
Antsoainek iraunkortasunaren aldeko apustuan aurrera egin du
Antsoaingo Udalak Azpiegitura Berdearen Planaren eta Hirigintza Berritzailearen Proiektuaren eraikuntza-lanei hasiera eman die, herria eredu jasangarriago, inklusiboago eta ir...
Antsoaingo Udalak herriko argiteria publikoa berritzeko eta egokitzeko proiektua lehiaketara ateratzea onartu du azken osoko bilkuran. Ekimenak instalazioak modernizatu eta eraginkortasun energetikoa hobetuko du, ingurumena zaintzea eta kontsumo elektrikoa nabarmen aurreztea bermatuz.
Eraldaketa horretarako inbertsioa guztira 1.330.123 eurokoa da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MTIECO) laguntzen bidez osorik finantzatua, DUS 5000 proiektu berezien programaren markoan. Programa horrek mailegu itzulgarriak eskaintzen ditu, proiektuaren aurrekontuaren %100a ordain dezaketenak, eta gehienez ere 10 urteko epean itzuli behar dira, gabealdia barne, interesik eta bermerik gabe.
Esku-hartze hori bat dator osoko bilkuran onartutako 2025. urteko Kudeaketa Planarekin. Hiriaren Konfigurazioa, Erresilientzia eta Ingurumenaren Jasangarritasuna ardatz estrategikotzat hartuz, Kudeaketa Planak “Antsoaingo erresilientzia klimatikoa sustatzea eta berotegi-efektuko gasen emisioa murriztea” aurreikusten du.
LED teknologia eta telekudeaketaren bidez modernizatzea
Proiektuak aurreikusten duenez, luminaria tradizionalen ordez eraginkortasun handiko LED teknologia erabiliko da, argi-potentzia %70 murriztea ahalbidetuko duena, A edo B kalifikazio energetikoa lortuz. Horrez gain, 21 aginte-zentrotan telekudeaketa-sistema bat instalatuko da, herritarren beharren arabera argiztapen-mailak denbora errealean monitorizatzea eta erregulatzea posible eginez. Instalatutako argiek 100.000 ordura arteko bizitza baliagarria izanen dute, eta bide edo espazio bakoitzaren ezaugarri eta behar espezifikoak aintzat hartuz aukeratuko dira.
Teknologia horrek ikusmenaren kalitatea eta erosotasuna hobetuko ditu espazio publikoan eta oinezkoentzako bideetan. Aldi berean, indarrean dauden argiteria-araudiak betetzen direla bermatuko du.
Aipatzekoa da 2023 eta 2024. urteetan jada Sakanpea, Lerin eta Ezkaba kaleetako argiak berritu zirela, baita udaletxe plazakoak ere. Orain berrikuntza udalerriko gainontzeko espazioetara zabalduko da.
Onura sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak
Aurrezte ekonomiko nabariaz gain, zazpi urteko amortizazio-epeari esker, esku-hartze horrek ingurumen-inpaktu positiboa izanen du, energia-kontsumoa murrizteak udalerriko karbono-aztarna gutxitzen lagunduko baitu.
Beste alde batetik, argi-kalitatea hobetzeak oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna indartuko du kale eta espazio publikoetan. Era berean, segurtasuna genero ikuspegitik hobetuko da.
Eraikuntza-lanak aurrera eramateko epea, kontratua esleitu ondoren, sei hilabetekoa izanen da, udalerriak epe laburrean argiteria-sistema berritu eta eraginkorra izanen duela ziurtatuz.
Gainera, ekimenak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako zenbait Helburu (GJH) indartzen ditu: GJH 7 (Energia Irisgarria eta Ez Kutsagarria), GJH 11 (Hiri eta Komunitate Jasangarriak), GJH 12 (Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsuak), GJH 13 (Klimaren aldeko Ekintza) eta GJH 15 (Lehorreko Ekosistemetako Bizitza).
Deskribatutako eraldaketaren bidez, Antsoaingo Udalak iraunkortasunarekin eta berrikuntza teknologikoarekin duen konpromisoa berresten du, etorkizuneko erronkei erantzuteko gai den udalerri eraginkorrago bat sustatuz.
Antsoaingo Udalak Azpiegitura Berdearen Planaren eta Hirigintza Berritzailearen Proiektuaren eraikuntza-lanei hasiera eman die, herria eredu jasangarriago, inklusiboago eta ir...
Iruñerriko Mankomunitateak (IM) gai organikoetarako eta gainerakoen edo errefusaren frakziorako edukiontziak elektronikoki irekitzeko sistema berria ezartzen jarraitzen du hi...
Azken asteetan, Ezkaba Ikastetxe Publikoan 2 urteko haurrentzako gela ezartzeko aukera ezagutu dugu hainbat iturritatik.Gai hau interes eta eragin sozial handia du, bai udalar...