2026ko ekainak 12

Antsoainek “Plaza Bizia” berreskuratu eta zabaldu egin du, espazio publikoa jolasaren eta artearen bidez eraldatzeko esku-hartzea

Foto noticia

Antsoaingo Udalak eta El Cuervo Blanco Arte Eskolak garatu dute proiektua, ehun ikasle baino gehiagoren parte-hartzearekin

El Cuervo Blanco Arte Eskolak, Antsoaingo Udalarekin lankidetzan, “Plaza Bizia” proiektuaren fase berri bat bultzatu du. Komunitate izaera duen esku-hartze artistiko honek Sakanpea kaleko zorua jolaserako, mugimendurako, sormenerako eta elkarbizitzarako espazio bihurtzea bilatzen du. Herriko topagune garrantzitsuenetako bat denez, eta familia, haur zein herritar askok erabiltzen dutenez, esku-hartzearen helburua espazio horren izaera bizia, inklusiboa eta partekatua indartzea da.

“Plaza Bizia” proiektuaren lehen fasea 2020-2021 aldian abiarazi zen, pandemia eta konfinamenduaren ondorengo testuinguruan. Garai hartan, haurrek kalera ateratzeko aukera bazuten ere, jolasgune askok itxita jarraitzen zuten.  Egoera horri erantzunez sortu zen proiektuaren abiapuntua: ohiko lekuetan jolastea posible ez bazen, zergatik ez erabili zorua bera jolasgune gisa? 

Haurren ikuspegitik sortutako egitasmoa

“Plaza Bizia” Itxaso Razquin El Cuervo Blanco Arte Eskolako zuzendari artistiko eta pedagogikoak bultzatu zuen, ikasleekin batera. Lan haren emaitza 600 metro karratu baino gehiagoko zirkuitu handi bat izan zen, mugimendua, esplorazioa eta sormena pizteko jolas, ibilbide eta proposamenez osatua.  

Denbora aurrera joan ahala, espazioaren etengabeko erabilerak eta eguraldiaren eraginak esku-hartzearen zati batzuk higatu zituen. Horren aurrean, Udalak eta Arte Eskolak proiektua berritzea eta handitzea erabaki dute, jatorrizko jolas batzuk mantenduz eta beste hainbat gehituz, guztira hamazazpi osatu arte.

Lana ikasgelan eta kalean

Proiektuaren fase berria urtarrilean abiarazi zen, ikasgelan egindako aldez aurreko lanarekin. Hilabete luzez, ehun haur eta gazte baino gehiagok espazioaren inguruan hausnartu, ideiak landu, proposamenak diseinatu eta aurreko elementuetatik zein mantendu behar ziren eta zein berritu zitezkeen adostu zuten.

Kalean zuzenean egindako esku-hartzeak Aste Santua baino bi aste lehenago hasi ziren. Harrezkero, ikasgelako lana eta espazio publikoan jolasak margotzeko saioak uztartu dira.

Eguraldiak ahalbidetu duen guztietan, taldeak kalera atera dira zuzenean lan egitera. Euria egin duen asteetan, berriz, ikasgelan lan egin dute, bilerak, talde-dinamikak eta diseinu-lanak eginez. Izan ere, bi alderdiak prozesu beraren parte dira: espazioa elkarrekin pentsatzea, sortzea eta eraldatzea.

Adin guztientzako gunea

Fase berri honek “Plaza Bizia” proiektuaren izaera inklusiboa eta belaunaldiartekoa indartzen du. Esku-hartzea ez dago haurrentzat bakarrik pentsatuta; adinekoei, aniztasun funtzionala duten pertsonei eta inguruko guneetako erabiltzaileei ere zuzenduta dago. Besteak beste, eguneko zentroko eta aire zabaleko gimnasioko erabiltzaileei.

Mugikortasun fisikoa sustatzeaz gain, zirkuitu berriek beste gaitasun batzuk lantzeko aukera ematen dute, hala nola memoria, arreta, behaketa, zenbaketa edo kolore, forma eta ibilbideen ezagutza.

Proiektuak QR kodea duen informazio-panel bat eskaintzen du. Kode horren bidez, herritarrek esku-hartzearen aurkezpena ikusi eta zirkuituetan parte hartzeko proposamenak zein erabilera-jarraibideak kontsultatu ahal izanen dituzte.

Hala ere, instalazioa espazio ireki gisa planteatzen da. Jarraibideek abiapuntu bat proposatzen dute, baina pertsona bakoitzak jolasak bere erara erabili, interpretatu eta esploratu ahal izanen ditu.

Ekimen honen bidez, Antsoaingo Udalak espazio publikoaren balioa indartu nahi du elkarbizitzarako, jolaserako, sormenerako eta komunitatearen zaintzarako gune gisa. Proiektuak artea eguneroko bizitza hobetzeko tresna bezala ulertzen du, herritarren parte-hartzea, irisgarritasuna eta espazioaren erabilera sustatuz.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba