Antsoaingo Udalak 2023-2026 legealdian Udaltzaingoak izan duen egoerari buruzko barne-azterketa bat aurkeztu du udal batzordean, zerbitzuaren egungo egoera eragin duten antolakuntza-, funtzionamendu- eta harreman-dinamikak ulertzeko helburuarekin.
Analisiaren arabera, gaur egun txandak betetzeko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko dauden zailtasunak ez dira soilik arazo ekonomiko, sindikal edo harremanezkoen ondorio. Aitzitik, arazoaren muina Udaltzaingoaren ohiko funtzionamendu-ereduaren eta interes orokorrera bideratutako zerbitzu publiko jasangarri eta antolatuago baten aldeko udal-apustuaren arteko talka da.
Azterketak argi utzi du urteetan zehar zerbitzua borondatezko erabilgarritasunean, malgutasun informalean, langileen artean adostutako txanda-aldaketetan eta egituratu edo formalizatu gabeko mekanismoetan oinarritu dela. Eredu horrek zerbitzua mantentzea ahalbidetu badu ere, barne-akordioekiko eta borondatezko lankidetzarekiko mendekotasun handia sortu du.
Gaur egungo egoerak sistema horren ahultasuna agerian utzi du, alde bakoitzak egoera horretara iristeko izan ditzakeen arrazoiak edozein direla ere. Izan ere, agenteek Udalari jakinarazi diote ez dutela borondatezko erabilgarritasunik izanen txanda-aldaketetarako edo bestelako moldaketetarako.
Udalaren ustez, egiturazko eta antolakuntzazko arazo baten aurrean gaude. Egungo egoerak argi utzi du eredu hori ez dela sendoa eta planifikazio handiagoko sistema baterantz jotzeko beharra dagoela. Horrek esan nahi du balizko baja edo ezustekoei aurre egiteko mekanismo egonkorrak behar direla, antolakuntza egituratu batekin eta herritar guztientzako zerbitzu publikoa benetan bermatuz.
Ildo horretan, batzordean partekatutako azterketak ondorioztatzen du gaur egungo zailtasunak ez direla, nagusiki, Udaltzaingoaren narriadura ekonomikoaren ondorio. Datuen arabera, Antsoaingo Udaltzaingoaren ordainsariak altuenen artean daude, bai udal antolakundearen barruan, bai inguruko udalerriekin alderatuta.
Funtsezko zerbitzu batean bajan dauden hainbat agente
Une hau bereziki konplexua da gaur egun bajan dauden agenteen kopuru handia dela eta. Udalak kezka agertu du zenbait dinamika kolektibok Udaltzaingoaren zerbitzua eskaintzeko gaitasunean izan dezaketen eraginagatik, eta egoeraren jarraipen hurbila eginen du, bere baliabideak erabiliz eta horretarako eskumena duten erakundeetara joz.
Egoera hori, gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegiak hartutako erabaki baten ondoren dator. Auzitegiak espresuki gogorarazi du Udalak udaltzaingoaren gutxieneko zerbitzua bermatzeko betebeharra duela (asteko zazpi egunetan eta hiru txandatan lan egiteko helburuarekin). Era berean, estaldura hori bermatzeko salbuespenezko neurriak hartzearen zilegitasuna eta zerbitzu publikoaren antolakuntza-beharrak lehenestearen zilegitasuna ere aitortu ditu, egoera zehatzen edo interes partikularren aurretik.
Elkarrizketa, baina zerbitzuaren bermearekin
Udalak berriro adierazi du barne-giroa hobetzeko elkarrizketan eta lanean jarraitzeko prestutasuna duela, bai eta berriki egindako azterketa psikosozialetik eratorritako ondorioak, proposamenak eta alternatibak langile guztiekin eta ordezkaritza sindikalarekin aztertzeko ere, harremanetan eta antolakuntzan egonkortasuna berreskuratzeko irtenbideak bilatze aldera.
Hala ere, Udalak argi utzi nahi du bere betebehar nagusia Udaltzaingoaren zerbitzu publikoa modu eraginkorrean bermatzea dela. Hori dela eta, herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta haien beharrei erantzuteko beharrezkoak diren neurri operatibo, egiturazko eta antolakuntzazkoak bultzatzen jarraituko du.
Udal Gobernu Taldearen helburua eta konpromisoa herriaren interes orokorrarekin eta herritarren ongizatearekin bat datorren udaltzaingo-eredu komunitario, jasangarri eta eraginkor baten alde egitea da, “Antsoain, Zaintzen duen Herria” programaren barruan.
Zerbitzuari eusteko neurriak
Udalak gogorarazi du denbora daramala egoera hori konpontzeko lanean. Azken hilabeteotan, hainbat antolaketa eta eragiketa neurri sustatu ditu, Udaltzaingoaren gutxieneko estaldura bermatzeko eta langile faltaren eragina murrizteko.
Jarduera horien artean daude zerbitzuaren antolaketaren barne-azterketa, txandak betetzeko salbuespenezko neurriak hartzea, plantilla indartzeko formulak bilatzea, Foruzaingoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jartzea eta plantillarekin eta ordezkaritza sindikalarekin elkarrizketa mantentzea.
Halaber, zerbitzuaren egitura sendotzeko lan egin du Udalak, langile berriak eta zerbitzu-komisioak ezarriz, langile egonkorragoak eta estaldura-ahalmen handiagokoak izateko.