Ekainaren 1etik aurrera euskara ikasteko eskatu ahalko diren laguntzei esker
Antsoaindarrek euskara ikasteagatik “zero kostua” izatea da Antsoaingo Udalak aurtengo laguntzen deialdian markatu duen helburua. Euskarabidearen dirulaguntza osatuko du matrikula osoa % 100a bete arte, baldin eta eskatzaileak baldintzak betetzen baditu; Nafarroako Eremu Mistoan hori egiten duen lehen udalerria da.
Ekainaren 1etik uztailaren 21era zabalik egonen da 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera bitartean euskara ikasteagatik dirulaguntzak eskatzeko epea. Deialdi horren berritasun nagusia da ikasleek egindako ikastaroen matrikulan inbertitutako diru guztia ordaintzeko asmoa planteatzen dela, hau da, euskara ikasteko kostua zero izatea. Laguntza jasotzeko eskubidea aurrez aurreko euskara-eskoletara joaten diren pertsonek izanenen dute, bai urteroko eskola estentsiboetan ikasten dutenek, baita barnetegi edo akademietara joaten direnek ere.
Laguntzaren % 100a lortzeko, beharrezkoa izanen da ikastaroko eskolen % 80ra baino gehiagora joatea, Euskarabideari ikasturte berean dirulaguntza eskatu izana eta eskaera Antsoaingo Udalean aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bidez aurkeztea. Pertsona bakoitzak gehienez 800 euro jaso ahal izanen ditu. Nafarroako Gobernuaren titulartasun publikoko zentroetara joateagatik Euskarabidearen deialdian parte hartu ezin dutenek matrikularen zenbatekoaren %40a jasotzeko eskaera udaletxean aurkez dezakete.
NASTATen azken inkestaren arabera (2024ko maiatza), euskararen ezagutzari dagokionez, Antsoainek Iruñerriko ehunekorik handienetako bat dauka (biztanleriaren %35,7). Izan ere, %19,7a euskaldun osoa da eta %16a euskaldun hartzailea, Nafarroako batez bestekoa baino hamar puntu handiagoa (%26,7). Zubiarte euskaltegi publikoak herrian A1 eta B2 mailak ikasteko aukera eskainiko du.
Marta Diez Napal herriko alkateak adierazi duenez, “Nafarroan euskara ikastea doakoa izatearen ideia ez da berria, baina garrantzitsua da ideia hori errealitate bihurtzeko pausoak ematea. Antsoaingo Udalak ahalegin bat egin nahi du zentzu horretan eta, kostu ekonomikoari dagokionez, gure hizkuntzaren ezagutza oztopo bat ez izatea lortu nahi du”.
Era berean, Javier Arakama Urtiaga, Euskarabideko zuzendaria, Nafarroako Gobernuko euskararen arloko erakunde gorena, ekimenaren alde agertu da eta hurrengoa adierazi du: “Euskarabidean herritarrek euskara ikasteko aukera ahalik eta gehien errazteko helburua dugu. Zentzu horretan, matrikulen kostua murriztea sustapen garrantzitsua da, eta Antsoaingo Udalaren proposamena, Gobernuaren laguntzen eskaintza herritarrentzako kosturik gabe osatzen duena, albiste bikaina da”.
Euskara ikasteko laguntzak