2025eko otsailak 3

Antsoainek 2025eko Urteko Kudeaketa Plana onartu du, berdintasuna, zaintza, euskara, kirola eta jasangarritasuna oinarritzat hartuz

Foto noticia

Azken osoko bilkuran, Antsoaingo Udalak 2025eko Urteko Kudeaketa Plana (2025 UKP) onartu du, 2024-2030 Plan Estrategikoarekin bat eginez urtean zehar lehentasuna izanen duten proiektuak zehazten dituen bide-orria. Plan Estrategikoa garapen-fasean dago eta UKParen 10 ardatz nagusietako bat da.

Onetsitako dokumentuak udalbatzaren jarduera-ildo nagusiak laburbiltzen ditu, udal-antolaketa hobetzeko eta zerbitzu publikoen eskaintza optimizatzeko helburuarekin. Era berean, lehentasunezko esku-hartzeak zehazten ditu berdintasuna, kultura, euskara, kirola, jasangarritasuna eta udal-zerbitzuak bezalako funtsezko esparruetan.

Planaren ardatz nagusien artean, Antsoainek “Zaintzen duen Herri” gisa hasi duen ibilbidea sendotzeko asmoa dago, gizarte-laguntzan oinarritutako sistema integral bat sustatuz eta arlo soziokomunitarioa berregituratuz. Jantoki kolektiboa abiaraztea, aniztasun funtzionala duten gazteen beharrak aztertzea eta erakunde, denda zein tokiko eragileekin batera egindako lana indartzea aurreikusten da.

Halaber, genero-berdintasunarekiko konpromisoa sendotuko da, arrakalak murrizteko eta indarkeria matxistarekin amaitzeko ekintza berriak aurrera eramanez, hala nola jazarpenaren kontrako protokoloak eguneratzea, aurreko urtean egindako puntu kritikoen azterketan oinarritutako esku-hartzeen proposamena, formakuntza-plan bat, Emakumeak Ahalduntzeko Eskolaren sustapena eta 2026ko aurrekontuetan generoaren eragina analizatzea.

Horrez gain, Sexu eta Genero (LGTBI+) Aniztasunaren Ekintza Plana bultzatuko da, iaz burututako diagnostikoarekin bat etorriz.

Euskarari dagokionez, planak klub eta kirol-jardueretan hizkuntza horren erabilera sustatzea proposatzen du, baita haur eta gazteen artean ere. Gainera, udala eta herritarren artean lankidetza-egitura bat sortzea planteatzen da.

Kulturaren esparruak ere protagonismo berezia hartzen du, kultura-identitate kolektiboa sendotzea, jarduera kulturalen diseinuan eta gozamenean herritarren parte-hartzea sustatzea, eta espazio kulturalen, programen eta hedapenaren irisgarritasuna hobetzearen aldeko apustuari esker. Horrez gain, planak kolektibo sozioekonomiko zaurgarriei kulturarako sarbidea errazteko neurriak aurreikusten ditu, baita memoria historikoaren eremuan jarduera-ildoak abiaraztea eta herritarren artean sorkuntza kulturala bultzatzea ere.

Kirolaren arloan, nerabezaroan kirola egiteari uztea murrizteko eta espezializazio goiztiarra saihesten duten kirol-eskolak indartzeko lan eginen da. Gainera, planak Idakiko kirol-instalazioen irisgarritasuna hobetzeko inbertsioak jasotzen ditu.

Era berean, espazio publikoa eta hiriaren konfigurazioa optimizatzeko neurriak planteatu dira, hala nola azpiegitura berdea garatzea, udalerriaren Mantentze Plana zehaztea, industrialdea hobetzeko finantzaketa eta proposamenak bilatzea, etxebizitzarekin lotutako arrazoizko irtenbidetan lan egitea eta kaleko argiteria osoa berritzea.

Planaren oinarrizko beste alderdi bat udal-antolaketa optimizatzea da, egitura administratiboan eta kudeaketaren gardentasunean hobekuntzak eginez, Gardentasunaren Atariaren etengabeko eguneratzea eta kontratazio-planak zein dirulaguntzak jendaurrean aurkeztea barne.

Amaitzeko, Udalak finantza-iraunkortasunaren arloan aurrerapauso bat eman du, tasetan eta zergetan gehikortasun-neurriak ezarriz, baita jantoki komunitarioko tarifetan ere. Aldaketa horiei esker, zerbitzuak erabili ahal izateko ekitatea indartzea bermatuko da.

2025eko Urteko Kudeaketa Plana funtsezko tresna da udal-ekintzak planifikatu, ebaluatu eta gardentasunez komunikatzeko. Berrikuspenak sei hilabetean behin burutuko dira, proiektu bakoitzak urtean zehar izan duen aurrerapena baloratzea posible eginen duena.

Gobernu-taldeak 2024ko Urteko Kudeaketa Planaren balantzea arrakastatsutzat jo du, antolamendu mailan suposatu duen jauziagatik eta plan horretan planteatzen ziren esku-hartze zehatzen eta helburuen betetze-mailagatik.

Planaren garapen eta gauzatzeari buruzko informazio xehea Udalaren webgunean eskuragarri izanen da: www.ansoain.es/eu

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba