2023ko urriak 26

Aldaketak Antsoaingo udal tasa batzuetan

Foto noticia

Ordainsari-erregimen berri bat eta zinegotzi baten dedikazio esklusiboa ere onartuak izan dira

Udal zerbitzuen kalitatea mantentzeko eta komunitatearen beharrei erantzuteko asmoz, Antsoaingo udalak zerbitzu eta zerga batzuen prezioak doitzea onartu du azken osoko bilkuran. Aldaketa horiek datorren ekitalditik aurrera jarriko dira indarrean eta kirol-instalazioen iraunkortasuna zein herritarrentzako zerbitzu ezin hobeak eskaintzea bermatzeko beharrezko urrats gisa aurkezten dira. Udal zerbitzuek aurrera jarraitzea lor dezaten, igoerak ahalik eta txikienak dira.

Lurralde Kontribuzioaren gaineko zergari dagokionez, zerga-tasa %0,006 igotzea adostu da, marjinalki, %0,288tik %0,294ra. Zehazki, hainbat etxebizitza mota erreferentziatzat hartuta, Dorrondea kaleko familia bakarreko etxebizitza batek urtean 11,18 euroko igoera izango duela kalkulatzen da, eta Lerin kaleko pisu batek, aldiz, 7,12 eurokoa. Era berean, Lapurbideko pisu baten kontribuzioa 5,44 euro igoko da eta, kale berean kokatutako bigarren pisu baten kasuan, 3,74 eurora murriztuko da.

Aipatu behar da Lurralde Kontribuzioak zergaren %90eko hobariak barne hartzen dituela pentsio ez-kontributiboa, errenta bermatua eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunentzat. Errentaren arabera, familia ugaria, guraso bakarreko familia edo guraso bakarreko egoeran dauden familiaren titularrek ere %90eraino heltzen diren hobariak jaso ahal izango dituzte.

Neurri horiek udalaren diru-sarreretan 37.755 euroko igoera ekarriko dute.

Gainontzeko zergatan ez da aldaketarik izango.

 Aldaketak Idakiko tasetan

Idaki kiroldegiko zerbitzuen kasuan, azken 3 urteetan aldaketarik jasan ez duten tasak doitu egin dira, instalazioak eta kirol-jardueren eskaintza mantendu eta hobetzeko gero eta handiagoak diren kostuetara egokituz. Ura abonamenduak, urte osoan zehar igerilekua eta zentro hidrotermala erabiltzea ahalbidetzen duena, hilean 1,5 euroko igoera jasango du 16 urtetik gorakoentzat, 0,80 zentimokoa 5 eta 15 urte bitarteko erabiltzaileentzat eta euro batekoa jubilatu eta pentsiodunentzat. Idaki abonamendua, aldiz, gimnasioa erabiltzea eta kirol-jardueretan parte hartzea ahalbidetzen duena, 45 eurora murriztuko da (3 euro gutxiago) helduen kasuan, eta 38,5 eurora (2,40 euro gutxiago) jubilatu eta pentsiodunen kasuan, kirol-jardueretan parte hartzea sustatzeko helburuarekin.

Instalazioetako gainontzeko abonamenduak ez dira aldatuko.

Beste alde batetik, haurrentzako igeriketa ikastaroak hilabete batez luzatuko dira, maiatzaren amaiera arte, eta kuotan dagokion egokitzapena egingo da.

Idakiko prezioen doikuntzari esker, urtean 70.000 euro gehiago bildu ahal izango dira, eta diru hori instalazioak hobetu eta kirol-zerbitzuen eskaintza eta kalitatea handitzeko erabiliko da, tokiko komunitatearen beharrak asetzeko helburuarekin.

Aipatzekoa da Antsoaingo kirol-instalazioak, batez ere zentro hidrotermala, eskualdeko osatuenetakoak direla. Azken hilabeteetan, Nafarroako aurrekontua, Nafarroako Gobernua eta Antsoaingo udalaren elkarlanari esker, hainbat hobekuntza-lan burutu dira, hala nola sartzeko atea aldatzea, zentroa irisgarriagoa izateko ate automatiko bat jarriz, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta ingurumenaren gaineko inpaktua murrizteko plaka fotovoltaikoak instalatzea edo igerilekuaren estalkia ordezkatzea. Horrez gain, kirol-eskola zein gainontzeko jardueretan parte hartzeko talde gehiago egin dira, eta udal langileen zein Idakirolak enpresa publikoan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak hobetu dira.

“Ariketa fisikoaren errezeta” deritzon zerbitzuak geroz eta arrakasta handiagoa du. Osasun-etxearekin elkarlanean, zerbitzu honen asmoa jarduera fisikoa eta kirolaren bidez pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, denboraldi honetan talde espezifikoak sortu dira hainbat patologia edo gaixotasunen arabera. Talde horietan parte hartzen duten pertsonek arnas gaixotasunak dituzte, kardiopatiak, obesitatea, bizkarreko arazoak, diabetesa, hauskortasuna, minbizia, depresioa eta antsietatea eta fibromialgia. Sedentarioak diren gazte eta nerabeek ere parte har dezakete.

Zinegotzien ordainsarien eguneraketa eta zinegotzi baten dedikazio esklusiboa

Osoko bilkura berean zinegotziek udalbatzarretara joateagatik jasoko dituzten zenbatekoen eguneraketa onartu da, Elena Ugarte Paez zinegotziaren kasuan izan ezik, udalaren partetik dietak jasotzeari uko egin diola iragarri baitu, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaritzan duen dedikazio esklusiboaren ondorioz. Informazio-Batzordeak eta Tokiko Gobernu Batzarra hilean 325 eurotik 400 eurora igaroko dira parte-hartzaileek bertaratzeko baldintzak betez gero, eta hilean 500 eurotik 575 eurotara Tokiko Gobernu Batzarreko kideen eta Informazio-Batzordeen Lehendakaritzen kasuan.

Halaber, Jon Garay Vales Gobernu Taldeko zinegotziaren dedikazio esklusiboa onartua izan da, urtean 33.000 euro gordineko ordainsariarekin. Zinegotzia gobernu-taldearen berezko eginkizunak dinamizatzeaz eta kudeatzeaz, udaleko teknikariekin koordinatzeaz eta Udalan antolaketa-kultura berri bat abiarazteaz arduratuko da.

Lanpostu berri horren bidez, gobernu-taldeak herriko auzietatik hurbilago dagoen arreta eta jarraipen politikoa eskaini nahi du.

Erabaki hori hartzeko, Nafarroan antzeko tamaina eta ardura duten beste udalerri batzuen alderdi politikoaren funtzionamendua eredutzat hartu da, ezberdintasunak txikitzeko asmoz.

Proposamenak udal-korporazioaren gastua 27.300 euro igotzea suposatuko du, dedikazio esklusiboaren gizarte-segurantzaz gain.

NOTICIAS RELACIONADAS

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba