2024ko urriak 31

Antsoaingo Udalak kontribuzioa eta udal tasak eguneratzea onartu zuen osoko bilkuran, herriarentzat beharrezkoak diren inbertsioak aurrera eramateko

Foto noticia

Neurria udalerriaren egonkortasun eta iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko beharrezko urratsa da

Atzo egindako osoko bilkuran, Antsoaingo Udalak 2025. urterako zergak eta tasak eguneratzea onartu zuen, hiri-kontribuzioa %8 eta tasa eta prezio publikoak %5 igoz.

Erabaki hori arau fiskalen indarberritzea, udalaren diru-sarreren gaineko presioa eta udalerriaren iraunkortasun ekonomiko eta soziala bermatzeko beharrak markatutako testuinguru batean hartu da.

Azken legegintzaldian, pandemia eta energia-garestitzea bezalako krisialdien aurrean, Antsoaingo udalak herritarren ongizatea lehenetsi zuen, tasak eta zergak hiru urtez (2021-2023) izoztuta mantenduz eta familia ugariei, guraso bakarreko familiei eta ostalaritza-establezimenduei zuzendutako salbuespenak eta hobariak aplikatuz. Egun, tasak eta zergak handitzeko erabakiak udalaren diru-sarrerak indartzeko premiari erantzuten dio, zerbitzu publikoen kalitatea eta jarraipena ziurtatzeko, energia-azpiegiturekin eta hobekuntzekin lotutako lehentasunezko inbertsioak finantzatzeko, eta inbertsio handiak aurrera eramatea ahalbidetuko duen zorpetze-aukera handitzeko.

Gastu-muga igo ahal izateko, beharrezkoa da zergak, tasak edo prezio publikoak eguneratzea, egitura sozioekonomikoak herriaren diru-sarrera publikoak hein handi batean baldintzatzen baititu. Izan ere, udalerrian ez dago industria-parke handirik, ezta adostutako hirigintza-garapenik ere.

%8ko igoera kontribuzioan

Kontribuzioari dagokionez, nabarmentzekoa da %8ko igoera indarrean dagoen katastroko balioa oinarritzat hartuz kalkulatu dela, ponentziaren eguneraketa ez baita 2026. urtera arte ezarriko. Ponentzia horri buruz ditugun datuak aintzat hartuz, etxebizitzen balioa %16,80 handituko dela kalkulatzen da.

Udalak %8ko igoera neurridun hori aplikatzea erabaki du diru-sarrerak orekatzeko bizilagunei neurriz kanpo eragin gabe. Neurria iragankortzat jotzen da; izan ere, dagoeneko adierazi den bezala, 2026an balio-ponentziaren eguneraketa gauzatuko da, jabetzen balioa higiezinen merkatuaren momentuko baldintzen eta ezaugarrien arabera egokituko duena.

Azpimarratzekoa da kontribuzioaren gaineko ikuspegi progresiboa aplikatzen jarraituko dela, katastro-balio handieneko jabetzak dituztenek ekarpen handiagoak eginen dituztelarik. Horrez gain, familia ugarientzako eta guraso bakarreko familientzako hobariak mantenduko dira, baita sektore zaurgarrienei zuzendutako laguntza espezifikoak ere.

Hiri-kontribuzioaren %8ko igoeraren ondorioz, adibidez, Harrobietako kalean dagoen eta katastro-maila oso handia ez duen etxebizitza batek urtean 20 euroko igoera izanen du. Taularen beste muturrean, Sakanpea kaleko familia bakarreko batek 37,31 euro gehiago ordainduko ditu urtean.

Hiri-kontribuzioaren kobrantza eta hobaria foru lege batek arautzen du eta, beraz, udalak ezin ditu alde bakarreko neurriak ezarri.

Tasak eta prezio publikoak

  1. urtetik izoztutako tasa eta prezio publikoak %5 igoko dira, azken ekitaldietan KPIaren igoera %18koa izan den arren.

Adibidez, pasabideak (2€/m lineal), terrazak (2€/m), lizentziak (29€), zangak (2,6€/m) edo ezkontzak (5€) eguneratuko dira.

Udalak onartutako neurriak aukera ematen du epe laburrean udalaren diru-sarrerak handitzeko eta aurrekontua funtsezko inbertsioetarako presatzeko, hala nola inbertsio garrantzitsuak kirol-instalazioetan, hiri-altzarietan eta hobekuntza energetikoetan, egungo aurrekontuarekin zorpetzerik gabe aurrera eraman ezin direnak. Horrez gain, gogoan izan behar da datozen urteetan herritarrekin konpromiso argiak ezartzea ahalbidetuko duen Plan Estrategiko bat garatzen ari dela, udalaren inbertsio eta erabaki ekonomikoek komunitatearen beharrizan eta nahiekin bat egiten dutela bermatuz.

Gobernu-taldeak nabarmendu duenez, zergen eta tasen eguneraketa udalerriaren egonkortasun eta iraunkortasun ekonomikoa ziurtatzeko beharrezko urratsa da eta azken urteetan ezarri diren politika sozial eta komunitarioekin jarraitzea ahalbidetzen du, komunitatearen etorkizunak ekarriko dituen erronka estrukturalei aurre egiteko aukera emanez.

NOTICIAS RELACIONADAS

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba