Emakumeendako segurtasunik gabeko leku kritikoak aztergai
Antsoaingo Udalak herriko leku kritikoen gaineko azterlan bat enkargatu du, esparru publikoan segurtasunik eza era- giten duten lekuak, elementuak edo faktoreak iden...
Udalak festen egitaraua eta bertan antolatuko diren kanpainen berri eman du
Antsoaingo hainbat taldek bat egin dute Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, bere 25. urteurrena betetzen duen urtean, irailaren 12an jaietako txupinazoa botatzeko hautagai gisa aurkezterako orduan.
Marta Diaz Napal alkateak eta Carlos Jiménez Sarasa jaietako zinegotziak, festetan inplikatutako herriko taldeekin batera, hilaren 12tik 15era ospatuko diren jaien egitaraua aurkeztu dute gaur goizean.
Iker Salinasek, David Rubiok eta David Vergarak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren izenean, jaiei hasiera emanen dien suziriaren metxa piztuko dute. Suziria jaurtitzen duen pertsona edo erakundea aukeratzeko herri-bozketa ezarri zenetik, bozketa-aldirik zabaldu ez den lehen aldia izan da. Izan ere, aurkeztutako proposamen guztiek bat egin dute hautagaitzaren aukeraketan.
Aurtengo egitarauak publiko guztientzako 50 bat jarduera biltzen ditu, herriko espazio ezberdinetan gauzatuko direnak. Zaintzaren ikuspegia oinarri izanik, adin guztiak aintzat hartu dira, “Antsoain, zaintzen duen herria” proiektuaren bidez adinekoei, haurrei eta nerabeei zuzendutako jarduerak indartuz.
Adineko pertsonak, suziria jaurti aurretik, paellada batean bilduko dira Lapurbide plazan. Bertan, 300 pertsonek parte hartzea espero da.
Era berean, ostiral goizeko jarduerak indartu dira, bereziki haur eta gazteei zuzendutakoak, PAI konpainiak eskainitako Ferieta jolasgunearekin eta parkour tailer batekin. Larunbateko saiheski-jana eta igandeko kalderetea, iaz bezala, Harrobi inguruan eginen dira.
Antsoain LGTBI+ proiektuaren baitan, igandean bingo-trabestia izanen da txosnetan, Yogurina Borova, Albina Stardust eta Divina Comediaren partaidetzarekin.
Prentsaurrekoan gogorarazi denez, “egitarauaren atzean Udaleko langile eta arlo ezberdinek egindako lan handia dago, baita herriko hainbat kolektibo eta elkarteren partaidetza ere, eta hemendik gure esker onik zintzoena helarazten diegu, egun hauetan zehar publiko guztiei zuzendutako dozenaka ekitaldiez gozatzeko aukera izan dezagun”.
Konpartsa
1992 urtetik aurrera, dantza taldeko kidez eta gaiteroz osatutako talde bat inauterietako figurak beste garai batzuetan erabiltzen hasi zen, Antsoainen konpartsa bat sortzeko helburuarekin. 1999an konpartsa ofizialki eratu zen, Udalak Antsoaingo lau erraldoiak erosi zituenean: Tasio, Kattalin, Pablo eta Maritxu, Mari Ganuzak eraikiak. Irteeretan, kilikiek (Inaxio artzaina, Xeberino fraidea, Antolin hargina, Dioniso mahastizaina, Anacleto gauzaina eta Mikaela amona) eta bi zaldikok laguntzen dituzte.
Konpartsa egun berezietan ateratzen da, hala nola Antsoaingo Egunean, Euskararen Egunean eta jaietan, baina, horrez gain, urtean zehar eskolako bisitak jasotzen ditu, eta beste auzo eta herri batzuetako ekitaldietan parte hartzen du hala eskatzen zaionean. 20 pertsona inguruk osatzen dute, eta horietatik 10-12 Erraldoiak dantzatzen dituztenak dira.
Kanpainak jaietan
Udal zerbitzuek ere hainbat kanpaina bultzatuko dituzte jaiegunetan.
Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte zerbitzuen Mankomunitateak aurten ere drogen kontsumoari eta substantziarik gabeko beste mendekotasun batzuen inguruko sentsibilizazio- eta prebentzio- kanpaina abiarazi du. “Begiratu gabe gurutzatuko zenuke? Behin egiteagatik” lelopean, arrisku-kontsumoak eta jokabide-adikzioak eta horiek komunitatean dituzten ondorioak murrizten saiatzen da. Kanpaina Udal zerbitzuetan, informazio paneletan, udalen eta Mankomunitatearen webguneetan zein sare sozialetan zabalduko da. Gainera, Txosnetan, Txokogorrin eta Harrobin gizonezkoen eta emakumezkoen preserbatiboak doan banatuko zaizkie eskatzen dituztenei.
Era berean, zerbitzu horrek, Berdintasunekoarekin batera, informazio-saio bat antolatuko du barra borondatez egiten duten Antsoaingo kolektiboekin, kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko jarduera-protokoloak lantzeko eta jaietan eraso sexistak prebenitzeko eta horien aurrean esku hartzeko.
Bestalde, udalak bat egin du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak harremanetan tratu ona sustatzeko antolatu duen kanpainarekin, “Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu. En Navarra… Disfruta, comparte y respeta”. Antsoaingo jaietan eraso sexistak saihesteko eta horiei arreta emateko ekintza espezifikoei dagokienez, Berdintasun Zerbitzuak herriko Eraso Sexisten Aurkako Taldearekin koordinatuta sustatu dituenak, hainbat material sortu eta banatu dira tabernekin zein Azokarien Elkartea, Jai Batzorde-txosnak, Txokogorri eta Sociedades-Elkarteak taldeekin elkarlanean.
Gainera, PUNTU MORE bat jarriko da indarkeria sexistei eta lgtbifobikoei buruz kontzientziatzeko, bizipenak, iritziak eta interesak bilduz, eta indarkeria horiei aurre egiteko babes- eta informazio-gune gisa. Txosnetan egonen da ostegunean 22:00etatik 02:00etara eta ostiral zein larunbatean 23:00etatik 05:00etara.
Gure mezua argia da: Antsoaingo Udalak ez ditu eraso sexistak onartzen. Pertsona guztiok dugu jaiez askatasunez eta berdintasunez gozatzeko eskubidea. Beldurrik gabe eta errespetu osoz.
Inguruneari dagokionez, aurreko urteetan bezala, ekitaldi gastronomikoetan bereziki sortzen diren hondakinak prebenitzeko, murrizteko eta bereizteko lan eginen da.
Amaitzeko, Antsoaingo Udalak jaietako hainbat ekintza euskaraz gauzatuko direla gogorarazten du, eta euskaldunei horietan parte hartzeko deia egiten die. Era berean, txosnetan eta Antsoaingo hainbat taberna eta dendatan euskaraz ere hitz egiten dela gogorarazten du. Azkenik, festak euskara erabiltzeko une egokia direla azpimarratu nahi du, urteko beste data batzuk baino gehiago, eta euskaldunak bere hizkuntzan hitz egitera animatzen ditu.
Antsoaingo Udalak herriko leku kritikoen gaineko azterlan bat enkargatu du, esparru publikoan segurtasunik eza era- giten duten lekuak, elementuak edo faktoreak iden...
Joan den astelehenean adineko eta/edo desgaitasunen bat duten 51 pertsonek lehen menua dastatu zuten Antsoaingo Udalak bultzatutako jantoki kolektibo osasungarri eta iraunkorr...
Trafiko Ordenantzan ezarritakoarekin bat etorriz, laster Aparkaldi Mugatuko Eremuko (AME) TXARTELEN urteko berritzea bideratuko dugu. Udal ordenantzek eskatzen dituzten baldi...