Ander Quesada Ruizek eta Pedro Miguel Egui Agerrek kiroldegiko irisgarritasuna hobetzeko azken lanak bertatik bertara ezagutu zituzten atzo, alkatearekin eta Kirol arloko teknikariarekin batera. Anderrek, aurrekontu parte-hartzaileen bidez kiroldegiko harmailetara iristeko eskailera-igogailua eskatu zuenak, haren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuen. Eskailera-igogailua ekainetik dago martxan, eta 26.233 euroko kostua izan du instalazioak.
Anderrek azaldu duenez, «nire aitonarengatik eta, hark bezala, partidak ikustera joateko zailtasunak dituzten pertsonengatik eskatu nuen eskailera-igogailua. Nire lehengusuek eta nik saskibaloian jokatzen dugu, eta familia guztia harmailetara igotzen zen bitartean, nire aitonak partidak behetik eta bakarrik ikusi behar izaten zituen. Orain oso pozik dago».
Ondoren, desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarria den eremu hidrotermaleko aldagela berria bisitatu zuten. Jarduketa horri esker, emakumeentzako espazio bat eta gizonentzako beste bat daude. Lanak duela gutxi amaitu dira, eta 38.561 euroko aurrekontua izan dute.
Pedrok adierazi duenez, «batez ere, independentzia eta askatasuna ematen dizkit. Lehen, aldagela bakarra zegoenez, emakumeren bat erabiltzen ari ote zen begiratu behar nuen, eta, hala bazen, itxaron. Gauza bera gertatzen zen ni barruan nengoenean: emakumeek ezin zuten une horretan erabili. Orain nahi dugunean etor gaitezke».
Marta Díez Napal herriko alkateak nabarmendu duenez, «bi inbertsioak oso garrantzitsuak dira Udalarentzat, kirola egiteko eta kirolaz gozatzeko aukera bermatzen baitiete instalazioen irisgarritasun desegokiaren ondorioz beti erraztasunik izan ez duten pertsonei. Kontuan hartu behar da kirola garapen pertsonalerako eta sozializaziorako tresna ahaltsua dela».
Gogoratu behar da Antsoaingo Udala hainbat jarduketa egiten ari dela maiatzetik irailera Idakiko kirol-instalazioetan, guztira 600.685,70 euroko aurrekontuarekin.
