UN COMERCIO DE CINE – NOTA DE PRENSA

Sin categorizar eus

Antsoaingo Udalak herriko merkataritza elkartearekin batera, Gabonetako IV. kanpaina abian jarri du aurten ere “ Un Comercio de Cine / Zinemara eramanen zaituen merkataritza ” izenarekin, sektorea bultzatzeko eta garatzeko.

Abenduaren 17a eta 31 bitarte izanen da kanpaina, eta berrikuntza asko dakartza aurreko urteetakoekin alderatuta.

Oraingo honetan, kanpainaren kartela eta euren erosleen artean banatzeko 6.500 tonbola-txartel eman zaizkie parte hartu nahi izan duten 45 saltokiei. Agortu arte emanen dituzte tonbolarako txartelak erosketak egiten ditugunean, eta erosleok hainbat onura jasoko ditugu, txartel horietan zuzenean emanen diren sarien bidez:

– 1690 sarrera, haur eta gazteen euskarazko eta gaztelaniazko filmak ikusteko 6 emanaldi hauetan: Antsoaingo Antzokian emanen direnak 2019ko urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, goizez eta arratsaldez (12:00etan eta 17:30ean). Neurri honen bidez, bai Udalak eta baita elkarteak ere kulturarekin daukaten konpromisoa erakutsi nahi dute, eta, horrekin batera, aisia eta entretenimendua herrian bertan bultzatu nahi dute, familiako eta laneko bizitza bateratzen laguntzeaz bat; izan ere, egun hauetan, haurrak oporretan dauden bitartean, guraso askok lana egin behar dute.

– ErriGora kanpainaren 4 saski, Nafarroako Erriberako produktuekin. Horrela, Antsoaingo Udalak eta merkataritza elkarteak babesa eman nahi diete bertako produktuei ErriGora kanpainaren bidez, eta aldi berean, baita euskararen erabilerari Nafarroako Erriberan ere.

Antsoaingo Merkataritza Elkarteak emandako 20 euroko 39 erosketa txartel, bazkide diren Antsoaingo saltokietan erabiltzeko. Honekin, atxikitako saltokiek 780 euro sartzen dizkiote tokiko ekonomiari.

– Bi lagunendako kultura bono bat, Antsoaingo Antzokian 2019an programatuko diren ikuskizun guztietara joan ahal izateko (500 euro baino gehiago balio du).Kanpaina honetan, nahi izan duten saltoki eta establezimendu guztiek inolako diru-kosturik gabe parte hartu dutela azpimarratu nahi dute bai elkarteak zein Udalak.

Bestalde, elkarteak ahalegin handia egin du, eguberrietako apaingarriak erosteko. Udalaren laguntza izan du horretarako, eta gure herria merkatal gune erakargarriagoa bihurrarazteko erabili dira. Merkatal gune hori gure herriko kaleek osatzen dute, eta bizilagun guztiak Gabonetako erosketak eta opariak bertan eskuratzera animatzen ditugu, kontsumo jasangarria egiteko aukera ematen baitigute gure kaleetako denda horiek. 100 saltoki inguru dauzkagu Antsoainen, eta bertan aurkitzen ahal dugu behar dugun guztia, kalitaterik, preziorik eta arretarik hoberenarekin.

Besarkada bat eta festak ahalik eta modu hoberenean pasatzea opa dizugu.

 

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba