“Antsoainek lotu egiten zaitu” lelopean, gabon aurreko egunetan tokiko erosketak sustatzea bilatzen da
Antsoaingo Udalak herriko merkataritzan oinarritutako aste berezi baten ospakizuna antolatu du, abenduaren 11tik 17ra, “Antsoainek lotu egiten zaitu” lelopean. Ekimen honen helburu nagusia gabon aurreko egunetan tokiko negozioetan egindako erosketak sustatzea da, herriaren garapen ekonomikoa sustatuz.
Antsoainen lehen aldiz antolatutako jarduera honek, Udalak bultzatuta, lekuko ekonomiarekiko konpromisoa indartzea, alferrikako joan-etorriak saihestea eta establezimendu ezberdinen artean loturak sortzea bilatzen du. Komunitatearen parte-hartzea sustatzeko asmoz, hainbat dinamika eta sari diseinatu dira.
Zazpi egun horietako bakoitzean, ekimenean parte hartzen duten saltoki, establezimendu eta zerbitzuetan erosketak egiten dituzten pertsonek bost deskontu-txartel irabazteko aukera izango dute, 10 eta 80 euro arteko zenbatekoekin. Horrez gain, “Bildotsaren mapa, altxorraren bila” izeneko jolas bat aurrera eramango da. Jolas horren bidez, egun bakoitzean 40 euro zozketatuko dira eguneko esaldia behar bezala osatzen duten pertsonen artean, aldatzen joango den ibilbide espezifiko bati atxikitako lokaletan lortutako hitzak erabiliz.
Jarduerak ez dira erosketak egitera mugatzen. Izan ere, parte-hartzaileek Loza Kultur Gunean establezimenduek antolatutako ekitaldietara joateko aukera izango dute. Ekitaldi horietan, negozioen arduradunek beren sektoreekin erlazionatutako aholkuak partekatuko dituzte, edertasuna, elikadura, automozioa, moda, etxea edo kirola bezalako gaiak jorratuz. Gainera, jarduera horietan parte hartzen dutenek 70 euroko txartelak irabazteko aukera izango dute.
Talde-jarduerak amaitu ondoren egingo diren zozketen emaitzak telefono-deien bidez jakinaraziko zaizkie irabazleei.
Asteari amaiera emateko, igandean 200 euroko zozketa berezi bat burutuko da parte-hartzaile guztien artean, eta herritarren fideltasuna tokiko negozioen ohiko bezeroei zuzendutako beste zozketa baten bidez sarituko da.
Jardueran parte hartzen duten establezimenduetan kartel bat jarriko da, “Yo sí participo – Nik parte hartzen dut” testuarekin.
Ekimen honek, tokiko garapen ekonomikoa sustatzeaz gain, Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH) bat egiten du eta Antsoaingo Udalak jasangarritasunarekin duen konpromisoa erakusten du.
Zehazki, GIH 8 (Lan-duina eta hazkunde ekonomikoa), GIH 12 (Ekoizpena eta kontsumo arduratsua), GIH 11 (Hiri eta komunitate iraunkorrak) eta GIH 17 (Itunak helburuak lortzeko) helburuekin laguntzen du.
Oinarriak
“Bildotsaren mapa, altxorraren bila”