ANTSOAINEK FESTETAKO ETA ARRIKUROCKEKO KANPAINAK AURKEZTU DITU

September 7, 2017

ARGAZKIA FOTO ANTSOAIN

Antsoaingo herria eta Udala ilusioz dago festen eta Arrikurocken zain, antsoaindar asko biltzen baitira herriaz elkarrekin gozatzeko urteko egun berezi horietan. Eta gaur goizean, Udaleko kideek herritarrekin batera, elkarrekin prestatu dituzten kanpainak aurkeztu dituzte; izan ere, Antsoainek festetan ere, ingurumena errespetatu nahi du, bere bi hizkuntzei tokia eman, kontsumo arduratsua bultzatu eta jarrera zein eraso sexistarik gabe bizi.

Horretarako, Prebentzio eta Arretarako Tokiko Protokoloa indarrean jarriko du emakumeen taldearekin, kolektiboekin, txosnekin eta Arrikurockekin lankidetzan. Udalaren baliabideak koordinatzeko neurriak jasotzen dira Protokoloan, erasoa sufritzen ahal duten emakumeei arreta emateko; sentsibilizazio neurriak ere baditu, herritarrak indarkeria matxista guztien bazterketan inplikatu daitezen eta, gure gizartean bizirik dirauen eredu patriarkaletik urrunduz, elkarbizitza eredu berrietarantz pausoak eman daitezen. Berdintasuneko kanpaina hau Nafarroako Berdintasun Institutuak laguntzen du diruz, “Eta festetan… zer?” kanpainaren barne. Gainera, “Gizonkeriatik gizontasunera” kanpainarekin ere bat egin da, gizonak maskulinitate modu berrietara ekartzeko.

Hizkuntzei dagokionez, paisaiaren hobekuntzan eta erabiltzeko ohituretan eragin nahi da. Horretarako, hainbat zerbitzugunetan euskararen presentzia handituko da eta zerbitzua emanez ibiliko diren kolaboratzaileak identifikatuko dira lonen, kamiseten eta segurtasun txaleko berezi batzuen bidez: euskararen “e” bat duen geolokalizatzaile original bat daramate “Nirekin euskaraz, zuk nahi baduzu” mezuarekin; eta, horrekin batera, kolaboratzaile horiek euskara erabiltzeko bultzadatxo bat emanen diete bertara joaten direnei, helburu horrekin jaso dituzten jarraibide erraz batzuei esker. Udaldia baino lehen aurkeztu zuen irudia Udalak, bestelako ospakizunetan ere sustapena egiteko.

Bestalde, drogen kontsumoari buruzko sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina prestatu du Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Aurten, genero ikuspegia ere badu kanpainak, kontsumo patroietan sexuak eta generoak sortzen dituen diferentziei eta berezitasunei ere arreta emateko. Antsoaingo kaleetan, tabernetan eta sare sozialetan ikusgai egonen diren kartelak egin dira; kontsumo arduratsurako jarraibideak dituzten esku-orriak banatu dira etxabetan, elkarteetan, txosnetan eta Arrikurocken; eta preserbatiboak ere bai. Txosnagunean, irailaren 15eko 23:00-03:00etara, Hegoak elkartearen Druida gunea zabalik egonen da: informazio zerbitzua ematen dute eta analisiak egiten dituzte bertan, droga kontsumoari loturiko arriskuak eta kalteak arintzeko.

Ingurumenaren arloan, aurreko urteetan bezala, Tokiko Agenda 21ek kanpaina eginen du, bereziki jarduera gastronomikoetan sortzen diren hondakinei aurre egiteko, gutxitzeko eta zaborrontzietan ongi banatzeko. Horrekin batera, herriko jendeari deia egiten dio, bertako saltokietan gertuko produktu ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak erosteko; izan ere, tokiko garapenari laguntzen dion eta planetan gure festek uzten duten aztarna murrizten duen ekintza etikoa eta arduratsua da era horretako kontsumoaren alde egitea.

Compartir en las redes sociales

<< atzera