2026ko irailak 3

NASUVINSAren etxebizitza babestuen eskaintzak alokairuko sei BOE berri gehitu ditu Antsoainen, 2011tik lehenbizikoak

Foto noticia

Arturo Campión kaleko 8. zenbakian zegoen pentsio zaharrean egokitutako etxebizitzek logela batetik hirura dituzte, eta hileko errentak 263,56 eta 624,48 euro artekoak dira. Etxebizitza horiek eskuratzeko epea irailaren 10ean bukatuko da, eta zozketa hilaren 22an eginen da.

Antsoainek errentamendu-araubideko Babes Ofizialeko sei Etxebizitza (BOE) berri ditu. Arturo Campión kaleko 8. zenbakian daude, eta 2011tik udalerrian gehitu diren lehen etxebizitza babestuak dira. Jarduketari esker, higiezinean zegoen pentsio zaharra eraldatu eta alokairu babestura bideratu ahal izan da. Obrak apirilean amaitu ziren, eta enpresa sustatzaileak interesa duten pertsonen eskura jarri ditu etxebizitzak, atzo hasi zen NASUVINSAren eskaintza publikoaren bidez.

Proiektua Orlan 2019 S.L. enpresak sustatu du, eta erabilerarik gabe zegoen higiezin bat berreskuratzeko aukera eman du hiri-lurzorua ia erabat beteta duen udalerri batean. Bertan, lehendik dauden eraikinak birgaitzea eta eraldatzea da etxebizitza-eskaintza handitzeko bide nagusietako bat, lurzoru berririk erabili gabe.

Etxebizitzek neurri eta ezaugarri desberdinak dituzte. Sustapenak logela bateko etxebizitza bat, bi logelako bat eta hiru logelako lau etxebizitza ditu. Azalerak 38,42 eta 90 metro koadro artekoak dira. Zehazki, 38,42, 54,58 eta 72,50 metro koadroko etxebizitzak daude, eta beste hiruk 90 metro koadro dituzte.

Sei etxebizitzek A energia-ziurtagiria dute. Eraikinak isolamendu termikoa, emisibitate baxuko beira bikoitzeko PVCzko leihoak eta berokuntzarako nahiz etxeko ur bero sanitariorako aerotermia-sistema kolektiboa ditu. Berokuntza zoru erradiatzailearen bidezkoa da.

Hileko errentak azaleraren arabera aldatzen dira. 38,42 metro koadroko etxebizitzaren alokairua 263,56 eurokoa da hilean; 54,58 metro koadrokoarena, 374,42 eurokoa; eta 72,50 metro koadrokoarena, 497,35 eurokoa. 90 metro koadroko hiru etxebizitzek 617,40 euroko errenta dute, eta horri 2,80 metro koadroko trastelekuari dagozkion 7,08 euro gehitu behar zaizkio; beraz, hileko zenbatekoa 624,48 eurokoa da guztira.

Sustapenaren fitxak, gainera, errentarien diru-sarrera haztatuen araberako alokairurako dirulaguntzak jasotzen ditu. Jasotako ehunekoak hileko errentaren % 25etik % 75era bitartekoak dira, diru-sarreren tartearen arabera.

Parte hartzeko epea irailaren 10ean bukatuko da

Sei etxebizitza horiek Nafarroako Gobernuak 137 etxebizitza babestu esleitzeko irekitako prozeduraren parte dira: 40 erosketa-araubidean eta 97 alokairu-araubidean. Nafarroan alokairu-araubideko etxebizitza babestuen lehen sustapenak dira, eta horien erreserba orokorra zozketa bidez esleituko da.

Sustapenetako batean parte hartzeko prozesua irailaren 10era arte egonen da zabalik. Eskaera telematikoki egin behar da, sustapen bakoitzari dagokion katalogo-fitxaren bidez. Zozketa irailaren 22an eginen da, publikoa izanen da, notarioaren aurrean eginen da eta YouTube bidez zuzenean jarraitu ahal izanen da. Emaitzak hurrengo egunetan jakinen dira.

Parte hartzeko, etxebizitza babestua eskuratzeko baldintzak bete behar dira, eta Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Zentsuan izena emanda egon behar da. Aurkeztutako dokumentuek 5.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak ezartzen dituzte alokairuko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko.

Erreserba orokorrean, eskatzaileak hainbat taldetan banatzen dira, adinaren eta sustapena dagoen udalerrian erroldatuta dauden edo ez kontuan hartuta. Berariaz hartzen dira kontuan 35 urte edo gutxiagoko pertsonak eta 60 urte edo gehiagokoak. Eskaera bakoitzak dagokion taldean soilik parte hartzen du, eta Zentsuko eskaeran adierazitako logela-kopuruarekin bat datozen etxebizitzak eskuratzeko aukera izanen du soilik.

Desgaitasuna duten pertsonentzako, genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktimentzako eta familia ugarientzako erreserba bereziak, besteak beste, baremo bidez esleitzen dira, eta ez zozketa bidez.

Antsoain, Merkatu Tentsionatuko Eremua

Sei BOE horiek etxebizitza eskuratzeko zailtasun bereziko testuinguru batean gehitu dira eskaintzara. Antsoain Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatu zuten 2025ean. Udal-dokumentazioak adierazten du Antsoain eta Berriozar bezalako udalerrietan herritarrek beren diru-sarreren % 30 baino gehiago erabiltzen dutela alokairua ordaintzeko, etxebizitza mantentzeko beharrezkoak diren bestelako gastuak kontuan hartu gabe.

Antsoaingo Udalaren iritziz, lehendik dauden eraikinak birgaitzea eta etxebizitza babestuen parkera gehitzea bereziki garrantzitsua da udalerriko eskaintza handitzeko. Halaber, etxebizitzen jabeak NASUVINSAk kudeatzen duen Alokairu Poltsa ezagutzera animatzen ditu. Horren bidez, hutsik dauden etxebizitzak alokairu eskuragarrira bideratu daitezke, eta bermeak eskaintzen zaizkie bai jabeei, bai etxebizitzak alokatzen dituzten pertsonei.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba