereziaren markoan parte hartzeko prozesua inplikatutako eragileekin antolatuko diren bileren inguruan egituratuko da, udal-hedabideen bitartez, eta herritarrei hainbat auziren gainean iritzia agertzeko aukera emanen die. Besteak beste, ingurumenaren babesa, sarbideen hobekuntza eta berdegune zein ekipamendu berrien planifikazioaren inguruan jarrera hartu ahal izanen dute. Udalari dagokionez, prozesua ez da loteslea izanen, baina ikuspuntu guztiak ezagutzea ahalbidetuko du, aldez aurretik kontuan hartu ez diren auziak agerian gera daitezen. Proposatutako erregulazioari ekarpenak egiteko aukera egonen da.

Irailaren 30era arte, herritarrek udal erregistroan “HJPB INDUSTRIALDEAREN ERABILERAK” gaiarekin lotutako iradokizunak aurkeztu ahal izanen dituzte. Iritzi horiek baloratu ondoren, Udalak azken proposamen bat prestatuko du, onartutako eta baztertutako ekarpenak zehaztuz, eta kasu bakoitzean hartutako erabakiaren arrazoiak justifikatuz.

Irailaren 8an, eguerdiko 12etan, planaren aurkezpen publikoa eginen da Loza kulturgunean.

Industrialdea antolatzeko hiru alternatiba eta lehentasunezko proposamen bat

Azterlanak hiru aukera aurreikusten ditu. Udalak hautatutako aukerak, 3. aukerak, honakoa proposatzen du:

  • Ipar-mendebaldean kokatutako lurzatietan industria- eta merkataritza-erabilera misto berri bat martxan jartzea.
  • Zenbait eremutan ostatu-erabileren bateragarritasuna handitzea.
  • Antsoain Errepidea kaleko lurzatietan merkataritza-erabilera ezartzea.
  • Erabilerak berrantolatzea, industria- eta bizitegi-eremuen arteko trantsizioa hobetzeko.
  • Oinezkoentzako irisgarritasun urria duten eremuetan hirugarren sektoreko erabilerak murriztea.

Alternatiba horren bidez, jarduera ekonomiko berriak sustatu nahi dira, hirugarren sektoreko lurzoruaren geldialdia saihestu eta industrialdeari koherentzia funtzional eta normatibo handiagoa eman.

Aldaketa horiek duela gutxi onartutako udalerriko Plan Estrategikoan zein 2025. Urteko Kudeaketa Planean jasota daude.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba