31 de marzo de 2026

Euskarak bere plana izanen du Antsoainen

Foto noticia

Antsoaingo Udalak 2026-2030 Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesua abiarazi du. Tresna horren bidez, datozen urteetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko norabidea zehaztuko da. Prozesua martxotik maiatzera bitartean gauzatuko da, eta ekainaren hasieran amaituko da, dokumentua jendaurrean aurkeztuz.

Ekimen honek jarraipena ematen dio Antsoaingo 2024-2030 Plan Estrategikoari. Izan ere, bertan hizkuntzaren arloan plangintza espezifiko bat diseinatzeko beharra aurreikusten zen.

Prozesua irekia eta parte-hartzailea izanen da, euskararekin lotutako tokiko eragileen eta Udalaren beraren ekarpenak biltzeko helburuarekin. Horretarako, udaleko teknikariek, arduradun politikoek eta kanpoko aholkularitza espezializatuak osatutako talde eragile bat eratu da, lan guztia koordinatzeaz eta jarraipena egiteaz arduratuko dena. Herriko euskararen taldeak ere prozesuan parte-hartze aktiboa izanen du.

Otsailean burututako lehen fasean, proiektuaren oinarriak zehaztu dira: irismena, metodologia, kronograma eta lan-sistema. Martxotik aurrera prozesuaren fase publikoa abiatu da, udaleko teknikariei eta inplikatutako gizarte-eragileei zuzendutako aurkezpenak eginez, hasieratik ezagutza eta partaidetza bermatzeko.

Prozesuaren funtsezko hilabeteak apirila eta maiatza izanen dira. Alde batetik, euskarak herrian duen egoeraren diagnostikoa eginen da, dagoeneko eskuragarri dauden datuetatik abiatuta (hizkuntzaren ezagutza, erabilera edo presentzia esparru desberdinetan), eta bi partaidetza-saio antolatuko dira tokiko eragileekin: apirilaren 21ean eta maiatzaren 5ean. Topaketa horietan zehaztuko dira planaren jarduera-eremuak, helburu estrategikoak eta lan-ildo nagusiak.

Bildutako informazio guztiarekin planaren zirriborroa osatuko da, behin betiko idatzi aurretik talde eragilearekin eta udaleko ordezkariekin kontrastatuko dena. Azken dokumentua Udalaren plangintza estrategiko orokorraren parte izanen da.

Prozesua ekainaren hasieran amaituko da, plana herritarrei aurkezteko ekitaldi ireki batekin. Bertan, emaitzak partekatu eta planaren izaera kolektiboa indartuko da.

Udalak nabarmendu duenez, helburua da plana tresna erabilgarri eta partekatua izatea, esparru teknikoa gainditu eta udal kudeaketan zeharka txertatuko dena, euskararen erabilera eguneroko bizitzan sustatzeko arlo eta zerbitzu guztiak inplikatuz.

Marta Díez Napal alkatearen hitzetan, “helburua euskara modu naturalean integratzea da, ez soilik udal-politikan eta jardueretan, baita herritarren egunerokoan ere. Antsoainen euskaraz bizi nahi duen orok horretarako aukera eta berme guztiak izan ditzan”.

NOTICIAS RELACIONADAS

Imagen El euskera tendrá un plan en Ansoáin

El euskera tendrá un plan en Ansoáin

El Ayuntamiento de Ansoáin ha puesto en marcha el proceso para la elaboración de su Plan Estratégico del Euskera 2026-2030, una herramienta que permitirá definir las líne...

Facebook
Twitter
Instagram
Volver arriba