2024ko ekainak 27

Antsoaingo Udalak 2023ko kontuak onartu ditu

Foto noticia

Ezkaba ikastetxe publikoan obrak egiteko aurrekontu-aldaketa ere onartu da.

Gaur egindako osoko bilkuran, Antsoaingo Udalak 2023ko Kontu Orokorra onartu du, 148.559,50 euroko superabitarekin.

Diru-sarreren kapitulua 11.126.451,64 eurora igo da, eta gastuena, berriz, 11.006.916,83 eurokoa izan da. Diru-sarrerei dagokienez, %21,20ko igoera izan da transferentzia arruntetan (guztira, 2022an baino 976.496,69 euro gehiago), eta %15,59koa kirol-instalazioen kuotetatik datozenetan, 171.952,40 euro hazi baitira abonatu berriei esker.

Gastuei dagokienez, langileei 5.783.373 euro dagozkie eta ondasun arruntei eta zerbitzuei 3.629.698,75 euro.

2023ko aurrekontuetan 335.005 euroko inbertsioak ezarri ziren, eta azkenean 770.976,23 eurokoak izan ziren, hasieran aurreikusi ez ziren dirulaguntzei esker eta inbertsio horietakoren bat egiteko diruzaintzako gerakinak erabiltzeari esker.

Garrantzitsuenak honako hauek izan ziren: kirol-instalazioen eraikinetan egindako hainbat obra (178.372,45), Eguneko Komunitate Zentroa eraberritu eta hornitzea (126.966,12), Ezkaba ikastetxean energia fotovoltaikoa instalatzea (93.709,39) eta argiteria publikoa berritzea (89.438,24).

Nabarmentzekoa da, halaber, aurrezki garbia, diru-sarrera arrunten hazkundearen eta gastu arruntaren murrizketaren ondorioz, 338.089,93 eurokoa izan zela, eta horri esker Udalak inbertsio berriak egin ahalko dituela.

Gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina 1.245.053,25 eurokoa izan zen, eta horiei gehitu behar zaizkie finantzazioa eta eragindako baliabideak dituzten gerakinak, abenduaren 31n udal-kontuetan aurreztutako 1.547.015 euroetara heldu arte.

Aurrekontu aldaketa

Gaurko osoko bilkuran 14.784,05 euroko aurrekontu-aldaketa ere onartu da, Ezkaba udal-eskolako lehen hezkuntzako korridoreko atean sartzeko eta irteteko arrapala irisgarri bat jartzeko Udalari eman dioten dirulaguntzari esker.

Beste mozio batzuk

Bestalde, zinegotziek adierazpen instituzional bat onartu dute ostiral honetan, ekainak 28, Sexu Askatasunen eta LGTBI+ Harrotasunaren Eguna dela eta. Bertan, Antsoaingo Udalak honako konpromiso hauek hartu ditu: egun egiten ari den LGTBI+ diagnostikoaren emaitzaren gomendioak ekintza-plan batean ezartzea; sentsibilizazio-ekintzak garatzen eta babesten jarraitzea; berdintasuna eta kolektibo horren onarpena sustatzen duten ekimenetan herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea; eta herria ingurune segurua eta diskriminaziorik gabea izan dadin bermatzea.

Azkenik, osoko bilkurak Palestinari buruzko mozioa ere onartu du. Mozio horretan, besteak beste, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzen da eta Nazioarteko Zuzenbidea betetzeko eskatzen zaio Israeli.

NOTICIAS RELACIONADAS

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba