2025eko azaroak 11

Xabier Martínez Urroz izanen da Antsoaingo udaltzainburu berria

Foto noticia

“Antsoain, Zaintzen duen Herria” proiektuaren markoan, Udalak gertuko polizia komunitarioaren eredua indartzeko apustua egin du

Alkateak Xabier Martínez Urroz izendatu du udaltzainburu, azaroaren 12an, asteazkena, ofizialki hartuko duen kargua. Segurtasun publikoaren esparruan eskarmentu handia izanik, Martínez Urrozek Nafarroako Foruzaingoan egin du lan, eta 2019ra arte Zizur Nagusiko Udaltzaingoaren buru izan zen.

Udalak berariaz eskertu nahi du Mikel del Molino Cruchaga aurreko udaltzainburuaren dedikazioa eta konpromisoa, arrazoi pertsonalengatik dimisioa aurkeztu behar izan duena. Azken urteetan, udaltzaingoa indartzen eta gertuko poliziaren eredua finkatzen lagundu du, azken horrek herriko segurtasunaren, mugikortasunaren eta bizikidetzaren kudeaketan garrantzi handia izan duelarik.

Izendapen berriarekin, Udalak polizia komunitarioaren eredua sendotu du, elkarrekiko konfiantza, prebentzioa eta pertsona guztien eskubideen errespetua oinarritzat hartuz. “Antsoain, Zaintzen duen Herria” proiektuaren testuinguruan, Antsoaingo Udaltzaingoa funtsezko eragile bat da, eta urteak daramatza zaintza-sare handi batean modu koordinatuan lan egiten, udal-arlo ezberdinekin, osasun- eta gizarte-zerbitzuekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, ingurune seguru, inklusibo eta kohesionatuak sustatzeko helburuarekin.

Proiektu hau zaintza eta bizikidetzaren gaineko ikuspegi integrala bultzatzen duen udal-estrategia bat da. Testuinguru horretan, Udaltzaingoaren zereginak funtsezkoak izanen dira, ez bakarrik gorabeheren aurreko erantzunari dagokionez, baita zaurgarritasun-egoerak goiz antzemateko, adinekoei laguntza eskaintzeko edo prebentzioa, bitartekaritza eta justizia errestauratiboarekin lotutako programen parte-hartzea handitzeko ere. Zentzu horretan, udaltzaingoa eragile aktiboa da udalerria herritarrekin eta tokiko erakundeekin batera ehuntzen ari den zaintza-sare komunitarioan.

Martínez Urrozen izendapenak orain arte egindako lana sendotzea ahalbidetuko du, zerbitzu publikora bideratutako kudeaketa moderno eta garden baten aldeko apustua eginez.

Zerbitzuaren hobekuntzak

Udalak Antsoain udalerri segurua dela azpimarratu du, eta adierazle ofizialek bizikidetzaren eta herritarren segurtasunaren mailetan joera egonkorra erakusten dutela. Zentzu horretan, Udaltzaingoak Foruzaingoarekin eta eskualdeko beste udaltzain batzuekin modu koordinatuan lan egiten du, zerbitzuaren eskuragarritasuna eta eraginkortasuna asteko egun guztietan bermatuz.

Udaltzaingoaren egungo egitura gutxinaka sendotzen ari da, alde batetik, deialdien eta zerbitzu-eginkizunen bidez, eta bestetik, 23/2018 Foru Legean aurreikusitako tresnak aplikatuz. Azken horiek ordutegi-eskuragarritasuna eta herritarrentzako arreta hobetzeko aukera ematen dute. Aipatutako neurriak ordezkaritza sindikalarekiko elkarrizketaren testuinguruan eta gardentasuna zein etengabeko hobekuntzarekiko konpromiso irmoarekin garatzen dira.

Era berean, barne antolaketa hobetzeko eta kontziliazioa errazteko helburuarekin, betiere zerbitzua bermatuz, Udalak Udaltzaingoko langileei zuzendutako borondatezko orduen poltsa bat sortzea proposatu du. Foru-araudian aurreikusitako neurri horri esker, une jakin batzuetan zerbitzuaren erabilgarritasuna indartu ahal izanen da, aldi berean eragileen ahalegina konpentsazio-sistema orekatu eta garden baten bidez aintzatetsiz. Neurria ordezkaritza sindikalarekin garatzen ari den elkarrizketa-prozesu baten markoan kokatzen da. Gainera, lan-eskaintza eta deialdi publikoen bidez, plantilla indartzeko aukera emanen du. Gogoan izan behar da datorren urtearen erdialdean bi agente gehituko direla zerbitzura, dagoeneko oposizioa gainditu eta akademian prestakuntza-aldia egiten ari baitira.

Udalak Martínez Urrozen izendapenak udaltzaingoari bultzada bat ematea espero du, bere esperientzia teknikoa eta ikuspegi komunitarioa Antsoaingo Udaltzaingoa definitzen duten balioekin batuz: gertutasuna, profesionaltasuna, errespetua eta zerbitzu publikorako bokazioa.  

Izendapen horrekin, Udalak berretsi egiten du pertsonen zaintza eta bizikidetza azpimarratzen dituen segurtasun-ereduarekiko konpromisoa. Izan ere, horiek dira “Antsoain, Zaintzen duen Herria” proiektuaren funtsezko zutabeak.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba