Parte-hartze prozesuan jasotako 200dik gorako ekarpenek ahalbidetu dute irisgarritasuna, segurtasuna, argiteria, landareak eta obrak kudeatzeko lanak nabarmen hobetzea.
Antsoaingo Udalak bukatutzat eman du Harrobiak kalean, Harrobiak zeharkalean, Arturo Campion kalean, Euskal Herria plazan, Larrazko plazan, Dorrondea kalean eta Lerin kalean egin nahi diren lanei buruzko parte-hartze prozesuko ekarpenen azterketa.
Galdeketa maiatzaren bukaeran bukatu zen eta 200 lagun baino gehiago bildu zituen; horretarako galdetegiak, kaleko elkarrizketak, informazio-jardunaldi bat eta lan-eremuetako ibilbideak erabili ziren. Halaber, gazteek eta haurrek egindako 51 proposamen bildu ziren Harrobiren bidez.
Parte-hartzeak kaleetako ohiko erabilerak ezagutzea ahalbidetu ditu, baita arazo zehatzak detektatzea eta kale horietan bizi diren herritarren proposamenak jasotzea ere.
Proiektuari gehitu zaizkion jarduerek oinezko ibilbideen jarraipena eta irisgarritasuna indartuko dituzte eta ahalbidetuko dute ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak hartzea eta puntu zailenak argiztatzea. Orobat, zuhaitzak, landare-eremuak, eserleku irisgarriak eta egoteko toki berriak gehituko dira.
Lanak zatika antolatuko dira atarietako, etxebizitzetako, garajeetako, dendetako eta zerbitzuetako sarbideak libre uzteko. Hasi aitzin, Udalak informazioa emanen du lanen datei buruz, trafiko mozketei buruz, ibilbide alternatiboei buruz, eta aparkalekuen aldi baterako aldaketei buruz. Espazioa berrantolatzeak aparkatzeko aldaketak ekarriko ditu hainbat tokitan.
Larrazko eta Dorrondeako lana taktikoa izanen da, eta zer emaitza ematen duen begiratuko da, beharrezkoa bada seinaleen kokapena, aparkalekua eta Muxu & Go guneak, lore-askak edo hainbat ibilbide doitzeko.
Merezi du ohartzea proiektu horiek Antsoaingo 2024-2030 Estrategia Planean, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planean eta Antsoaingo Kaleak proposamenean oinarritzen direla.
Ekarpen guztiak ezagutu eta kontuan hartuko diren neurriak jakin nahi badituzu, begiratu txostena hemen
